Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako hirigintza plangintza, klik batean

Gipuzkoako hirigintza plangintza, klik batean

Gipuzkoako Foru Aldundia aitzindari da 2006tik onartutako hirigintza-plangintza biltzen duen web orria herritarren esku ipintzen.

Marisol Garmendia sozialistak zuzentzen duen Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak web orri bat sortu du. Bertan, interesatuta dagoen edonoren esku jartzen dira Gipuzkoako udalerrietako plangintza orokorra eta hirigintza-garapeneko plangintza.

 

http://www.gipuzkoa.eus/HirigintzaErregistroa  web orrian sartzea erraza da eta herriren bateko hirigintza-plangintza edo proiektu zehatz bati buruzkoa kontsultatzeko eta ezagutzeko interesa duen edonori zuzenduta dago; dena dela, hirigintzako profesionalek, arkitektoek eta abokatuek gehiago erabiliko dutela pentsatzen da.

 

“Gipuzkoak, berriro ere, gipuzkoarrei era azkar eta errazean, online, informazioa eskaintzen mugarria ezarri du. Izan ere, web orri hau berria da eta Internet bidez dokumentazioa kontsultatzea izugarri errazten du. Orain arte dokumentazio hori —askotan tamaina handikoa eta konplexua— artxiboetara bertaratuz kontsultatzen zen normalean. Hemendik aurrera, sortu dugun web orriak bilaketa eta hirigintzako dokumentuetan nabigatzea errazten ditu, eta herritarrentzat oso lagungarria da”, adierazi du Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru-diputatu Marisol Garmendiak.

 

Web orrian plangintzako mila hirigintza-dokumentu inguru eskaintzen dira. Lurzoruaren gainean egiten den edozein jarduketari begira, administrazioek eta herritarrek derrigorrez bete behar dituzten dokumentuak dira. “Adibidez, Ordiziako Oianguren parkea bezalako espazio natural batean, edo iazko urrian onartu zen Aramako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edo Donostiako Atotxa errekako partzela zehatz batean interesatuta dagoen pertsona bat zona horretako hirigintza-plangintzan sar daiteke, eta hura kontsultatzeko eta, nahi badu, deskargatzeko aukera izan dezake”, azpimarratu du Marisol Garmendiak.

 

Webaren diseinuari esker, erraz eta argi nabiga daiteke dokumentuetan barrena. Bertako edukietan sar daiteke online kontsultatzeko edo deskargatzeko, erraz eta doan. Bilaketa udalerriaren, artxibatutako urtearen arabera edo izenburuko edozein hitz hartuta egin daiteke. Artxiboak pdf edo djvu formatuan —planoen kasuan— ikus eta deskarga daitezke.

 

 

 

Web berrian bildutako dokumentu guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Hirigintza Plangintzako Artxiboan jasota daude. Guztira 16.000 dokumentu dira, eta zaharrena 1951koa da. Hau da, azken mende erdian Gipuzkoaren hirigintza eta lurralde-antolamendua zuzendu duten dokumentuak. Hirigintza Plangintzako Artxibo honetan edonork kontsulta dezake baina herritarrak Aldundira joan behar du horretarako.

2006. urtean, Aldundiak edo udalek onartutako hirigintza-plan berriak —udalek onartu ondoren, kopia bat Aldundira igortzen dute— digitalizatzen hasi ziren.  Horixe da web orrian erakutsiko den dokumentazioa. Ondorioz, artxibo horretara hurbiltzeko beharra murriztu egingo da.

 

 

Eskuragarri dauden dokumentuen zati bat aztertzeko lanean UPV/EHUko Arkitektura Eskolako Hirigintzako praktiketan aritutako ikasleek hartu zuten parte 2013. eta 2014. urteetan.

 

“Web orria abian jarri ondoren, lanak aurrera jarraitzen du”, aipatu du Marisol Garmendia diputatuak. “Onartuko diren dokumentu berriak gehitzen jarraituko dugu eta, era horretan, kontsultarako funtsak handituz joango gara.

 

Gardentasuna eta herritarrekin komunikazio irekia aplikatzen jarraitzen dugu, online zerbitzu berriak eskainiz”, esan du Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru-diputatuak. “Web orri hau oso tresna interesgarria izango da partikularrentzat eta profesionalentzat. Halaber, hirigintza-plangintzaren eta -garapenaren ikuspuntutik, udalekin batera Gipuzkoan egiten ari den lanaren adibide egokia da”.

  

3056