Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Ganberarekin garatutako nazioartekotze programa eta ekimenen emaitzak aurkeztu ditu Gipuzkoak

Gipuzkoako Ganberarekin garatutako nazioartekotze programa eta ekimenen emaitzak aurkeztu ditu Gipuzkoak

Azken urtean garatutako ekintzek indartu egin dute enpresek merkatuak dibertsifikatzeko eta arrisku globalei aurrea hartzeko duten gaitasuna. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Ganbera hitzarmen berria prestatzen ari dira; laster sinatuko da, eta nazioartekotzeari bultzada ematen jarraitzea izango du helburu.

Ezegonkortasun geopolitikoa eta merkataritzarako oztopoen gorakada nagusi diren nazioarteko testuinguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Ganberarekin elkarlanean garatutako hitzarmenari esker lortutako emaitzak aurkezten ditu; hitzarmena 2025eko ekainaren amaieran bukatu zen. Epe horretan, Gipuzkoako enpresek jarduera-programa bat jarraitu dute, beren produktu eta zerbitzuen nazioarteko garapen komertziala indartzeko diseinatua. Horri esker, emaitza zehatzak lortu dira, eta horiek enpresa-sarearen gaitasuna sendotu dute arriskuei aurrea hartzeko, merkatuak dibertsifikatzeko eta ziurgabetasun globalari arrakastaz aurre egiteko.

Aldi berean, bi erakundeak lankidetza-hitzarmen berriaren edukiak amaitzen ari dira, hurrengo akordioaren ildo nagusiak zehaztuz. Akordio horrek jarraipena emango dio Gipuzkoako enpresei nazioartekotzearen eta merkatuak dibertsifikatzearen arloan ematen zaien laguntza estrategikoari.

Testuinguru horren aurrean, Ekonomia Sustapeneko Departamentuak ikuspegi proaktiboaren aldeko apustua egin du, lehentasunezko hiru ildo estrategikorekin: enplegua babestea, ETEak indartzea eta merkatu berrietara irekitzen laguntzea. “Etapa honetan jokoaren arauak maiz aldatzen dira, eta ezin gara ikusle soil izan. Orain arte lortutako emaitzak oso onak izan dira, eta Gipuzkoak beste behin ere erakutsi du badakiela aurrea hartzen eta sarean lan egiten. Gainera, lankidetza-hitzarmen berriaren azken xehetasunak ixten ari gara, gure enpresen nazioartekotzea eta dibertsifikazioa bultzatzen jarraitzeko helburuarekin. Munduari irekita dagoen ekonomia baten aldeko apustua egiten dugu, baina baita indartsua, prestatua eta lagundua ere”, adierazi du Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.

Argibide eta Mexiko: bidea irekitzeko gakoak

Enpresek gehien erabili duten tresnetako bat Argibide zerbitzua izan da, kanpo merkataritzarekin lotutako zalantzak argitzeko leihatila bakarra. Abian jarri zenetik, 278 kontsultari erantzun die, eta horrek erakusten du Gipuzkoako enpresa sareak gero eta interes handiagoa duela merkatu berrietara sartzeko. Kezka nagusiak merkataritza oztopoekin, atzerrian zerbitzuak ematearekin, EEBBetako muga-zerga berriekin, laguntza publikoak eskuratzearekin eta araudi teknikoa betetzearekin lotuta egon dira. Estatu Batuak, Txina, Alemania, Mexiko, Erresuma Batua eta Errusiari buruz egiten dira kontsulta gehienak.

Nazioarterako irekieraren ildo beretik, joan den ekainean enpresa eta erakunde misio bat egin zen Mexikora, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak batera antolatua. Lurraldeko hamalau enpresak parte hartu zuten ekimen horretan, eta guztira hogeita hamasei B2B bilera egin zituzten. Bertan sortutako aukerei jarraipena emateko asmoz, datorren irailaren 17an jarraipen-bilera bat egingo da Gipuzkoako Ganberaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta misioan parte hartu zuten enpresen artean, sortutako negozio-aukerak ebaluatu eta haiei jarraipena egiteko.

Enpresen presentzia globala indartzeko programak

Funtsezko tresna horiez gain, Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak zenbait programa garatu dituzte azken hilabeteetan, enpresen nazioarteko presentzia hainbat ikuspegitatik sendotzeko.

OTEB programa oinarri teknologikoko enpresa berriei zuzentzen zaie, eta bost startupi lagundu die kanpo estrategia definitzen. Ekimen hori funtsezkoa izan da lehen etapetatik enpresa proiektu berri horien bokazio globala indartzeko.

Aldi berean, LagundEX programa nazioarteko merkatuetan esperientzia duten konpainien hobekuntza operatiboan zentratu da. Bosgarren edizioan, hamasei enpresak jaso dituzte auditoriak eta aholkularitza tekniko espezializatua, eta horrek kanpo merkataritzarekin lotutako administrazio prozedurak optimizatzea ahalbidetu du.

Europatik kanpoko salmentak dibertsifikatzeko, Gipuzkoa Zabaltzen programa garatu da. Programa horrek laguntza pertsonalizatua eman die industria, elikadura, ehungintza edo zerbitzuetako hamabost ETEri. Ekintzek barne hartu dituzte AMIA analisiak, sarrera kanalak identifikatzea eta kasu bakoitzera egokitutako ekintza planak egitea.

Jarduera horiek guztiek erantzuten diote lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako garapen ekonomikoaren ikuspegi partekatuari eta nazioartekotzea aukera ez ezik behar estrategikoa ere badenaren usteari. Gipuzkoaren apustua da eredu ekonomiko lehiakor, jasangarri eta global bat izatea, munduko ordena berriaren erronkei aurre egiteko prest egongo dena, nortasuna eta industria indarra galdu gabe.

  

2619