Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Larreen Irekiera ofiziala ospatuko da Berastegin igande honetan

Gipuzkoako Larreen Irekiera ofiziala ospatuko da Berastegin igande honetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak Berastegiko Udalarekin lankidetzan ekitaldi berezia antolatu du, lurralde osoko abeltzaintza estentsiboaren balioa agerian jartzeko.

2025/04/24
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Berastegiko Udalarekin lankidetzan 2025eko larreen irekiera ofiziala antolatu du Berastegiko Gorosmendi gainean, apirilaren 27an, igandean, 11:30ean. Ekitaldi instituzional eta herritar hau Gipuzkoa osoko mendietako larreak irekitzeko une sinbolikoa izango da, eta abeltzainak, udal ordezkariak eta herritarrak elkartuko ditu mendian bertan, paisaia paregabe batean.

Gipuzkoako mendialdeko larreak funtsezko elementu ekologiko eta sozialak dira, eta udaberriarekin batera, mendiko abeltzaintza estentsiboaren ziklo berria abiatzen dute. 2025 honetan, Gipuzkoako 32 menditan zehar banatutako 10.455 hektarea inguru osatzen duten larreetara igoko dituzte 544 abeltzainek beren abereak; 34.000 ardi, 3.200 behi, 3.600 behor eta 500 ahuntz baino gehiago igoko dira larreetara datozen hilabeteetan.

Abeltzaintza estentsibo honek hainbat onura dakarzkio lurraldeari: abereen ongizatea bermatzen du, elikagaien kalitatea handitzen du, larre habitatak zaintzen ditu, CO₂a xurgatzeko gaitasuna indartzen du eta sute arriskua murrizten du. Gainera, tokiko ekonomia biziberritzen laguntzen du eta paisaia kulturala mantentzen.

Ekitaldiak Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren eta Andoni Zuriarrainek, Berastegiko alkatearen hitzaldiekin emango dio hasiera larreen irekiera sasoiari. Ondoren, bertsolarien saioa, manifestu bateratuaren irakurketa, abereen igoera eta familia argazkia izango dira, eta amaitzeko, hamaiketako bat eskainiko da bertaratutako guztientzat. Ekitaldiak ordu beteko iraupena izango du, gutxi gorabehera.

Ekimen honek Gipuzkoako larreen irekieraren inguruko ikuspegia zabaltzea du helburuetako bat; larreak Gipuzkoa osoko mendietan irekitzen dira, eta Berastegikoa izango da horren erakusleetako bat. Horretaz gain, abeltzaintza estentsiboaren onurak balioan jarri nahi dira. Izan ere, Gipuzkoak aurten 1.000 urte betetzen dituen honetan aitortza berezia egin nahi zaie mendeetan zehar lurraldearen garapenean ezinbesteko rola izan dute baserritarrei eta abeltzainei; haien lanari esker ulertzen da gaur egun nolakoa den Gipuzkoako paisaia, kultura eta nortasuna. Horrela, Foru Aldundiak eta abeltzainek elkarrekin adierazi nahi dute abeltzaintza jarduera estrategikoa dela lurraldearen etorkizunerako.

Ekitaldia herritar guztiei irekita dago, eta egun atsegina eta esanguratsua bizitzeko aukera eskainiko du. Parte hartu nahi dutenek autoak seinaleztatutako aparkalekuan utzi beharko dituzte, eta handik oinez hurbildu Gorosmendi gainera (300 metro inguru). Irisgarritasun arazoak dituztenek ostirala baino lehen harremanetan jar daitezke antolakuntzarekin (gurelurra1@gmail.com), beharrezko egokitzapenak antolatu ahal izateko. Garrantzitsua da mendian ibiltzeko oinetako egokiak eramatea, eta jakinarazten da ekitaldia amaitu arte ezin izango dela berriz jaitsi, abereen igoera dela eta, bidea libre mantendu behar delako.

  

5590