Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako mendietako postontzien argazkiak eta informazioa Mendiak Aplikazioan

Gipuzkoako mendietako postontzien argazkiak eta informazioa Mendiak Aplikazioan

Urdaburu Mendizale Elkarteko kideek Gipuzkoako 310 mendi nagusietako tontorrak igo zituzten 2021. urtean eta postontzi guztien argazkiak atera. Urdaburuko kideek batutako informazio guztia eta argazkiak Mendiak Aplikaziora igo dira (Mendiak.eus webgunera zein Mendiak APPera), Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kiroletako Departamentuaren eta Mendizale Federazioaren elkarlanean eta euren babesarekin.

2023/07/27
mendiak

Gaur goizean Foru Jauregian aurkeztu dira Mendiak aplikazioaren berrikuntzak, Gipuzkoako mendietako postontzien argazkiei eta informazioari buruzkoak. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Goizane Álvarez Kiroletako diputatua, Urdin Elortza Gipuzkoako Mendizale Federazioko bideziorretako teknikaria, eta Josu Azpilleta, aplikazioa sortu duen Code Syntax enpresaren ordezkaria.

Gaur egun teknologiaren parte-hartzea mendizaletasunaren esparruan asko areagotu da eta garai batean mendian gora eta gora buzoiarekin topo egin arte egiten genuen arren, ohitura berriek telefono mugikorrak eta GPS gailuak bidelagun izatera bultzatu gaituzte.  Honi erantzunez eta etengabeko digitalizazio prozesu horretan, mendi tontor eta buzoi horien kokapen edo koordenatu zehatzak aplikazioan uztartzea ezinbesteko lana izan da.

Gainera, elkarlan horren barruan, Mendizale Federazioek mendizaleontzat idatzi dituzten segurtasun arau batzuk zabaltzen ere lagunduko dugu eta mendizaleentzat erronka txikiak sortu eta plazaratzeko tresna ere txertatu dugu Mendiak Aplikazioan.  Helburua, beti bezala, euskal mendizaleentzat informazio eta tresna erabilgarriak kaleratzea, mendizaletasuna sustatzeko asmoz.

Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek azaldu duenez, "Kirola berrikuntzaren sustatzailea da, Europako Kontseiluak onartzen duen bezala. Eta Gipuzkoako kirolak berrikuntzaren lehen lerroan egon nahi du, kirol-eragileekin batera, herritarrei pertsona aktibo izateko aukerarik onenak eskaintzeko. Kiroletako Departamentuak bultzada handia eman dio federazioen digitalizazioari azken urteotan, eta 400.000 € inguru bideratu ditu federazioen berrikuntza teknologikoetarako. Aurkeztu genuen azkena mendiko buzoien digitalizazioa da. Gipuzkoan, mendiarekiko dugun grina indartuko duen tresna izan daiteke. Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei: Gipuzkoako Mendizale Federazioari, EHUko Informatika Fakultateari eta Code Syntaxi”.

Urdin Elorza, Gipuzkoako Mendizale Federazioko bideziorretako teknikariak adiera du “ gaur mendizaleak gara, atzoko mendizaleek bideak garbitu zizkigutelako. Mendiko postontziak digitalizatzeko proiektu honi ekin diogu, mendiak, natura eta ondarea babesteko belaunaldi berriak hezteko”.

Josu Azpiellta CodeSyntaxeko ordezkariak esan du “CodeSyntaxek kaleratu dituen aplikazioen artean arrakastatsuenetakoa da Mendiak APPa.   Euskal Herriko 3.000 mendiren informazioa biltzen duen aplikazioa da eta mendizaleei beren igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko aukera ematen die, norbere igoera guztien historikoa eta estatistikak eskaintzen dituelarik.  Android eta iPhone gailuentzat dago prest, doakoa da eta 20.000 deskarga baino gehiago ditu, euskara hutsean dagoen aplikazio batentzat marka adierazgarria.  2016an sortu genuen eta harrezkero etengabe eguneratu dugu, informazio eta eduki berria gehituz eta teknikoki ere urtero-urtero berrikuntzak erantsiz (50 eguneraketa baino gehiago).  Mendiak plataforman argitaratzen ditugun testu guztiak CC-BY-SA lizentzia librearekin partekatzen ditugu. Mendiak APParen inguruko informazio gehigarria eta estekak Mendiak.eus webgunean eta CodeSyntaxen blog honetako beste post batzuetan aurkituko dituzu”.

Gipuzkoako postontziak, 310 menditako postontzien argazkiak online

Mendiak APPa eguneratu eta eduki berriz hornitzeko lanen artean, egitasmo ederra gauzatu dugu azken hilabeteotan. 2021eko udaberrian, pandemia zela-eta, Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteak   erronka bota zien klubeko bazkideei Gipuzkoako mendi guztietara igo eta postontzien argazkiak atera zitzaten.  Gipuzkoako mendien zerrenda osatu zen, 310 mendi aukeratuz, eta Urdaburu Elkarteko kideak horietako guztietara igo ziren eta postontzi guztien argazkiak atera zituzten.  Proiektuaren helburua zen Gipuzkoako mendi guztien zerrenda ofiziala osatzea (toponimia egokiarekin) eta baita postontzi guztien katalogoa egitea ere, bere kokapen eta argazkiarekin.  Erronka arrakastatsua izan zen Urdaburuk proposatu zuena eta 2021eko uztailean burutu zen. Gipuzkoako mendi eta postontzi guztiak katalogatu ziren eta egindako lanaren laburpena mapa honetan jaso zuen Urdaburu elkarteak.

Urdaburu Elkarteak egindako lan hura, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako Departamentuaren eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren laguntzarekin, Mendiak APP honetara ekarri dugu 2023. urtean zehar.  Egindako lanak honako hauek izan dira:

  • Urdaburuk jasotako informazioa Mendiak APPeko datu-basera igo dugu.
  • Zerrenda osoa gainbegiratu dugu, toponimoa bateratuz eta Mendiak APPean falta ziren mendi gutxi batzuk gaineratuz Eduki-lan horretan, postontzien kokapenak, mendien izen arautuak eta errepikatutako mendiak berrikusi behar izan ditugu.
  • Gipuzkoako 310 mendi horien postontzien argazkiak igo ditugu datu-basera, horretarako berariaz sortutako eremu eta kokapen berri batekin.
  • Mendi batzuen fitxaren kasuan, argazki nagusia ere aldatu dugu eta Urdaburuko kideek ateratakoa ezarri diogu. Ikus, adibidez, Urdaburu, Agiña, Aitxuri, Zarateaitz, Gazume, Larraone edo Uarrain mendien fitxak.

Aipatutako informazio hori guztia Mendiak APPean aurkituko duzue eta Mendiak.eus webgunean sortu dugun atal berezi honetan ere bai, Gipuzkoako postontziak izendatu duguna.

Gipuzkoako mendietako postontziekin egindako lanarekin batera, egitasmo honetan beste 2 kontu ere ari gara lantzen: mendizaleentzat erronka txikiak eta segurtasuna mendian.

  

2170