Gipuzkoako herri ordezkariek soka-dantzaren bitartez irudikatu dituzte gipuzkoarrok elkarri lotzen gaituzten komunitate balioak
Gipuzkoako herri ordezkariek soka-dantzaren bitartez irudikatu dituzte gipuzkoarrok elkarri lotzen gaituzten komunitate balioak
Gipuzkoako herri ordezkariek soka-dantzaren bitartez irudikatu dituzte gipuzkoarrok elkarri lotzen gaituzten komunitate balioak
Gipuzkoa hitzaren idatzizko testigantza zaharrenaren milurtekoa ospatzeko ekitaldi nagusia egin dute gaur goizean Tolosan; diputatu nagusiak, BNetako presidenteak eta lurraldeko hainbat eta hainbat alkatek hartu dute parte soka-dantzan.

Lurralde gisa partekatzen ditugun balio nagusiak irudikatu eta aldarrikatu dituzte gaur goizean Tolosan lurraldeko herri ordezkari nagusiek, Gipuzkoa hitzaren idatzizko testigantza zaharrenaren milurtekoa gogoratzeko antolatutako erakunde ekitaldi nagusian. Gipuzkoako herri ordezkari nagusiak lotu dituen ohorezko soka-dantzak gorpuztu du ospakizuna eta ekitaldiaren buru zian dira diputatu nagusia, Eider Mendoza; Batzar Nagusietako presidentea, Xabier Ezeizabarrena; Tolosako alkatea, Andu Martinez de Rituerto; gainontzeko lurraldeko alkate eta herri ordezkarien partaidetzaz gain.
Gaur egungo Altzon kokatuko litzatekeen Olazabaleko Salbatore monasterioaren dohaintza eskuizkribu batean geratu zen jasota, 1025. urteari erreferentzia eginez, “Ipuscoa” hitza. Hori dela eta Tolosaldean bertan kokatu da ekitaldi hori, Tolosako Euskal Herria plazan, hain zuzen ere. Bertan, eguerdian puntu-puntuan, Tolosako dultzaineroek jotako Gipuzkoako ereserkiak ireki du ekitaldia. Ondoren, Gipuzkoako erakunde buruen soka-dantza egin dute, diputatu nagusiak ireki eta Tolosako alkateak itxiz.
Argia-Ikerfolk taldeko dantzariak lagun, Eider Mendoza diputatua nagusiak ireki du soka-dantza, eta Alpargata edo Esku-aldatzeko doinua dantzatu dute herri-ordezkarietako batzuk, guztien artean, Juan Antonio Urbeltzek esan bezala, “udal protokoloaren dantza adierazgarriena” gauzatuz, “berdintasunezko dantza inon halakorik badago”. Tolosako alkateak, Batzar Nagusietako presidenteak eta diputatu nagusiak egindako hitzen ondoren, berriz, Irradaka dantza eskaini dute emakumezko dantzariek, emakumeek gipuzkoar historian izandako –baina ikusezin bihurtutako– garrantzia azpimarratuz. Amaitzeko, Et Incarnatus orkestra eta abesbatzako kideen eskutik, Benito Lertxundiren Oi Lur eta Xabier Leteren Izarren hautsa interpretatu dituzte. Ekitaldia Agur jaunak abestuz itxi dute.
“Atzo bezala gaur, dantzak gogorarazten digu elkarri loturik gaudela; elkarrekin osatzen dugula komunitatea; gutako baten arazoak eta desafioak, guztionak direla; elkarrekin lan eta bizi nahi dugula. Eta elkarrekin ospatu nahi dugula gure izena eta izana”, adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Hori dela eta, mendez mende lurraldean “errotzen” eta “gainontzeko lurraldeekin elkar ekintzan garatzen” joan diren “komunitate balioak” aldarrikatu ditu Mendozak, hala nola, “euskara, elkartasuna eta herri erakunde propioak”. “Iragana kontuan izanda baina, batez ere, aurrera begira jarrita, gizarte kohesioan, lankidetzan eta berrikuntzan aitzindaria den lurralde gisa aurrera egin nahi dugulako, ezinbestekoa dugu partekatzen ditugun balio horietan sakontzea”, berretsi du.
