Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Gipuzkoako I+G+b sareak goi mailako bost talentu zientifiko bereganatu ditu Fellows-en eskutik

Foto Gipuzkoako I+G+b sareak goi mailako bost talentu zientifiko bereganatu ditu Fellows-en eskutik

Gipuzkoako I+G+b sareak goi mailako bost talentu zientifiko bereganatu ditu Fellows-en eskutik

Markel Olanok topaketa bat izan du Foru Aldundiak bultzatutako programa horretako ikertzaile berriekin.

Gipuzkoako I+G+b sareak goi mailako bost talentu zientifiko bereganatu ditu Fellows-en eskutik

Gipuzkoako I+G+b sareak goi mailako beste bost ikertzaile gehituko ditu aurten Foru Aldundiaren Fellows Gipuzkoa programaren eskutik, zeinaren deialdia oraindik orain ebatzi baita. Markel Olano diputatu nagusiak eta Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak harrera egin diete Fellows programako kide berriei eta horien zentroetako ordezkariei, lan topaketa batean, non lehen eskutik ezagutu ahal izan duten garatzera doazen proiektuen edukia. Olanok azpimarratu du garrantzi handikoa dela lurraldean talentuaren eta I+G+b-ren aldeko apustuari eustea. “Pandemiak agerian jarri du osasun arloan erronka horren premia, baina baita ezagutza aurreratua sortzeari eta transferitzeari dagokionez ere, eragina izan dezan gure enpresa-sarearen lehiakortasunean eta jarduera ekonomiko berrien nahiz kalitatezko enpleguaren sorreran. Giltzarria da ekonomia suspertzeko”, esan du.

Foru Aldundiak 465.695 euro bideratuko ditu aurten eta datorren urtean programa horretarako, zeinaren helburua baita Gipuzkoako ikerketa-taldeetan sartzea nazioarteko garrantzia duten ikerketa-taldeetan doktoretza osteko prestakuntza duen pertsonala, haien maila zientifikoa igoz. Programa bi jarduketak osatzen dute: bata, talentua erakartzea, lortu nahi duena ikertzaile horiek integratzea EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen Gipuzkoako zentroetan; eta bestea, talentua atxikitzea, lortu nahi duena zentro horiei laguntzea beren lantaldeetan hiru urtean eduki ditzaten. Ikertzailearen kontratazio gastuen % 100 finantzatzen da lehen urtean, gastuen % 80 bigarren kontratazio urtean, eta % 70, berriz, hirugarren urtean; horri esker, zentroek jarrai dezakete ikerketa-lanak aldi luzeago batez egiten.

Foru erakundeak programaren diru hornidurari eutsi dio, jarrai dezan aurreko deialdian programa horretaz baliatu ziren ikertzaileei laguntzen eta talentu berriak erakartzen. Hona hemen aurten sartuko diren ikertzaile berriak eta haien proiektuak –hauei bosgarren ikertzaile bat gehitu behar zaizkie, zeinaren esleipen administratiboa laster gauzatuko baiten-:

Pablo Aguado-Puente - Nanogune IKZ (ikerketa korporatiboko zentroa): Bere proiektuaren helburua da propietate estrukturalak eta elektronikoak ikertzea IV. eta VI. motetako erdieroaleetan. Hiru urtean osatuko da, hiru lan sortatan: materialen simulazioak lehen printzipioetatik abiatuta dimentsio biko bolumenetan, bigarren printzipioetako ereduen garapena; ferroelektrizitatea eta termoelektrizitatea bigarren printzipioetako kalkuluekin; eta interfaseak eta supersareak. Erdieroale horiek badituzte propietate batzuk eragina izan dezaketenak teknologia berrien garapenean, gailu elektroniko trebeagoak eta eraginkorragoak diseinatzeko. Gai izan litezke gailu elektronikoetan dauden energia-kontsumoaren eta bero kudeaketaren arazoei soluzioak bilatzeko.

