Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Ogasunak 391,9 milioi euro itzuli eta 332,3 milioi euro bildu ditu 2024ko errenta kanpainan

Gipuzkoako Ogasunak 391,9 milioi euro itzuli eta 332,3 milioi euro bildu ditu 2024ko errenta kanpainan

Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek kanpainaren balorazio positiboa egin du, eta inplikatutako profesionalen lana eskertu du.

2025/07/09
Gipuzkoako Foru Aldundia

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendariarekin eta Yolanda Domínguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, ekainaren 30ean amaitu zen kanpainaren emaitzen berri emateko. Foru diputatuak, hasteko, adierazi du pozik dagoela «aurreikusitakoaren arabera igaro den» errenta kanpainaren bilakaera positiboarekin, eta zergadun guztiei eskertu die beste urte batez «kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen jarraitzeko» ekarpena egin izana. Era berean, Ogasun eta Finantza Departamenduko eta IZFEko profesionalen taldearen lana balioetsi du, «kanpaina honen arrakasta bermatzeko egindako ahaleginagatik eta aitorpena egin ahal izateko kanalak sortzen, hala nola Errenta+ aplikazioa, hobetzen eta egokitzen laguntzeagatik, bai eta herritarrentzako arretaren eraginkortasunagatik ere».

2024ko errentaren emaitzei dagokienez, aurkeztutako aitorpen kopuruaren inguruko balorazioa egin du Ogasun eta Finantzetako diputatuak; aitorpenen kopuruak gora egiten jarraitzen du, 2024an Gipuzkoako ekonomiak izandako bilakaera positiboaren eta langabezia tasa baxuaren (% 5,7) ondorioz. «Horrek zuzenean eragin du aurkeztutako aitorpen kopuruan eta emaitzan».

Azaldu duenez, 2024ko errenta kanpainaren emaitza zergadunen aldekoa izatea «batez ere zor zaio Foru Ogasunak nazioarteko ziurgabetasun ekonomikoaren eta, ondorioz, prezioen inflazioaren aurrean familiak eta kolektibo zaurgarrienak babesteko azken urteotan aplikatu duen neurri sortari».

Ildo horretan, foru diputatuak 2024an PFEZean emandako arau aldaketa nagusiak gogorarazi ditu: % 2,5eko deflaktazioa; 200 euroko kenkaria 35.000 eurotik beherako errentetarako; autonomoei zuzendutako neurri bereziak, besteak beste, garraioari eta lehen sektoreari zuzendutako forfaitak; erakunde berritzaileen edo start-up direlakoen fundatzaileentzako araubide berezi berria; ondare galeren kasuan zerga oinarri orokorraren konpentsazio muga % 10etik % 25era igotzea, eta ordainsarien salbuespena talidomidak kaltetutako pertsonentzat. Neurri horien multzoak 96 milioi euroko aldeko saldo fiskala sortu du guztira, Gipuzkoako zergadunen mesedetan, 2024ko eta 2025eko ekitaldietan.

Horri dagokionez zera azpimarratu du Agirrek: «zerga sistema tresna paregabea da gipuzkoarrontzat, gizarte kohesioa bultzatzeko eta, beharrezkoa denean, gure herritarrak babesteko, baita gure ehun berritzailea bultzatzeko edo gizarte gisa ditugun erronkei erantzuteko ere». Etorkizuneko zerga erreforma ere aipatu du Agirrek prentsaurrekoan: «bere eragina 2025eko errenta kanpainan ikusiko da».

Errenta, kopurutan

Aitorpen kopuruari dagokionez, zergadunek 423.110 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, aurreikusitakoak baino 1.110 gehiago, eta iazko kopurua gainditu dute berriz ere, 10.255 aitorpen gehiago egin baitituzte.

Modalitateei dagokienez, 110.738 zergadunek egin dute aitorpena Internet bidez, aurreko kanpainan baino 2.418 gehiagok. Autolikidazio proposamenen bidez, 234.627 aitorpen aurkeztu dira, 2023ko errentan baino 7.131 gehiago. Azkenik, errenta mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan, 77.745 aitorpen aurkeztu dira, aurreko kanpainan baino 706 gehiago.

Emaitzaren arabera, 300.019 aitorpen itzuli beharrekoak izan dira (guztizkoaren % 70,9), eta Ogasunak guztira 391,9 milioi euro itzuli ditu, hau da, batez beste 1.306 euro itzuli behar izan dizkio zergadun bakoitzari. Gainerako 123.091 aitorpenak ordaindu beharrekoak izan dira, 332,3 milioi guztira. Zifra horiek egindako aitorpen guztien % 29,1 osatzen dute. Ordaindu beharreko emaitza izan duten zergadunek 2.700 euro ordaindu dizkiote, batez beste, zerga administrazioari.

Irune Yarza Ogasun eta Finantzetako zuzendariak Errenta+ aplikazioak Gipuzkoako zergadunen artean izan duen harrera ona nabarmendu du. «Guztira, aplikazioa 12.092 aldiz deskargatu da, 3.913 zergadunek onartu dute beren proposamena App honen bidez, eta 2.423 zergadunek aplikazioa erabili dute hitzordua aurrez aurre eskatzeko», azaldu du Yarzak. Ogasuneko zuzendaria pozik agertu da zifrekin, eta azpimarratu du erakundeak zerga kudeaketa modernizatzen jarraitzeko konpromisoa duela, «Foru Ogasunarekiko kudeaketak errazago eta irisgarriago egiten lagunduko duten bideak eskainiz eta egokituz».

Ondarearen gaineko zerga eta Fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga

Bestalde, ondarearen gaineko zergari eta Fortuna Handien gaineko aldi baterako elkartasun zergari dagokionez, foru ogasunak 83,8 milioi euro bildu ditu 2024ko kanpainan, iaz baino 8,8 milioi gehiago. Guztira, aurreko ekitaldian baino 571 aitorpen gehiago egin dira, 2023an 9.088 aitorpen izatetik 2024an 9.659 izatera igaro baitira. Zergadunek batez beste 8.680 euro sartu dituzte. «Ondarearen hazkundea, batez ere, balore higigarrien gorakadak eragin du, eta horrek, aldi berean, 2024an finantza merkatuek oro har izan duten bilakaera positiboa islatzen du», azaldu du Agirrek.

Zerbitzuen karta

Kanpainan Ogasuneko langileek eskainitako zerbitzuari dagokionez, foru arduradunek txalotu egin dute errenta kanpainako lantaldeak egindako lana. Errepasoan nabarmendu dutenez, kanpaina honetan 66.751 dei jaso dira kontsultak egiteko eta proposamenak aldatzeko; horietatik 651 dei baino ez dira galdu, hau da, guztizkoaren % 0,98. Bidalitako 285.595 autolikidazio proposamenetatik, % 82,2 onartu dira. Azkenik, itzulketen batez besteko epea 1,27 egunekoa izan da modalitate mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan; 1,39 egunekoa autolikidazio proposamenen kasuan; eta, azkenik, modalitate telematikoaren kasuan, kasuen % 98,9an 10 egun baino gutxiagoko epean egin da itzulketa.

Agirrek nabarmendu du foru erakundeak bokazio argia duela gipuzkoarrei zerbitzu publiko eraginkorra, lehiakorra eta kalitatezkoa eskaintzeko. Ildo horretan, foru diputatuak adierazi du pozik dagoela talde teknikoak egindako lanarekin, «beste urte batez espero bezala jardun baitu, gorabeherarik gabeko kanpaina bat bermatu eta arreta bikain bat eskaintzeko».

  

7624