Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Pasaportea atera du Aldundiak, Covid-19aren aurrean barne-turismoa sustatzeko

Gipuzkoako Pasaportea atera du Aldundiak, Covid-19aren aurrean barne-turismoa sustatzeko

Imanol Lasa: “Lurraldearen berraktibazio ekonomikoa babesteko momentua da, etxean bidaiari izanda”

2020/06/24

Foru Aldundiak udako kanpaina turistikoa aurkeztu du gaur, ardatz 'Gipuzkoa Passport' duena. Pasaporte horrek gure erakargarritasun turistikoei balioa ematen die, lurraldean barne turismoa sortzeko eta Covid-19ak eragindako krisiaren aurrean jarduera dinamizatzeko. "Pasaporteak gonbidapena egiten die herritarrei, uda ezohiko honetan Gipuzkoak eskaintzen dituen plan guztiak egiteko eta esperientziak bizitzeko aukera balia dezaten, bai barrualdean, bai kostaldean, gure lurraldean bidaiari izanik. Benetako altxorrak ditugu etxetik gertu, eta une ezin hobea da horiek guztiak ezagutzeko", azpimarratu du Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasa: "Gure merkataritza, ostalaritza edo gure lehen sektorea suspertzeko apustu sendoa da, erantzun kolektiboa eskatzen duen une kritiko batean. Betiere kalitatezko turismo eredu iraunkor eta orekatu baten aldeko apustua mantenduz", gaineratu du.

Pasaportea Gipuzkoa osoko Turismo Bulegoetan egongo da eskuragarri ekainaren 25etik, eta 15.000 ale inprimatu dira. Gipuzkoa eta bere turismo eta aisialdi eskaintza osoa modu ezberdinean hurbiltzen duten hainbat edukik osatzen dute. Eskualdeko turismoko eragileen laguntzarekin egindako 50 planeko hautaketa batetik hasi –bost plan eskualdeko–, eta lurraldeko argazki erakargarrienak ateratzeko moduko lekuetaraino, bidean udako kontakizun bat idatziz, urte sasoi honetan bizi diren uneak gogora ekartzeko. Gune bat du norberaren planen Top 10a prestatzeko, eta lurraldeko 32 turismo bulegoetako harremanetarako informazioa eskaintzen du.

Alde ludikoenean, pasaportean zigiluak jartzeko gune bat dago. Zigilu horiek Gipuzkoako saltoki, ostalaritza lokal eta museoetakoak izango dira, hori guztia baliabide turistikoei eta tokiko kontsumoari balioa emateko. Gainera, kanpainarekin batera, argazki eta kontakizun lehiaketa bi egingo dira udan zehar Gipuzkoa Turismoko sare sozialen bidez: Instagram  –@gipuzkoaturismoa–, facebook –Gipuzkoa Turismoa– eta twitter –Gipuzkoaturismo–.

Gaurko aurkezpenean izan dira, halaber, udan zehar Gipuzkoako pasaportearen enbaxadore izango diren pertsona batzuk: Marti Buckley gastronomia-kazetaria; Eloisa Patat, kazetaria eta bidaia-blogaria; Iban García, YouTuberra; Susana Gómez Sisters & the Citykoa; eta Mikel Makala kantaria eta kanpainako iragarkiko abestiaren egilea. Era berean, bide telematikoz, eskualdeetako 40 turismo ordezkari baino gehiago izan dira, ekimen hau gauzatzea ahalbidetu duen lankidetza sinbolizatuz.

Kanpainak urriaren hasierara arte iraungo du, eta, aurrera egin ahala, nobedadeak izango ditu, zozketekin, sariekin eta pasaportea osatzen dutenentzako aintzatespenekin. Hori guztia sare sozialen bidez garatuko da, baita webgune berriaren bidez ere: www.gipuzkoaturismoa.eus.

 

Deustuko Unibertsitateak Aldundiarekin duen elkarlanaren testuinguruan egindako azterketa baten arabera, Gipuzkoako herritarrek behera egiten dituzten desplazamenduek behera egingo dute, eta haietako askok udako oporrak, edo horien zati bat, lurraldean bertan edo gertuko lurraldeetan igarotzeko hautua egingo dute. Lasak dei egin du “beharra aukera” bihurtzeko, eta erabaki hori aprobetxatzeko lurralde osoan banatuko den gertuko turismo eredu batean sakontzen jarraitzeko. “Abagune bikaina da lurraldeak dituen erakargarritasunak sustatzeko. Komunikazio kanal guztiak indartzen ari gara Gipuzkoako gizarte osoari ezagutarazteko turismoaren eta paisaiaren alorretan daukagun aktibo sorta. Gure etxean bidaiari izateko momentua da, inoiz baino gehiago. Tokiko konpromisoari, konfiantzari eta kontsumoari heldu behar diegu, alor honetan ere, zigor handia jasotzen ari diren sektore hauei aurrera ateratzen laguntzeko: ez bakarrik turismoari, baita ostalaritzari, merkataritzari edo lehen sektoreari ere. Guztion artean laguntzeko momentua da, bakoitza bere aukeretatik”, azaldu du. 

