Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru zuzendari berri izendatu ditu lurraldearen garapenerako funtsezkoak diren arloetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru zuzendari berri izendatu ditu lurraldearen garapenerako funtsezkoak diren arloetan

Fernando Prieto, Mugikortasuneko zuzendari berria; Libe Otegui, Turismoko zuzendaria; eta Ernesto Martínez de Cabredo, Obra Hidraulikoetako zuzendaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko karguak bere gain hartu dituzte.

Nuevos directores

José Ignacio Asensio: “Gipuzkoa jasangarriago eta konektatuago baterako bidea hasita dago, eta Fernando Prieto, Libe Otegui eta Ernesto Martínez de Cabredo dagozkien karguetan sartzea urrats garrantzitsua da mugikortasunean, turismoan eta obra hidraulikoetan proiektu estrategikoak bultzatzeko. Beren esperientzia eta dedikazioarekin, gure ekimenak indartzen lagunduko dute, gure herritarren beharrei erantzungo dien Gipuzkoa lortzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du hiru zuzendari berri izendatuko direla lurraldearen garapenerako funtsezkoak diren arloetan. Honako hauek dira: Fernando Prieto, Mugikortasuneko zuzendaria; Libe Otegui, Turismoko zuzendaria; eta Ernesto Martínez de Cabredo, Obra Hidraulikoetako zuzendaria. Izendapen horiek indartu egiten dute Aldundiak bere azpiegiturak modernizatzeko eta turismo jasangarria bultzatzeko duen konpromisoa.

José Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak Gipuzkoako Foru Aldundian egindako izendapen berrien garrantzia nabarmendu du: “Gipuzkoa jasangarriago eta konektatuago baterako bidea hasita dago, eta Fernando Prieto, Libe Otegui eta Ernesto Martínez de Cabredo beren karguetan sartzea urrats garrantzitsua da mugikortasunean, turismoan eta obra hidraulikoetan proiektu estrategikoak bultzatzeko. Beren esperientzia eta dedikazioarekin, gure ekimenak indartzen lagunduko dute, gure herritarren beharrei erantzungo dien Gipuzkoa lortzeko”.

Fernando Prieto, Mugikortasuneko zuzendaria

Fernando Prietok (Logroño, 1976), Zarautzen bizi denak, ibilbide luzea du eraikuntzaren eta herri-lanen kudeaketaren sektorean. Orain arte, Prieto Obra Hidraulikoen zuzendari izan da Gipuzkoako Foru Aldundian, eta, hemendik aurrera, Mugikortasuneko Zuzendaritza bere gain hartuko du. Nafarroako Unibertsitateko Eraikuntzako eta Obren Ekonomiako aparejadorea da, eta 24 urtetik gorako esperientzia du Construcciones Amenabar eta Construcciones Farco enpresetan, non obra-buru izan baitzen. Bere ibilbidean zehar, uraren kudeaketari eta tokiko politika publikoei lotutako hainbat organo eta erakundetan parte hartu du.

Libe Otegui, Turismoko zuzendaria

Libe Oteguik (Tolosa, 1981), hiru seme-alabaren amak, bere gain hartzen du Turismoko Zuzendaritza, turismo-proiektuen komunikazioaren eta kudeaketaren arloan ibilbide nabarmena egin ondoren. Informazio Zientzietan lizentziaduna da Madrilgo CEU San Pablo Unibertsitatean. Otegui Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuan eta Donostia Turismoan komunikazio-arduradun gisa aritu da. Gainera, esperientzia du Kualitate Lantaldean proiektuen zuzendari gisa eta kanpoko laguntzaile gisa Kultura, Lankidetza, Turismo eta Kirol Departamentuan. Sektorea sakon ezagutzen duenez eta hainbat hizkuntza (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa) menderatzen dituenez, turismoa ikuspegi jasangarriarekin bultzatuko du lurraldean.

Ernesto Martínez de Cabredo, Obra Hidraulikoetako zuzendaria

Ernesto Martínez de Cabredo (Azkoitia, 1961), orain arte ETS - Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusi izan dena, Obra Hidraulikoetako zuzendari izendatu dute. Kantabriako Unibertsitateko bide, ubide eta portuetako ingeniaria da, eta eskarmentu handia du sektore publikoan eta pribatuan. Martínez de Cabredo URA - Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Construcciones Amenabar enpresako zuzendari kudeatzailea izan da, besteak beste. Azpiegitura hidraulikoetan duen ibilbide sendoa funtsezkoa izango da Gipuzkoako uraren eta obra hidraulikoen kudeaketarekin lotutako erronkei aurre egiteko.

Izendapen berri horiek bultzada handia emango diote Gipuzkoaren garapen estrategikoari funtsezko arloetan, hala nola mugikortasunean, turismoan eta uraren kudeaketan, eta ziurtatzen dute lurraldeak aurrera egiten jarraituko duela etorkizun jasangarriago eta konektatuago baterantz.

  

1828