Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Instant1ean gazteei zuzendutako argazki eta bideo lehiaketa martxan

Instant1ean gazteei zuzendutako argazki eta bideo lehiaketa martxan

Instantian lehiaketa martxoaren 1ean hasi eta maiatzaren 7an amaituko da eta Instagrameko @gipuzkoangazte kontuan ikusi ahal izango dira argazki eta bideo guztiak.

PROGRAMA

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritza eta Gipuzkoako Udaletako gaztelekuetako hezitzaileak gaztetxoekin lanean ari dira Kultura digitalaren gaia jorratzen. Oinarri pedagogikoa duen egitasmoa da eta, hezkuntza ez formalaren arloan, informazioko eta komunikazioko teknologietan nerabeek dituzten zalantza, eskubide, betebehar eta jokabide egokiak jorratzea du xede.

Beste ekimen batzuekin alderatuta, sarearen alderdi negatiboetan baino, jokabide egokietan eta lanketa sortzailean jartzen ditu indarrak. Hala, Gipuzkoako gaztelekuen sarearekin koordinatuta, 12-17 urteko gazteak lan-fitxa, tailer eta dinamika desberdinak lantzen ari dira, beraien artean eztabaida sustatu eta iritzi kritikoa garatzeko asmoz.

Gainera, www.gipuzkoangazte.eus/instant1ean webgunean, profesional eta gurasoentzako intereseko materialak daude eskuragarri: sareko portaera egokiak, sare soziali buruzko tutorialak, gaiari buruzko bideo eta lotura interesgarriak

LEHIAKETA

Programa honek Instagrameko lehiaketa bat ere badu, landutakoa praktikan jartzen laguntzeko; bertan gazteei animatzen zaie beren errealitateko une esanguratsu bat Instagramen islatzera: gustuko kirola, musika, argazkilaritza, laguntasuna, maitasuna… haien bizitzako istant bat sarean erakustera, alegia. Iaz egin zen lehen aldiz lehiaketa, 750 argazki baino gehiago igo zituzten nerabeek, zein baino zein sortzaileagoa. Argazki bakar batek ere ez zuen erabilera desegokirik izan, ez zen eduki iraingarririk jaso.

Aurten ere, helburua da nerabeen identitate digitalaren erabilera egokia saritzea. Hori dela-eta, lehiaketaren kategoriak zabaldu dira eta sariak handitu. Argazkiez gain, gazteek bideoak ere igo ahal izango dituzte. Irudi onenak aukeratzeko irizpideak izango dira  sarean izandako erabilera egokia eta sormena. Gainera, gazteleku onenaren saria ere izango da; taldeko argazkia. Lehiaketa martxoaren 1ean hasi eta maiatzaren 7an amaituko da eta Instagrameko @gipuzkoangazte kontuan ikusi ahal izango dira argazki eta bideo guztiak.

Info gehiago: www.gipuzkoangazte.eus/instant1ean
  

1351