Amaia Carrión – BCBL (ezagutzaren, garunaren eta hizkuntzaren ikerketarako euskal zentroa): Lortu nahi du sakon ulertzea geneen eta irakurmenaren arteko lotura; horretarako, prozesu automatizatuetan integratuz datu konduktualak, neuroirudikoak eta genetikoak, milaka pertsonaren datu baseetara eskalagarriak. Hiru urtean landuko da, lau azpiproiekturen bitartez: irakurketaren markatzaile neurobiologikoak identifikatzea; irakurketa-neurri konduktual eta kognitiboak modelatzea; irakurketaren neuroirudi genetikoak; eta hezkuntza arlora eramatea. Helburua du haur askok irakurtzen ikasteko dituzten zailtasunak arintzea, azpitaldeak definituz eta bakoitzarentzako hezkuntza-errefortzuko jarraibideak garatuz. Epe luzera, hainbat tresna gara litezke, haur bakoitzaren errealitate biologikoari egokitzearren irakurketaren hezkuntza eta ikaskuntza-prozesua, eta bilatzearren egon daitezkeen irakurketa-arazoen identifikazio goiztiarra eta arrisku talde horientzako esku-hartze goiztiarreko programen garapena.

Irune Villaluenga – Polymat: Bere proiektuak –Novel Hybrid Macromolecules for Battery Energy Storage– helburutzat dauka materialak garatzea bateria hibrido berrietan aplikatzeko (elektrolitoak eta elektrodoak). Lana hiru urtean garatuko da, lau atazatan: bateria hibridoen material berrien diseinu, sintesi eta karakterizazioa; nanoeskalako morfologiaren kontrola: garraioan eta propietate mekanikoetan duen eragina; bateria berriak mihiztatzea eta testatzea; eta modelizazioa haren funtzionamendua aurreikusteko eta haren diseinua optimizatzeko. 

Idoia Ochoa – Tecnun: Langai izango du datu multi-ohmikoak integratzea eta lagin hematologiko gaiztoei aplikatzea. Helburutzat dauka metodo berriak diseinatzea datu multi-ohmikoen fusiorako; horrela, ehun jakin baten edo ehun-multzo baten azpiespazio latentea ulertzeko. Aplikazio bat izango litzateke gaixotasun bati biomarkatzaile espezifikoak identifikatzea; adibidez, zelula tumoralen datuak eta immuneenak konparatuz. Tumore gaizto hematologikoen hiru talderi aplikatuko zaie. Proiektua hiru urtean egingo da, eta hiru helbururekin: metodologia bat garatzea ehun berarenak diren datu multzoak batera profilatzeko; metodoak hedatzea ehun desberdinenak diren datu multzoen kasura; eta metodo konposatuak balidatzea tumore hematologikoak dituzten pazienteen laginetan. 

Gainera, programari atxikita egongo dira hauek, beren ikerketa-lanarekin jarraituz: Beatriz Martín-García (Nanogune IKZ, bigarren urtea), Karin García (EHU, hirugarren urtea), Sonia Alonso (Biodonostia, bigarren urtea), Connie Ocando (BERC Polymat –oinarrizko ikerketarako bikaintasun zentroa–, bigarren urtea), Carlos Sánchez (Biomagune, hirugarren urtea), Iván Ramos (Biomagune IKZ, bigarren urtea), eta Óscar Ferreira (Biomagune IKZ, bigarren urtea). Langai dituzte proiektu hauek, besteak beste: landare biomasaren hondakinak balorizatzea, material polimeriko funtzional eta adimendun berriak garatuz; nanomaterial bioaktibo berriak sortzea; aplikazio biomedikoetarako material eraginkorragoak diseinatzea; eta muskuluaren zelula amen birsortze gaitasuna aztertzea alboko esklerosi amiotrofikoan (AEA). 2000. urteaz geroztik, Gipuzkoan 41 ikertzaile hartzeko laguntza eman da.  

Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, lan hori “oso lerrokatuta” dago Gipuzkoak dituen etorkizuneko apustu estrategikoekin, zenbait arloren ingurukoekin, hala nola biosanitarioa, mugikortasuna, eta energia-biltegiratzea, eta garrantzitsutzat jo du lurraldeko ikerketari lotutako “ekosistemaren” lana. “Urtetako apustu partekatu eta jarraitu baten emaitza gisa ditugu start-upak, enpresak, unibertsitateak eta ikerketa-zentro erreferentzialak, dena eman dutenak COVID-19arekin dugun egoera hain gogor honi aurre egiteko, asistentzia-materiala eta punta-puntako diagnostiko eta monitorizazio sistemak garatuz. Orobat, funtsezkoak izango dira krisia lehenbailehen gainditzeko eta ekonomia aurreratu baterantz urratsak egiten jarraitzeko. Osasuna eta ekonomia dira oraingo eta geroko ongizatearen bi aldeak. Gure ikerketa-ekosistema zientifikoaren bikaintasuna indartzeak helburu kolektibo hori sakontzen du”, amaitu du.