Gipuzkoako salmentak % 3,4 igo dira lehenengo lauhilekoan, aurreko urtearen aldean
Gipuzkoako salmentak % 3,4 igo dira lehenengo lauhilekoan, aurreko urtearen aldean
Lurraldeko enpresen esportazioak % 3,1 igo dira, enplegatutako pertsonen kopurua % 0,7 eta soldatak % 5,3, 2024ko denbora tarte berarekin alderatuta

Gipuzkoako enpresen salmentek % 3,4 egin dute gora 2025eko lehen lauhilekoan, aurreko urteko denbora tarte berarekin alderatuta. Hazkunde hori barne salmentek (% 3,6) eta esportazioek (% 3,1) eragin dute. Sektoreen arabera, zerbitzuen sektorean (+% 4,2) eta industrian (+% 3,1) nabarmendu behar da salmenten igoera; eraikuntzan, berriz, % 0,7ko jaitsiera txiki bat izan da 2024arekin alderatuta.
Esportazioei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak egindako txostenaren arabera, Europar Batasunerako (EB) esportazioek behera egin badute ere (-% 0,9), EBtik kanpoko herrialdeetarako salmentak % 7,8 igo dira. Inportazioak ere % 3,9 igo dira urteko lehenengo lau hilabeteetan. Erosketa horien jatorriaren arabera banakatuta, ikus daiteke EBko herrialdeetan igoera txikiagoa izan dutela (+% 1,9), eta EBtik kanpoko herrialdeek, berriz, dinamismo handiagoa izan dutela (% 10,1eko igoera).
Bestalde, Gipuzkoako lan merkatuak indartsu jarraitzen du, eta landunen kopuruan hileko hazkundeak izan ditu. Hala, 2025eko lehen lau hilabeteetan, enplegatutako pertsonen kopurua % 0,7 igo da. Datuak sektoreka aztertuta, ikus daiteke industrian % 0,9 igo dela, eta zerbitzuetan, berriz, % 0,5 eta eraikuntzan % 1,3. Ildo horretan, Gipuzkoako enpresek ordaindutako soldatak ere % 5,3 igo dira aurreko urteko denbora tarte berarekin alderatuta. Soldata hazkunderik handiena eraikuntzaren sektorean (+% 6,2), industrian (% 5,3) eta zerbitzuetan (% 5,1) izan da. Datuek erakusten dutenez, langile bakoitzeko batez besteko ordainsaria % 4,6 igo da urteko lehen lauhilekoan, 2024koarekin alderatuta.
2025eko apirileko salmentak 2024koekin alderatuta
Aitzitik, apirileko datuek erakusten dute salmenta guztiak % 7,1 jaitsi direla 2024ko hilabete berarekin alderatuta. Puntu honetan, Ogasun eta Finantza departamentuaren txostenak azaltzen duenez, kontuan hartu behar da 2024ko apirileko oinarrizko datuak oso altuak izan zirela eta salmentak % 19,4 igo zirela 2023koekin alderatuta. Apirileko salmenten jaitsiera horren arrazoia, batez ere, barneko salmentetan (-% 6,6) eta esportazioetan (-% 7,9) izandako jaitsieretan dago. Joera negatibo hori sektore guztietan ikus daiteke, batez ere industrian (-% 9,4) eta eraikuntzan (-% 9,1), eta pixka bat gutxiago zerbitzuen sektorean (-% 3,9).
Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak zuhurtziazko mezua helarazi du, ohartarazita “salmenten balantze metatuak positiboa izaten jarraitzen duela”. Agirrek azpimarratu duenez, “beharrezkoa da datozen hilabeteetako salmenten bilakaera gertutik jarraitzea, testuinguru geopolitikoaren ziurgabetasunak eta nazioarteko merkatuaren hegazkortasunak markatuko baitute”.
3127