Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako industria gastronomikoa digitalizazioaren arloan egiten ari den ibilbidea txalotu du Markel Olanok

Gipuzkoako industria gastronomikoa digitalizazioaren arloan egiten ari den ibilbidea txalotu du Markel Olanok

Azkoitian egoitza duen Sammic enpresa bisitatu dute Aldundiko ordezkariek, gastronomia 4.0 industriaren testuinguruan egiten ari diren lana ezagutzeko

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua Ainhoa Aizpuru, Sammic enpresa bisitatzen izan dira. “Gastronomiaz ari garenean askotan sukaldaritzaz aritzen gara soilik, baina txalotzekoa da Gipuzkoan alor honen inguruan dugun industria eta Sammic bezalako enpresek egiten duten lana”, azpimarratu du diputatu nagusiak. Markel Olano eta Ainhoa Aizpururekin batera izan dira Enrique Fleischmann, Sammic-eko chef korporatiboa eta Sammic-eko zuzendaritzako kideak.

Gaur egun Gipuzkoa mundu mailako erreferentea da gastronomiaren esparruan. “Gure lurraldeak gastronomian dituen tradizioa, talentua eta jakintza nabarmenak dira eta dudarik ez dago modu batean edo bestean gipuzkoarron nortasunaren parte dela”, gogoratu du Olanok. Tradizioa etorkizunarekin uztartzen da Gipuzkoako gastronomian eta horren isla da sektorean garatzen ari den berrikuntza eta teknologia aurreratua. Diputatu nagusiak gehitu duenez, “gaur egun etengabeko iraultza digitalean bizi gara, sektore guztiei eragiten ari den aldaketa prozesuan, eta gastronomia ez da kanpoan gelditzen”.

Gastronomiaren alorrean, sukaldaritzaz gain, industria baliotsua eta lehiakorra dagoela gogorarazi du Olanok, “sukaldarien lana modu handi batean posible egiten duen industria lehiakorra dugu Gipuzkoan. Sammic bezalako enpresak lurraldean izateak gastronomiaren alorraren etorkizunaren berme dira, berrikuntzan oinarrituta ari direlako aurrera egiten”.

Hain zuzen ere, Azkoitian egoitza duen Sammic enpresa ostalaritzako makina ekoizlea da, eta mota desberdineko sukaldeko etxetresnak zein sukalde-prototipoak diseinatzen ditu. 1961ean hasi zen Sammic patatak zuritzeko gailuak ekoizten, eta, egun, 2.000 produktu baino gehiagorekin, mundu mailako erreferentea da sukaldaritza industrian. Hasieretatik berrikuntza izan du ardatz enpresa gipuzkoarrak, eta horretarako “punta puntako teknologiekin” dihardute lanean. Esatez, orain, berrikuntza eta teknologia uztartzen dituzten bi proiektu berritzailetan daude murgilduta.

  Alde batetik, ontzi-garbigailuen eskaintza berritzeko proiektua dute eskuartean.  Industria ekipoetan 3M€ko inbertsioak burutu ditu proiektu hau gauzatzeko. Horrela, berrikuntzaren aldeko apustu garrantzitsua egin du Sammicek eta bere inguruarekiko eta industriarekiko duen konpromisoa berretsi du. Proiektu honen erronkak zehatzak dira: ontzigarbigailu industrialen fakturazioa %50 haztea, zuzeneko 15 lanpostu berri sortzea eta, gero eta zorrotzagoa den testuinguru globalean, Sammic-en leihakortasuna hobetzea. Azken hau garrantzitsua da, Sammic-en helburu estragegikoetako bat esportazio merkatu berriak irekitzea delako. Fidagarritasuna, sendotasuna, ergonomia eta higienea dira Sammicen eskaintzaren ezaugarri bereizgarri nagusiak. Bestalde, gure gizartearen erronka ekologikoekin bat, proiektu honek ingurumen-aztarna hobetzea du helburu, errekurtsoen kontsumoa gutxituaz (ura, energia, kimikoak).

Bestetik, berriz, “4.0 sukaldea” ari da prestatzen Sammic. Hain zuzen ere, gaur egun, merkatuan existitzen ez den sukaldaritza sistema bat merkaturatzeko bidean da. Sistema berritzaile honek sukaldeko denborak erraztasunez kudeatzea ahalbidetuko du, eta, horri esker, ostalaritzako zerbitzuek nabarmen egingo dute hobera. “Sistema honekin, sukaldeetan lan egiteko modua goitik behera aldatuko da” azpimarratu dute Sammiceko ordezkariek.  

Enpresa honek egiten duen lana goraipatu du Markel Olanok, “ezin hobeto” irudikatzen baitu Gipuzkoak gastronomiaren alorrean duen etorkizuneko erronka, estrategia eta digitalizazioaren aldeko apustu sendoa. Bi proiektu berritzaile horiek ezagutzeko, Azkoitiko bisitaren ondoren, alde batetik, Aizarnazabaleko Odrinox planta bisitatu dute, bertan burutu baititu Sammic-ek aipatutako industria ekipoetako inbertsioak. Bestalde, Sammiceko produktuekin osatutako 4.0 sukalde bat funtzionamendu errealean ikusteko aukera izan dute, Getariako Txoko Jatetxean, hain zuzen ere.

LABe, gastronomia digitalaren berrikuntza laborategia

Gastronomia 4.0 etorkizuneko erronka da lurraldean eta horren harira Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu estrategiko zehatzak ditu sektorea bere osotasunean indartu eta jarduera ekonomikoa sustatzeko helburuarekin. “Etorkizunera begira gure lan-ildo nagusietako bat da gastronomia. Orain arte alor honetan lana ondo egin izanak ez du etorkizuna bermatzen, berrikuntzaren aldeko apusturik ez badugu egiten”, azpimarratu du diputatu nagusiak.

Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan gastronomiak pisua du etorkizunera begira eta ildo horretan Foru Aldundiak martxan jarritako proiektu estrategiko nagusietako bat da LABe, Gipuzkoa gastronomiaren alor honetan nazioarteko erreferente bilakatzea xede duen azpiegitura abangoardista. LABe Donostiako Tabakaleran kokatuko da eta guneak bi solairu eta 1.400 metroko karratuko espazio erabilgarria izango ditu. Bertan, gastronomia arloko produktu eta zerbitzuen prototipoak egiteko ikerketa laborategia, teknologia oinarri duten startup-en hub-a eta teknologia berriekin esperimentatuko duen 4.0 jatetxe aurreratua egongo dira.

  

1299