Gaur iragarritako egitasmoarekin, Aldundiak lagundu egin nahi du Gipuzkoan barne kontsumoa handitzea ekarriko duen tokiko turismo bat sortzen, 0 kilometro filosofia esparru honetara ere ekarriz. “Horrek, era berean, ekarriko du guk geure lurraldea hobeto ezagutzea, eta gure inguruan, eta bisitatzen gaituztenon artean, Gipuzkoaren enbaxadore onenak bihurtzea”, ziurtatu du Diputatuak.

Inpaktua sektorean

Lasak gogorarazi du pandemia “inpaktu latza” eragiten ari dela sektorean, erabateko konfinamendu egoerarekin hasieran, eta ondoren mugimenduetan izandako murrizketekin eta mugen itxierarekin. “Jarduera guztiz geldituta edon da denbora batean, eta deseskalatzearekin batera oso berraktibazio apala izan du”, esan du, gaineratuz diru-sarrerak eskuratzeko oso inportantea den sasoi batekin egin duela bat: Aste Santuarekin, alegia. Hala, eta Eustatek herenegun zabaldutako datuen arabera, azken maiatzan 3.526 bidaiari sarrera izan ziren Gipuzkoan, eta 11.285 pernoktazio. Apirilarekin alderatuta -681 eta 4.657, hurrenez-hurren- hobera egin zuten zifrek, baina 2019koei erreparatuta, “lekutan” gelditu ziren: 116.680 sarrera eta 235.322 pernoktazio pilatu ziren orduan. Kontuan hartu behar da hotel establezimenduen ia herena itxita egon direla. Antzeko egoera gertatu da nekazalturismoetan; maiatzean izandako bidaiarien sarrerak eta pernoktazioak, aurreko urteko hilabete berekoen % 7,66 izan ziren soilik. 

Konfiantza agertu du normaltasun berriarekin, mugimenduei jarritako debekuak desagertzearekin eta mugak irekitzearekin bat, turisten etorrerak hobera egingo duela, estatuko lurraldeetatik zein Iparraldetik eta Frantziatik iritsitakoak bereziki: sektorearentzat “oso merkatu garrantzitsuak” dira Gipuzkoan. 2019ko bidaiarien sarreren erdia baino gehiago, estatuko  beste lurraldetakoak izan ziren. Ildo horretan, gertuko turismoa indartzeko mezua zabaldu du, oso uda zail batean, lurraldean ia 36.000 pertsonari lana ematen dien sektorearen “biziraupena” bermatzeko ezinbestekoa delakoan. Estimazioen arabera, joan den urtean 4,2 milioi pertsonak bisitatu zuten Gipuzkoa, horietatik 1,3 milioi turistak, eta 2,9 milioi txangozaleak izan zirelarik, guztien ia % 70. Bisitarien % 35 Hego Euskal Herritik etorritakoak ziren, eta % 22, berriz, Frantziakoak; “honek esan nahi du lurraldeak potentzial handia duela esparru hau lantzeko”.

Erantsi duenez, sektoreko eragileek Aldundiari helarazitako informazioaren arabera, pixkanaka, datozen hilabeteetarako erreserbak ixten ari dira; okupazio aurreikuspenak % 30 ingurukoak dira uztailerako, hotelei, zein etxebizitza turistikoei eta nekazalturismoei dagokionez. Haren esanetan, Gipuzkoak helmuga gisa dituen ezaugarriek –“kalitatea, nortasun propioa, masifikaziorik gabekoa, lasaia eta segurua”-, nazioarteko bisitariak erakartzen lagun dezakete. “Sektoreko eragile guztiak, eta baiita merkatariak edota ostalariak ere, sekulako ahalegina egiten ari dira segurtasuna bermatzeko eta protokolo guztiak betetzeko. Egungo egoeran, konfiantza oso faktore inportantea da nora bidaiatu erabakitzerakoan, eta uste dugu horrek ahalbidetu dezakeela atzerritako turisten kuotaren zati bat mantentzen, behintzat”.

 Edonola ere, aitortu du nazioarteko merkatuari dagokionez “ziurgabetasun handia” dagoela oraindik ere. Hori horrela, zifrak aurreko urteetakoetatik “oso urruti” egongo dira, ezin baita ahaztu errekorrak gainditu izan direla ia urtero: “Jakin badakigu, ordea, herrialde askotan ahaleginak egiten ari direla barne merkatua sustatzeko, bertako biztanleak erakarriz”. Beraz, eta Gipuzkoa Passport ekimenari heduz beste behin, berretsi egin du gurean ere “oso garrantzitsua” dela “sektore honen jarduerari eta enpleguari eusteko, denon konpromisoa bultzatzea, gure lurraldean bidaiari izanda”.
  

1704