Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Suhiltzaileen Zerbitzuak 3.300 esku hartze baino gehiago izan ditu 2024an, aurreko urtean baino % 10 gehiago

Gipuzkoako Suhiltzaileen Zerbitzuak 3.300 esku hartze baino gehiago izan ditu 2024an, aurreko urtean baino % 10 gehiago

Prebentzio, su-itzaltze eta salbamenduko foru zerbitzuak eraginkortasunari eutsi dio, irteerak ugaritu diren arren, eta bere eredua sendotu du baliabide eta pertsonal gehiagorekin eta 2,4 milioiko inbertsioekin

2025/05/29
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gobernantzako diputatu Irune Berasaluzek, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko zuzendari Josu Idigorasek eta Josu Mañarikua ofizialak 2024ko ekitaldiari dagokion jardueraren balantzea aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, “eskakizun operatibo handiko urtea izan da zerbitzuarentzat, ekitaldia 3.370 esku hartzerekin itxi baitu, 2023an baino % 10 gehiago, hain zuzen, azken urteetako erregistrorik altuenetako bat. Jarduera bolumen horrek esan nahi du Gipuzkoako suhiltzaileen parke bakoitzak gutxienez esku-hartze bat egin duela egunean”. Berasaluzek azpimarratu du igoera horrekin batera erantzun eraginkorra eman dela, jarduteko denbora optimoei eutsiz eta zerbitzuaren gaitasun operatiboa berretsiz.

Hazkundea orokorra izan da esku-hartze tipologia guztietan. Laguntza teknikoek gora egin dute, batez ere fenomeno meteorologikoen edo liztorren habien ondorioz, eta 1.099 jarduketara iritsi dira. Salbamenduek (1.126) eta suteek (869) ere gora egin dute, eta salbamendua da talderik ugariena, irteera guztien % 33,4rekin. Zerbitzuak 2024an egindako esku hartzeen tipologiari dagokionez, % 26 suteei zegozkien, % 34 salbamenduei, % 32 laguntza teknikoei eta % 8 alarma faltsuei. Egindako esku-hartzeetan, 744 pertsona artatu ziren guztira, ebakuatutako eta zauritutako pertsonak barne.

Irteera gehiago baina larritasun txikiagoa

Beste datu aipagarri bat da larritasun handieneko esku hartzeen jaitsiera: 2024 osoan 3. mailako 10 larrialdi aktibatu ziren (larrialdi larriak, non 3 parkek edo gehiagok parte hartu behar duten), aurreko urtean baino bost gutxiago, eta ez zen 4. mailako larrialdirik erregistratu. Josu Idigorasek adierazi duenez, 2024an, “zerbitzuak 311 sutetan esku hartu du guztira hiri inguruneetan, 36 landaguneetan, 60 industria instalazioetan edo biltegietan eta 119 garraio azpiegituretan. Aurreko urtearekin alderatuta, industriako eta basogintzako suteek behera egin dute, eta hiri inguruneetako, landa inguruneetako eta garraio azpiegituretako suteek, aldiz, gora, eta horrek aldaketa bat islatzen du kudeatutako ezbeharren profilean”.

Parkeen arabera, irteera gehien izan zituena Bidasoakoa izan zen (897), ondoren Oria (517), Arrate (418) eta Zubillaga (391). Udalerriei dagokienez, Irun da berriz ere esku-hartze kopurutan lehena, eta ondoren datoz Errenteria, Eibar, Tolosa, Azpeitia eta Arrasate. Legazpi eta Azpeitia dira biztanleko irteera gehien dituzten udalerriak (10,85 eta 9,33 irteera 1.000 biztanleko, hurrenez hurren).

Nabarmendu behar da, halaber, urtearen bigarren erdia lehenengoa baino nabarmen ugariagoa izan zela, batez ere urrian, hilabete horretan kontzentratu baitzen esku-hartzeen bolumen handiena. Guztira, zerbitzuak batez beste 9 irteera gauzatu zituen eguneko.

Etorkizunari begira

Prentsaurrekoan, Berasaluzek azpimarratu du Gobernantza Sailak aurrera jarraitzen duela zerbitzua osatzen duten parkeen sarea modernizatzeko eta hobetzeko prozesuan, langileei eta herritarrei ahalik eta baldintza onenak eskaintzeko. Bidasoako eta Goierriko parkeetan dagoeneko amaituta dauden birgaitze energetikoen ondoren, iragarri du 2026an Zubillagako parkearen birmoldaketa integrala egingo dela, eta jauzi kualitatiboa izango dela segurtasunaren, funtzionaltasunaren eta efizientziaren arloan.

2024ko balantzeak Zerbitzua indartzeko egindako urratsak ere nabarmentzen ditu. Parke bakoitzeko dotazioa handitu egin da, suhiltzaile-kabu bat eta lau suhiltzaile izatetik kabu bat eta bost suhiltzaile izatera igaro da, eta horrek nabarmen hobetzen du edozein larrialdi motaren aurrean erantzun operatiboa emateko gaitasuna. Era berean, langileen prestakuntza espezializatua indartu da, funtsezko esparruetan programa espezifikoak eginez, hala nola garraioari aplikatutako teknologia berrietan, jokabide autolitikoa izateko arriskua duten esku hartzeetan arreta emanez eta lehen laguntzetan trebatuz.

Ekipamendu teknikoan ere hobekuntza garrantzitsuak egin dira, esku hartzeko jantziak osorik berritu baitira, 764.720 euroko inbertsioaren bidez. Punta-puntako egiturazko 400 jantzi erosi dira, ehun tekniko ultrarinez eginak, estres termikoa murrizten dutenak eta erorikoen aurkako arnes integratuak dituztenak.

Inbertsioen zenbateko orokorra 2,4 milioi eurotik gorakoa izan da. Horien artean, bi ibilgailu berri erostea nabarmentzen da: landa ingurunerako autobonba astun bat, sarbide zaileko eremuetara hornidura osoarekin mugitzeko diseinatua, eta ur ahalmen handiko ama-autobonba bat, hiri, industria edo baso sute handietan jarduteko prestatua. Gainera, lur orotako modulu berri bat gehitu da basoetan jarduteko.

Azkenik, diputatuak nabarmendu nahi izan du Gipuzkoako Zerbitzuak parte hartu duela Valentziako Erkidegoan DANAren ondoren egindako lurralde arteko operatiboan. 45 langile eta hainbat ibilgailu mobilizatu ziren bilaketa, erreskate eta ura kentzeko lanetan laguntzeko. Berasaluzek berariaz eskertu du suhiltzaile boluntarioen lana, eta harro agertu da zerbitzuko giza taldearen konpromiso boluntario eta solidarioagatik, izan ere, esan duenez, “modu eredugarrian islatzen du Gipuzkoaren ezaugarri diren erantzukizun eta elkartasun balioak”.

  

3617