Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako salmentak % 1,6 gehitu dira lehenengo bost hilabeteetan, aurreko urtearen aldean

Gipuzkoako salmentak % 1,6 gehitu dira lehenengo bost hilabeteetan, aurreko urtearen aldean

Maiatzera arte metatutako datuek erakusten dute Gipuzkoako enpresen langile kopuruak % 0,7 egin duela gora, 2024ko aldi berarekin alderatuta

2025/07/03

Gipuzkoako enpresen salmentak % 1,6 hazi dira maiatzera arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Igoera hori barne merkatuaren portaera onari zor zaio, salmentak % 2,6 igo baitira, esportazioetan ez baita aldaketarik egon (% 0,0). Sektoreka, zerbitzuen sektoreko hazkundea nabarmentzekoa da (+% 2,9), ia bikoiztu egiten baitu hazkunde orokorra; atzetik datoz eraikuntza (+% 1,3) eta, azkenik, industria sektorea (% 0,6).

Esportazioei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak egindako txostenaren arabera, esportazioak konstanteak izan dira urteko lehen bost hilabeteetan. Arrazoi nagusia Europako merkataritza bazkide nagusien ahultasuna eta nazioarteko testuinguru ekonomikoaren ziurgabetasuna dira. Puntu honetan, nabarmentzekoa da Europar Batasuneko (EB) herrialdeetara egindako esportazioak % 2,4 jaitsi diren arren, EBtik kanpoko herrialdeetara egindako salmentak % 2,8 igo direla.

Bestetik, inportazioek % 3,1 egin dute gora aldi horretan. Erosketa horien jatorriari dagokionez, EBko herrialdeetako hazkundea ahulagoa izan da (+% 0,7), eta EBtik kanpoko herrialdeek, berriz, % 10,4 egin dute gora.

Enplegagarritasunari buruzko datuei dagokienez, Gipuzkoako lan merkatua indartsu dago eta, gainera, hazten ari da (% 0,7), aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Sektoreka, eraikuntzaren sektoreak izan du hazkunderik handiena (+% 1,2); industriaren sektoreak eta zerbitzuen sektoreak, berriz, % 0,9 eta % 0,4ko hazkundeak izan dituzte, hurrenez hurren. Puntu horretan, Gipuzkoako enpresek ordaindutako soldatak ere igo dira (% 5,2). Soldata hazkunderik handiena industria sektorean izan da (+ % 5,4), eraikuntzan % 5,1 eta zerbitzuetan % 4,9. Datuek erakusten dutenez, langile bakoitzeko batez besteko ordainsaria % 4,5 igo da urteko lehen bost hilabeteetan, 2024arekin alderatuta.

2025eko maiatzeko salmentak

Maiatzeko datuak negatiboak izan dira, salmenta osoak % 4,7 jaitsi baitira 2024ko hil beraren aldean. Jaitsiera hori kanpo merkatuari zor zaio batez ere, salmentak % 11,3 jaitsi baitira. Barne salmentek ere nolabaiteko jaitsiera izan dute, baina ez hain nabarmena (-% 0,8).

Sektoreen arabera, joera negatiboagoa ikusten da industrian (-% 8,2) eta neurri txikiagoan zerbitzuetan (-% 1,5); eraikuntzaren sektoreko salmentak, berriz, nabarmen igo dira hilabete honetan (+% 8,4).

Hala ere, maiatzean salmentetan izandako jaitsiera orokor hori ez da islatu lan merkatuaren datuetan. Hala, lan etekinak jasotzen dituzten pertsonen kopurua pixka bat igo da maiatzean (+% 0,4), eta enpresek ordaindutako soldatak, berriz, nabarmen igo dira (+% 5,0).

Balorazioa

Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek zuhurtziaz jokatzen jarraitzen du txostenak ematen dituen datuen aurrean, "apirilean eta maiatzean salmentei dagokienez portaera negatiboa izan badu ere, urteko metatuak positiboa izaten jarraitzen du". Ildo horretan, Agirrek adierazi duenez, "arreta handiz jarraitu behar da datozen hilabeteek nazioarteko testuinguruaren aurrean izango duten bilakaera eta horrek merkatuetan izango duen eragina".

  

5668