Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak irabazi asmorik gabeko gizarte erakundeentzako dirulaguntzen 2025eko deialdia ireki du, lurraldeko gizarte zerbitzuen arloan

Gipuzkoako Foru Aldundiak irabazi asmorik gabeko gizarte erakundeentzako dirulaguntzen 2025eko deialdia ireki du, lurraldeko gizarte zerbitzuen arloan

1.669.384 eurokoa izango da dirulaguntza eta helburua da esku-hartze, prebentzio, berrikuntza eta eraldaketa digitaleko programak sustatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025. urteari dagokion deialdia ireki du, lurraldean gizarte-zerbitzuen arloan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei dirulaguntzak emateko. Laguntza horiek, Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailak ematen ditu, 1.669.384,00 euroko aurrekontua dute guztira, eta gizarte-erakundeek esku-hartze, prebentzio, berrikuntza eta modernizazioko hainbat arlotan egiten duten lana babestea dute helburu.

Deialdiak lau laguntza-lerro aurreikusten ditu. Lehenengoa pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku-hartze sozialeko programak egiteko dirulaguntzak emateko da. Bigarren ildoa egoera eta arazo sozial jakin batzuen aurrean sentsibilizatzeko eta prebenitzeko programetara bideratuta dago. Hirugarren ildoa ikerketa eta berrikuntza proiektuetara bideratuta dago, sortzen ari diren gizarte-premiak eta gizarte-arretako modu berrietara. Azkenik, laugarren ildoak gizarte-erakundeen eraldaketa digitala eta modernizazio teknologikoa babestea du helburu.

Erakunde interesdunek telematikoki aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta dokumentazio osagarria, nahitaez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan dagoen dirulaguntzen atariaren bidez: https://egoitza.gipuzkoa.eus. Eskabideak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 30ean amaituko da.

Gizarte erakundeekiko konpromisoa

Maite Peñak, Gipuzkoako Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, lurraldean gizarte entitateek egiten duten funtsezko lana azpimarratu du: "irabazi asmorik gabeko gizarte entitateek funtsezko papera betetzen dute gizarte justuago eta kohesionatuago baten eraikuntzan. Eguneroko lana, konpromisoan, hurbiltasunean eta lankidetzan oinarritua, funtsezkoa da pertsona guztiek, bereziki ahulenek, behar duten babesa eta zaintza jasoko dutela bermatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak biziki baloratzen du hauen lana, eta elkarlaneko gobernantza indartzearen alde egiten jarraitzen du, herritar guztientzako ongizate-eredu integral baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duten baterako proiektuak bultzatuz. Dirulaguntza horiek konpromiso horren parte dira, eta erakundeei laguntzen diete gizarte-zerbitzuen esparruan funtsezko lana egiten jarrai dezaten ".

321 programa eta y 1.422.660 euro 2024an

2024ko dirulaguntzen deialdian 258 elkartek 321 programetarako eskabideak aurkeztu zituzten, aipatutako lau arloetara bideratuta.

Esku-hartze sozialaren esparruan, pertsonei, familiei, taldeei eta komunitateei zuzenduta, departamentuak 960.645,37 euro ordaindu zituen 182 programa finantzatzeko. Sentsibilizazioari eta prebentzioari dagokienez, gizarte-arazoei buruz kontzientziatzea sortzeko 243.936 euro bideratu zituen departamentuak, 100 programa finantzatzeko. Ikerketa eta berrikuntza-ildoan, sortzen ari diren gizarte-premietan eta arreta-modu berrietan oinarrituta, departamentuak 60.000 euro onartu zituen 13 programa finantzatzeko. Azkenik, eraldaketa digitaleko eta modernizazio teknologikoko lerroan, departamentuak 158.079 euro ordaindu zituen arlo horretako 56 programatarako.

Guztira, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.422.660 euro bideratu zituen dirulaguntza horietara iaz, komunitatearentzat garrantzitsuak diren arlo horietan lan egiten duten gizarte-erakundeen proiektuak babestuz.

  

4464