Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako sei leku paregabetan egingo dira Dantz Point saio berriak

Gipuzkoako sei leku paregabetan egingo dira Dantz Point saio berriak

Aurtengo saioetako bat Gipuzkoako lekurik enblematikoenetako batean izango da, Oiartzungo Arditurriko meategietan.

2022/04/27

Lehen hitzordua larunbatetan izango da, 19:00etan, Lasarte-Oriako Brigiden komentuan, Paolo Solo eta Furoniaren eskutik.

Gainera, edizio honetan, bi urteko pandemiaren ostean, Dantz Point programak zuzenekoa berreskuratuko du.

Aurtengo saioetako bat Gipuzkoako lekurik enblematikoenetako batean izango da, Oiartzungo Arditurriko meategietan.

Beste urte batez, Dantz Point programa Gipuzkoara itzuli da. Ekitaldi honek ondarea musika elektronikoarekin eta abangoardiakoarekin bateratzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzarekin. Oraingo honetan gainera, bi urteko pandemiaren ondoren, zuzenekoa berreskuratuko du. Edizio honetan, sei ekitaldi izango dira Gipuzkoan zehar, zuzenekoaren bidez eta baita formatu digitalean ere.

Dantz Point 2022 aurkezteko prentsaurrekoan Harkaitz Millan, Kultura Departamentuko diputatua, Jokin Telleria, Dantz Point programako arduraduna, Mertxe Urteaga, Kultura Departamentuko teknikari arkeologoak; eta DJ lasarteoriatarrak, Iker Furones (Paolo Solo) eta Paula Cornejo (Furonia), Lasarte-Orian edizio honetako lehen Dantz Point topaketari hasiera emateko arduradunak izango direnak.

Dantz Point-ak ekintza artistikoak dira, batez ere musika elektronikoko eta abangoardiako saioak, leku enblematikoetan eta bi protagonistarekin: musika eta ondarea. Saioak zuzenean grabatzen dira eta tokiko, estatuko eta nazioarteko hainbat plataformatan emititzen dira ere.

Programaren hasiera Paolo Solo eta Furoniaren en eskutik izango da. Lehen Dantz Point hau apirilaren 30ean (larunbata) egingo da, 19:00etan, Lasarte-Oriako Brigiden komentuan. Ondoren, hurrengo ekitaldien datak jakinaraziko dira, Gipuzkoako gune enblematikoetan banatuta.

Aurtengo espazioak hauek dira: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak, Lasarte-Oriako Brigiden komentua edo Donostiako Kursaaleko terrazak. Irun eta Hondarribian ere izango dira ekitaldiak, oraindik zehaztu gabeko guneetan.

Proiektuari dagokionez, Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi duenez, “Dantz Point-i esker, Gipuzkoak ezkutuan dituen hainbat paraje eta artista garaikide erakutsi eta ezagutaraztea lortu dugu. Horrela, ondarea eta abangoardiaren sorkuntza bateratu egiten dira”. Halaber, Millanek gaineratu duenez, “ezinbesteko hitzordua da Gipuzkoako espazio berezienak, tokikoak zein nazioartekoak, berraurkitu, zabaldu eta indartzeko. Gainera, musikarik abangoardistenaz eta elektronikoenaz gozatuz, hori baita toki guztietara hobekien moldatzen dena, moldagarritasun, malgutasun eta estilo-irekieragatik”.

Dantz proiektua 2017an jaio zen, eta, ondoren, 2019an, Dantz Point proiektua abian jarri zen. Duela bi urte nazioarteko sari bat lortu zuen Dance Televisión-en eskutik. “Horrek proiektua bultzatzeko eta Gipuzkoa mapan jartzeko balio izan zuen”, adierazi du Telleriak. Gainera, Dantz Point-ek duela gutxi 200.000 euroko laguntza jaso du Europako funtsetatik  Dantz Point Europe proiektua bost herrialdetan sustatzeko, Europar Batasuneko kultura-ondarea belaunaldi berriei forma eta eduki berritzaileen bidez, kasu honetan musikaren bidez, hurbiltzeko.

Iaz, Arrasateko Gomestio baserria, Donostiako Chillida-Leku museoa, Aretxabaletako Urkulu urtegia, Zumarragako Antiguako ermita, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti museo-baserria, Mutrikuko portua edo Urretxuko industria, besteak beste, izan ziren Dantz Point programetako agertokiak. Parte hartu zuten artistak, besteak beste, Dans, Essan, Loreak, Gela, Nikka, M4 eta Divorce From New York izan ziren.

Arditurriko meatzeak Oiartzunen

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak nabarmendu nahi izan du Oiartzungo Arditurriko meatzeak edizio honetan Dantz Point saioetako bat egingo den gune enblematikoetako bat izango dela. Honi dagokionez, Kultura Departamentuko teknikari arkeologoak, Mertxe Urteagak, nabarmendu duenez, “kontzerturako aukeratu den espazioak aparteko baldintzak ditu”.

Arditurriko meatzeak zirku natural txiki bat dira, Aiako Harrietako granito-mole ikusgarria buru dutela, 800 metrotik gorako altuerarekin, eta meatze-paisaia bikain batean kokatuta. Frontean, erromatarren garaietatik berun, zilar, kobre eta burdinazko hariak ustiatu zituzten meatzariek utzitako zuloak daude. Bizkarrean, mineralak tratatzeko instalazioa, non harriak xehatzen baitziren osagaiak bereizteko galdategira eraman aurretik. Alde batean, meatze-barrutiaren interpretazio-zentroa, eta, bestean, trenbidearen karga-egiturak, ibaiari jarraituz Pasaiako porturaino iristen zirenak. Gainera, Arditurriko meategiek akustika bikaina dute, eta lehendik ere egiaztatu da.

  

2136