Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak N-Iean pantaila akustikoak jartzeko lanak hasiko ditu Tolosan

Gipuzkoako Foru Aldundiak N-Iean pantaila akustikoak jartzeko lanak hasiko ditu Tolosan

Pantailak Gasteizko noranzkoan jarriko dira N-I errepidean, Herrikide ikastetxearen parean hasi, aurrez jarrita dauden pantailei jarraipena emanez eta Lizartzara doan GI-2135 lotuneko estrukturan bukatuz.

2022/10/21
Olatz Peon eta Aintzane Oiarbide.

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren astean hasiko ditu Tolosan, N-I errepidean, pantaila akustikoak jartzeko lanak; babesak Gasteizko noranzkoan jarriko dira, Herrikide ikastetxearen parean hasi, aurrez jarrita dauden pantailei jarraipena emanez, eta Lizartzara doan GI-2135 lotuneko estrukturan bukatuz. Era berean, ukitutako tarte osoan dagoen euste sistema ordezkatuko da, indarrean dagoen araudira egokitzeko.

          Zarataren aurkako babesak kokatuko diren lekuan bisitan izan da Bide Azpiegituretako diputatua, Aintzane Oiarbide, Olatz Peon alkatearekin lagunduta. Bertan, Oiarbidek azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Mapa Estrategikoak eta Ekintza Planak idatzi dituela azken urteotan, eta 2020ko urtarrilaren 28an behin betiko onartu zela ekintza plana. “Ekintza plan horretan jasotzen da N-I errepideko 434,290 eta 435,002 kilometro puntuen artean pantaila akustikoak ezartzea. 1.581.899,20 euroko aurrekontua eta zazpi hilabeteko exekuzio epea du obrak. Datorren urteko apirilean bukatuta egotea aurreikusten dugu”, zehaztu du. “N-I errepideak trafiko handia du, eta eguneko batez besteko intentsitatea 47 mila ibilgailutik gorakoa da. Gainera, hainbat herriren ondotik doan bide bat da eta kutsadura akustikoa eragiten du ", adierazi du diputatuak. "Azterketa horretan, gipuzkoarrek, baimendutakoak baino zarata maila handiagoak jasaten dituzten eremuak identifikatu ditugu. Inguru hau da horietako bat, eta horregatik, neurri zuzentzaileen ondoren Tolosak bere egoera akustikoa hobetuko du ', azpimarratu du Oiarbide.

          Egun gutxi barru hasiko den jarduera horri 2020ko bigarren seihilekoan egindakoa gehitu behar zaio; orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak 585 metroko tartean pantaila akustikoak ezarri baitzituen Tolosako hirigunearen aurrean. Bi urte pasatxoan kilometro eta erdi pantaila baino gehiago jarriko dira Tolosako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko, Oiarbidek azpimarratu duenez.

          Olatz Peon alkateak Foru Aldundiak Tolosan egindako inbertsioa eskertu du “berri ona udalerriarentzat, herritarren egunerokoa hobetuko duen inbertsio garrantzitsua egingo baita”. Ekimena Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren arteko lankidetzatik dator, bi erakundeek herritarren ongizatea hobetzeko duten konpromisoa berretsiz. Urteetan herritarrek eskatu ondoren, 2020an jarritako pantailek herriko erdigunean kutsadura akustikoa murrizten lagundu dute, eta, oraingoan, N-I errepidean jarriko diren pantailek Bidebietako, Igaronko kaleko eta Izaskun auzoko bizilagunen bizi-kalitatea eta atsedena hobetuko dute.

          Tarte gehienean 4 metroko metalezko pantaila akustiko fonoxurgatzaileak jarriko dira. Lurraren kotak 2 metroko altuera duen puntuetan, pantailak 2 metrokoak izango dira, guztira 4 metroko apantailamendua lortuko delarik. GI-2135 lotunean dagoen estrukturan ere 2 metroko pantailak jarriko dira.

          Euste sistema osoa berrituko da, trafikoaren araberako euste sistema homologatua ezarriz.

          Obrak ez du trafikoan eragin nabarmenik izango.  Bazterbidea okupatuz egingo da, errailak estutuko dira baina 2 errail mantenduko dira zirkulazioarentzat. Errail bakarra uztea eskatzen duten lanak gauez edota asteburutan egingo dira (trafikoa baxuagoa denean).

          “Zarataren aurkako 2025 urte bitarteko akzio planak 20 milioi inguruko inbertsioa aurreikusten du Gipuzkoako hainbat udalerritan. Zarataren aurkako plana, urtean 3 milioi ibilgailu baino gehiago jasaten duten foru sareko errepideak kontuan hartuta egin dugu eta mapa horretan daude, besteak beste, Tolosa, Zarautz edo Errenteria parean pasatzen diren N-I eta AP-8 errepideak”, amaitu du foru diputatuak.

  

3439