Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko gakoak aztergai, topaketa digital batean

Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko gakoak aztergai, topaketa digital batean

Sektoreak egungo agertokian dituen joerak jorratu dituzte nazioarteko ospe handiko hainbat adituk, lurraldeko eragileekin batera.

2020/12/03

«Elkarrizketak. Etorkizuna eta Turismoa Gipuzkoan» topaketa digitala egin dute gaur nazioarteko ospe handiko hainbat adituren eta Gipuzkoako hainbat turismo eragileren parte hartzearekin, Foru Aldundiak antolatuta. Sektoreko profesionalen arteko ponentzien eta elkarrizketen bitartez, etorkizuneko hainbat gako landu dira, hala nola Covid-19aren osteko agertokirako bidea zabaltzen ari diren negozio ereduak, merkatu joerak, eta bide zein ideia berriak bilatzea, era horretan, mugikortasunaren murrizketak amaitzen direnean, Gipuzkoako sektoreko enpresek beren jarduerari berriro ekiteko ahalik eta baldintza onenak izan ditzaten. Horren guztiaren helburua da nazioarteko eta Estatu mailako turismo industrian, Gipuzkoak lehen mailako helmuga izaten jarraitzea eta postu hori indartzea.

Topaketak formatu digitala izan du batez ere, plato baten bidez, eta bertatik hainbat hizlarirekin konexioak egin dira eta Gipuzkoako profesionalak bertaratu dira.  200 pertsonak baino gehiagok, gehienak lurraldeko sektoreko eragileak, jarraitu dute ekitaldia: turismo-bulegoetako arduradunak, eskualde-eragileak, ostatu-enpresetakoak eta turismo aktibokoak. Irekiera instituzionala Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak egin du. Egungo egoeraren diagnostikoa egiteaz gain, datorren urterako Aldundiaren jarduera-ildo nagusiak aurreratu ditu, Gipuzkoak “berezkoa duen turismo eredua iraunkorra, kalitatezkoa eta orekatua sendotzeko, ikuspegi ekonomikoa, soziala eta ingurugiro arlokoa uztartuz”.

Diputatuak "gorabidean" dagoen sektore baten garrantzia azpimarratu du; izan ere, sektore horren ekarpen ekonomiko % 25 hazi da lurraldean 2010 eta 2018 artean, eta 1.900 milioi eurora iritsi da, baina "pandemiak gogor zigortu du"; horren adibide, aurtengo udan pernoktazioak % 42 jaitsi dira, aurrekoarekin alderatuta. Enpleguaren eta jardueraren gaineko eragin hori arintzeko neurriak eta "sektorearen errealitate berrira egokitzeko etorkizuneko politikak" bateratzen jarraitzeko deia egin du du: "Gipuzkoak bere erakargarritasunari eusten dio, lehen mailako nazioarteko helmuga turistiko gisa. Susperraldia iritsiko da, baina etxeko lanak eginda iritsi behar dugu, gure aktiboetan oinarritutako eskaintza dibertsifikatuz: kultura, gastronomia, ingurune naturala, kalitatezko merkataritza…". Aurreratu duenez, Aldundia sektorea egituratzeko Plan Estrategikoa prestatzen ari da, eskualdeekin eta eragileekin "elkarlanean oinarritutako gobernantzan", eta gaurko topaketan ateratako ondorioek "ibilbide-orri hori orientatzeko eta aberasteko" balioko dute.

Sona handiko hizlariak

Hitzaldi aipagarrienak hauek izan dira: Antoni Gutiérrez-Rubí komunikazio aholkulariak turismoaren etorkizunari buruz hitz egin du; Natalia Bayonak, Turismoaren Mundu Erakundeko (TME) Berrikuntzako zuzendariak, pandemiaren testuinguruan, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren gaineko ikuspegia eskaini du; eta Joseba Cortázarrek, Vrbo-Expediako Europarako Marketing zuzendariak, familia turismoaren gakoak aztertu ditu 2021ko oporraldiei begira.

Era berean, Arantxa Neyrak (Conde Nast taldeko kazetaria), Gorka Lerchundik (Andaluziako Turismoko Sustapena), Raúl Jiménezek (MiNubeko CEO) eta Giuseppe Alipertik (Kyotoko Unibertsitateko Turismoko doktorea) tokiko ordezkariekin eztabaida egin dute, hala nola Idoia Ezkurdiarekin (Nekatur), Lore Urangarekin (ATRAE), Elena Estombarekin (Gipuzkoako Hotelak), Isabel Aguirrezabalarekin (Donostia Turismoa), Basagaitz Guereñorekin (Deustuko Unibertsitatea), Asier Peredarekin (Aparture) eta Aitziber Cortazarrekin (Debegesa).

  

1277