Gipuzkoako mendietako larreak ireki dira
Gipuzkoako mendietako larreak ireki dira
Gipuzkoako Foru Aldundiak irekiera ofiziala gauzatu du Berastegiko Udalarekin elkarlanean antolatutako ekitaldian.

Gipuzkoako mendietako goi-larreak ireki dira jada, eta horren irekiera ofiziala Berastegiko Gorosmendin ospatu da gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Berastegiko Udalak elkarlanean antolatutako ekitaldi instituzionalean. Irekiera honekin, abeltzainak abereak larreetara igotzen hasiko dira datozen egunetan.
Dozenaka herritar, abeltzain eta ordezkari instituzional elkartu dira, udaberriarekin batera Gipuzkoan abiatzen den mendiko abeltzaintza estentsiboaren denboraldiari hasiera emateko. Ekitaldiak balioan jarri nahi izan du sektore honek lurraldearen orekan, ekonomian eta kulturaren transmisioan duen garrantzia.
Irekiera-ekitaldia 11:30ean hasi da, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren eta Andoni Zuriarrainek, Berastegiko alkatearen, agurrekin. Arrutik gogorarazi du aurtengoa ez dela edozelako irekiera, Gipuzkoaren 1000. urteurrenaren testuinguruan kokatzen baita, eta mendeetan zehar abeltzainek lurraldearen garapenean izan duten ekarpena aitortu du. Halaber, azpimarratu du abereen igoeraren bidez ingurumenaren zaintza, animalien ongizatea eta elikagaien kalitatea bezalako funtsezko alderdiak bermatzen direla. Bere esanetan, “elkarrekin jardunez soilik izango dugu aukera gure mendien oreka eta etorkizuna bermatzeko”.
Ondoren, bertsoek giroa jantzi dute eta manifestu bateratuaren irakurketak irekiera ofizialdu du. Une esanguratsuena abereen igoera izan da: hainbat ardi, behi eta behor igaro dira ikusleen aurrean larreetarako bidean, mendiko abeltzaintza ziklo berriari hasiera emanez.
Parte-hartze zabala eta giro atsegina nabarmendu dira goiz osoan zehar. Larreen irekiera une sinboliko honen bidez gauzatu da, eta guztira 10.000 hektarea baino gehiago osatzen duten Gipuzkoako mendietako lareetara hasiko dira hurrengo egunetan igotzen 544 abeltzainen 41.000 abere inguru; zehazki, 34.001 ardi, 3.613 behor, 3.269 behi eta 538 ahuntz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi honen bidez abeltzaintza estentsiboaren balioa eta funtzio estrategikoa nabarmendu nahi izan ditu: bioaniztasuna zaintzen laguntzen du, sute arriskua gutxitzen du, karbonoa xurgatzeko gaitasuna indartzen du eta tokiko ekonomiari eusten dio, besteak beste. Horrez gain, abeltzainen lana eta konpromisoa funtsezkoak dira Gipuzkoako paisaia, kultura eta nortasuna ulertzeko.
Ekitaldia amaitzeko, familia argazkia eta hamaiketakoa eskaini dira bertaratutakoei. Une adierazkor baten bidez, instituzioek eta abeltzainek elkarrekin adierazi dute: abeltzaintza ezinbesteko jarduera da Gipuzkoaren etorkizunerako, eta haren biziraupena guztion elkarlanarekin bermatu beharko da datozen urteetan ere.
4354