Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako garapen jasangarriak ekonomia zirkularraren eta itun berdearen alde egitea eskatzen du

Gipuzkoako garapen jasangarriak ekonomia zirkularraren eta itun berdearen alde egitea eskatzen du

Asensio: “Gipuzkoaren helburua da birziklatzearen sektorea bikoiztea, eta, 2030. urterako, 10.000 enpleguraino iristea".

2020/01/30

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko II. Topaketa egiten ari da, laguntzaile hauek dituela: EuRIC, Birziklatzearen Industrien Europako Konfederazioa; FER, Berrreskuratzearen eta Birziklatzearen Espainiako Federazioa; eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola. Gaur goizeko saioan, agerian jarri da zenbaterainoko garrantzia duen ekonomia zirkularrak ekonomia berde bat bultzatzeko eta enplegua sortzeko, eta esperientziak trukatu dira nazioarteko ingurumen politiketan erreferente diren beste erregio, fundazio eta erakunde aditu batzuekin.

 

Topaketak estatuko nahiz nazioarteko 200 bat profesional bildu ditu, eta egitarauaren ardatza izan da ezagutzea ekonomia zirkularrarekin zerikusia duten esperientzia eta proiektu nagusiak, enpresa eta gizarte arloen ingurukoak. Gaurko jardunaldian, entzungai izan dira honelako goi mailako adituen hitzaldiak: Jesús Alquézar, Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko analista sozioekonomikoa; Cinzia Vezzosi, Birziklatzearen Industrien Europako Konfederazioko lehendakaria (EuRIC); Emmanuelle Ladoux, Frantziako Ekonomia Zirkularrerako Institutu Nazionaleko zuzendaria (INEC); eta James Close, Londresko Hondakinen eta Birziklatzearen Batzordeko Ekonomia Zirkularreko programaren arduraduna. Arratsaldean, zenbait lantegi egin dira –workshop saioak– Adela Conchado ekonomia zirkularreko adituaren eskutik. Saio horietan, parte hartzaileek gaiari buruzko ezagutzak eta esperientziak trukatu dituzte.

 

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eman dio hasiera biltzarrari. Bere hitzaldian esan duenez, “Gipuzkoako garapen jasangarriak ekonomia zirkularraren eta itun berdearen alde egitea eskatzen du”. Halaber, Asensiok nabarmendu du Gipuzkoak indargune handi bat duela birziklatzearen alorrean: “bere enpresa-ekosistema sendo eta hazkunde esponentzial handikoa, gure lurraldea bihurtzen duena ingurune erakargarri eta aukeraz betea birziklatzearen eta berrerabiltzearen sektorerako”. Orobat adierazi duenez, “Gipuzkoaren helburua da birziklatzearen sektorea bikoiztea, eta, 2030. urterako, 10.000 enpleguraino iristea. Ekonomia zirkularra giltzarria izango da Gipuzkoa ekonomia berde berrian erreferente gisa kokatzeko”.

 

Jardunaldian zehar, bertaratu direnek lehen eskutik ezagutu ahal izan dituzte, alde batetik, zenbait hiritako –Londres, adibidez– ekonomia zirkularreko nazioarteko adituen inpresioak, esperientziak eta ezagutzak; bestetik, klimaren aldeko ekintzaileen esperientziak eta proiektuak, protagonista eztabaidaezinak baitira klimari buruzko azken gailurretan; eta azkenik, Frantziako Ekonomia Zirkularrerako Institutua bere herrialdean egiten ari den lana.

 

Jesús Alquézar Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko analista sozioekonomikoak Ekonomia Zirkularraren Ekintza Planaren bitartez lortutako emaitzen inguruan eta plastikoen erabilpenari buruz jardun da. Ondoren, Aquezar Itun Berdearen ekintza plan berriari buruz aritu da; plangintza honen helburua da Europa karbono neutroko lehendabiziko kontinente bilakatzea. Aldi berean, bere ekintza planari buruz hitz egin du bidezko trantsizio ekologikoa posible egiteko neurriak jasotzen dituena, irteenbide jasangarrien, teknologia ekologikoen ezarpenaren eta enpresa berrien sorkuntzaren alde eginez. Birziklatzearen Industrien Europako Konfederazioko lehendakari Cinzia Vezzosik (EuRIC) ezagutzera eman ditu EuRIC-ek egiten duen lana ekonomia zirkularraren garapenerako eta plastikoaren industrian ematen ari diren aurrerapausoak. Emmanuelle Ladoux, (INEC) Frantziako Ekonomia Zirkularrerako Institutu Nazionaleko zuzendariak jakinarazi du zer egoeratan dagoen Frantzia arlo horretan. Bestalde, Londresko Hondakinen eta Birziklatzearen Batzordeko Ekonomia Zirkularreko programaren arduradun James Closek azaldu du zein urrats egin dituen Londres hiriak eta zein den hirien zeregina ekonomia zirkularrean aurrera egiten laguntzeko programak sustatu eta ezartzeko garaian.

 

Topaketak elkartu ditu enpresa mundua, ezagutza sozialarena, eta instituzionala, aurrera egitearren lurralde jasangarriago bat sortzen duten praktiketarantz. Topaketa da ekintza bat, zeinak sendotu egiten baititu Gipuzkoak bere buruari ekonomia zirkularraren arloan jarritako helburuak, hala nola diren % 70eko birziklatze tasa bat lortzea 2030. urtean, eta lurraldea Europan aitzindaria nahiz erreferentziala izatea ekonomia zirkularreko ereduetan.

 

Bihar, Topaketaren bigarren jardunaldian, ordezkaritza batek, estatuko nahiz nazioarteko zenbait organismotako kidez osatuak, bisita egingo die Gipuzkoako birziklatzearen sektoreko enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateei –hain zuzen ere, GK Recycling berrerabiltzearen eta birziklatzearen Gipuzkoako klusterra osatzen dutenei–, non lehen eskutik ezagutu ahal izango baitituzte lurraldean garatzen ari diren aurrerapenak eta proiektuak, eta lankidetza-loturak ezarri ahal izango baitituzte etorkizuneko proiektuetarako. Zehazki, bisitatuko ditu Andoaingo Plastigaur eta Donostiako Ekogras enpresak, Ceit zentro teknologikoa, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola.

  

1819