Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzak onartu ditu kultura-proiektuetarako

Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzak onartu ditu kultura-proiektuetarako

Helburua da sostengarritasuna ematea sortzaileei eta kultura-ekimenei, baliabideak emanez; hartara, aukera izan dezaten beren jarduerari berrekiteko, egungo egoera gainditzen denean. Eskaerak aurkezteko epea berehala irekiko da, osasun larrialdia amaitzen denean.

2020/04/07

Harkaitz Millán: “Departamentuak lanean ditu bere zerbitzuak, neurriak hartzen laguntzak indartzeko, likidezia hobetzeko, eta kultura-kontsumoa sustatzeko”. “Eragotzi beharra dago kulturan erabateko geldialdi bat egotea”. “Kultura da funtsezko ondasun bat, eta babestu egin behar dugu, bera delako herritar libre gisa dugun gaitasun kritikoaren bermerik onena”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak 896.667 euro xedatuko ditu kultura-proiektuak finantzatzera. Deialdiak sei laguntza-lerro hartzen ditu, gaur Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu direnak. Hauek dira: Susperka, Olatuak, Mundura, Gipuzkoako museoak, dokumentu ondarea zaharberritzea, eta indusketa arkeologikoak. Aipatutakoez gain, izapidetzen ari dira beste hiru lerro hauek: Tokiko, Oreka, eta, ondarea mantendu eta zaharberritzeko direnak.  Onartutako laguntza eta dirulaguntzetarako eskaerak aurkezteko epeak berehala irekiko dira, osasun larrialdia amaitzen denean. Oinarriak kontsultagai daude Gipuzkoa Kulturaren web orriaren bitartez, eta bide telematikoz izapidetu ahal izango dira. Interesdunek aholkua eska dezakete K-Bulegoaren bidez.

Kulturako diputatu Harkaitz Millanek azpimarratu duenez, laguntzak COVID-19aren osasun larrialdi betean onartzearen arrazoia da Kultura Departamentua ahaleginak egiten ari dela ahalik eta azkarrena irits daitezen laguntzak eta likidezia kultura-sektorera, aparteko larritasunez jasaten ari baita krisialdi hau, bertan behera gelditzeagatik kultura-ekitaldiak, konfinamendu neurriak direla kausa. Egoera horri erantzuteko, Kultura Departamentuak lanean ditu bere zerbitzu guztiak, xedetzat hartuta “neurriak hartzea laguntzak indartzeko, likidezia hobetzeko, eta kultura-kontsumoa sustatzeko”. Lortu nahi dena da sostengarritasuna ematea sortzaileei eta kultura-ekimenei, baliabideak emanez; hartara, aukera izan dezaten beren jarduerari berrekiteko, egungo egoera gainditzen denean. Millánek adierazi duenez, “kultura da funtsezko ondasun bat gizartearentzat, eta babestu egin behar dugu, pentsamendu kritikoa bermatzen duelako; azken batean, herritar gisa dugun askatasuna”. Foru arduradunak nabarmendu duenez, “kulturak erreskatatzen gaitu isolamendutik” eta “kulturak lagunduko digu COVID-19aren kolpea gainditzen”.

Kultura Departamentuaren laguntza- eta dirulaguntza-lerroek helburu hauek dituzte: laguntza-sistemarako eta horren programetarako sarbidea erraztea, bereziki gazteei, sortzaile berriei, entitate txikiei eta proiektu sortu berriei; kultura-proiektuak eta ekimenak nazioartekotzea; eta Gipuzkoarentzat aparteko garrantzia duten kultura-programak eta ekimenak egonkortzea. Helburu horiek hainbat lerroren bidez zehazten dira, eta berariazko arreta eskaintzen diete hainbat sektore eta diziplinari.

Zehazki, hauek dira onartutako lerroak:

 

  • Susperka: helburutzat hartuta proiektu eta jarduera berritzaileak, edukiari nahiz kudeaketari dagokienez: hainbat kontzeptu, hala nola sareko lana, bitartekaritza artistikoa, ikerketa, eta harreman nahiz lankidetza bide berriak, desberdinen artekoak nahiz publiko guztiekikoak. Diru kopurua: 172.667 euro.

 

  • Olatuak: helburutzat hartuta bokazio eraldatzaileko proiektu berritzaileak, eta horrela, topagune bat sortzea kulturaren eta gizarte duinago baten artean, zeina oinarritzen baita bakezko elkarbizitzan, jasangarritsun ekologikoan, pertsonen arteko berdintasunean, elkartasunean, partaidetzan, eta gizarte integrazioan.  Diru kopurua: 120.500 euro.

 

  • Mundura: helburutzat hartuta beren proiektu artistikoak nazioarteko eremura eraman nahi dituzten Gipuzkoako pertsona fisikoak eta irabazi-asmorik gabeko entitateak. Diru kopurua: 90.000 euro.

 

  • Gipuzkoako museoak: hartzaileak izanik Gipuzkoako museoak, eta helburutzat hartuta dinamizazio, kudeaketa eta egokitzapen ekintzak.  Orobat, hartzaile izan daitezke erakusketa iraunkorrak eta ondare intereseko multzoak. Diru kopurua: 264.500 euro.

 

  • Dokumentu ondarea: historia, zientzia eta kultura arloetan duten interesagatik Gipuzkoako dokumentu ondarea osatzen duten dokumentuak zaharberritzea. Gutxienez 50 urteko antzinatasuna duten dokumentuetarako, zeintzuk ekoitzi edo jaso baititu bere jarduera Gipuzkoan izan duen edozein entitatek edo pertsonak, baldin eta dokumentazio hori lurralde historikoan badago. Diru kopurua: 36.000 €

 

  • Indusketa arkeologikoak: interes arkeologikoa edo ustezko interes arkeologikoa duten eremuetan egindako esku-hartze arkeologikoak, haien kontserbazioari eragin diezaioketen ekimen pribatuko obrak direla medio.  Diru kopurua: 213.000 euro

 

 

  

1378