Batzar Nagusietako presidenteak, Xabier Ezeizabarrenak, “berdinzaletasunak” sortzen duen “elkartasuna” azpimarratu du “beharrak estutzen gaituenean indartsu agertzen dena, erakundeak eta herria elkarrekin lanean” eta “elkartea bultzatzen”; bestetik, “euskarak Gipuzkoan aurrerakadarik handiena eginik, Euskadirentzat akuilu eta euskarri” izaten asmatu beharra azpimarratu du, “legearen bermearekin”; azkenik, “Gipuzkoaren herri ikuspegia eta Euskadiko parte izatea” eta “eskubide historikoak gaurkotzeko eskubidea” aldarrikatu du.
Tolosako alkateak, Andu Martinez de Rituertok, “txikitasunetik ere eragin daitekeela” azpimarratu du: “Gipuzkoak bere txikitasunean nazioartean ere eragiten du; Tolosaldeak, populazioari begiratuta gure lurraldeko eskualderik txikienak, Gipuzkoan ere badu eragina, Tolosak ere inguruko herri txikietatik edaten duen moduan”. Norabide horretan, gakoa “elkar eragitean eta osagarri izatean” dagoela nabarmendu du. Halaber, gogora ekarri du Tolosa Gipuzkoako hiriburu izan zela, 1844-1854 artean: “tolosar askoren sentimenduetan errotua dago, eta hori bada komunitate sen hori bizitzeko modu bat”. Etorkizuneko erronkei begira, lau oinarri proposatu ditu: elkarlana, aniztasuna, elkarbizitza eta euskara.
Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025
Milurtekoaren oinarrian dagoen Erdi Aroko esku izkribuak jasotzen duenez, 1025. Ipuscuako jaun Gartzia Azenarizek eta haren emazte Gayla de Iputzak, Olazabaleko Salbatore monasterioa (egungo Altzon) eman zion dohaintzan San Juan de la Peñako zenobioari, bere babespean zeuden beste hainbat lurrekin batera. Hori dela eta, orain dela 1000 urteko Ipuscua eta gaur egungo Gipuzkoa hitzak uztartuz, Ipuskoa. Izanetik izenera 1025-2025 leloa goiburu hartuta, hainbat ekintza antolatzen dihardute Gipuzkoa erakundeak, elkarren osagarritasuna eta koordinazioa bultzatuz.
Urbeltzek berak esana da soka-dantza dela Gipuzkoan “udal protokoloaren dantza adierazgarriena, berdintasunezko dantza inon halakorik badago”. Hori dela eta, Gipuzkoa hitzaren milurtekoa ospatzeko erakunde ekitaldi nagusia euskal protokolo tradizional horretan oinarritu da gaur. Dakigunez, historian lehen aldiz egin da gipuzkoar autoritateen soka-dantzan parte hartzera gonbidatu dira alkate guztiak, diputatu nagusiarekin eta Batzar Nagusiekin batera, gipuzkoarron ordezkari diren neurrian.
Besteak beste, Aldundiko Kultura departamentuak sustatuta, urtarrilean inauguratu zen Donostiako San Telmo Museoan Ipuscua, 1000 urte erakusketa, azken mila urteetan Gipuzkoak izan duen bilakaera ezagutzera emateko. Altzoko Olazabalgo Salbatore elizan, berriz, 15 artista gipuzkoarrek milurtekoa dela eta sortutako lanak daude erakusgai, lurraldearen nortasun kulturalak mendeetan zehar izan duen bilakaera aztertuz.
Uztailaren 20an, berriz, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatzen den UIizar mendia, Urmuga jaialdiaren egitarauarekin bat egingo du milurtekoak. Han, Urmugarekin bat egiten duten mendizaleak hiru bideetan barna iritsiko dira Ulizarrera –Berastegitik, Orexatik eta Arribetik– eta arratsaldean, berriz, ‘Ypuçcoa 1.000 urte ikuskaria’ eskainiko dute Leitza eta Amasako koruek, Euskal Herriko eta Aragoiko dantza taldeekin batera. Ekitaldi eta musika emanaldi irekia izango da hau ere.
5235