Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko gakoak aztergai topaketa digital batean

Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko gakoak aztergai topaketa digital batean

Datorren abenduaren 3an, sektoreak egungo agertokian dituen joerak aztertuko dituzte nazioarteko ospe handiko hainbat adituk.

2020/11/30

«Elkarrizketak. Etorkizuna eta Turismoa Gipuzkoan» topaketa digitala datorren ostegunean izango da, abenduak 3. Nazioarteko ospe handiko hainbat adituk eta Gipuzkoako hainbat turismo eragilek parte hartuko dute bertan. Sektoreko profesionalen arteko ponentzien eta elkarrizketen bitartez, etorkizuneko hainbat gako landuko dira, hala nola Covid-19aren osteko agertokirako bidea zabaltzen ari diren negozio ereduak, merkatu joerak, eta bide zein ideia berriak bilatzea, era horretan, mugikortasunaren murrizketak amaitzen direnean, Gipuzkoako sektoreko enpresek beren jarduerari berriro ekiteko ahalik eta baldintza onenak izan ditzaten. Horren guztiaren helburua da nazioarteko eta Estatu mailako turismo industrian, Gipuzkoak lehen mailako helmuga izaten jarraitzea eta postu hori indartzea.

Hitzaldi aipagarrienak hauek izango dira: Antoni Gutiérrez-Rubí komunikazio aholkulariak turismoaren etorkizunari buruz hitz egingo du; Natalia Bayonak, Turismoaren Mundu Erakundeko (TME) Berrikuntzako zuzendariak, pandemiaren testuinguruan, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren gaineko ikuspegia eskainiko du; eta Joseba Cortázarrek, Vrbo-Expediako Europarako Marketing zuzendariak, familia turismoaren gakoak aztertuko ditu 2021ko oporraldiei begira.

Era berean, Arantxa Neyrak (Conde Nast taldeko kazetaria), Gorka Lerchundik (Andaluziako Turismoko Sustapena), Raúl Jiménezek (MiNubeko CEO) eta Giuseppe Alipertik (Kyotoko Unibertsitateko Turismoko doktorea) tokiko ordezkariekin eztabaida egingo dute, hala nola Idoia Ezkurdiarekin (Nekatur), Lore Urangarekin (ATRAE), Elena Estombarekin (Gipuzkoako Hotelak), Isabel Aguirrezabalarekin (Donostia Turismoa), Basagaitz Guereñorekin (Deustuko Unibertsitatea), Asier Peredarekin (Aparture) eta Aitziber Cortazarrekin (Debegesa).

Topaketak formatu digitala izango du nagusiki, eta plato baten bidez egingo da. Plato horretan, konexioak egingo dira hainbat hizlarirekin, eta Gipuzkoako profesionalak joango dira bertara. Horri esker, mugikortasun murrizketak gorabehera, estatuko eta nazioarteko turismo sektoreko profesional ospetsuek beren esperientzia partekatu ahal izango dute. Topaketa jarraitu nahi duten guztiek doan egin ahal izango dute, horretarako prestatuko den streaming plataformaren bidez. Jardunaldiari buruzko informazioa eta izena emateko formularioa web orri honetan eskura daitezke: https://www.gipuzkoa.eus/es/gipuzkoaturismoa.

«Ezagutza sortu»

Ekimen honen bidez, sektoreak bizi duen ziurgabetasunaren testuingurua argitu nahi du Aldundiak, aurrekaririk gabeko krisi global honek balio kate osoari eragin baitio: hotelei eta ostatuei, turismo aktiboko enpresei eta enpresa hartzaileei. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu duenez, «Jarduerari eta enpleguari eusteko laguntzak eta neurriak antolatzeaz gain, sektoreko joera berriei aurrea hartu behar diegu, gure lehiakortasunari eusteko eta turismo eredu iraunkor eta arrakastatsua finkatzen jarraitzeko. Gaur egungo testuinguru aldakorrean, oso garrantzitsua da monitorizazio eta nazioarteko praktika aurreratuenen identifikazio lan hori egitea».

          Larrañagak adierazi duenez, topaketak aukera emango du Gipuzkoako turismo eragileak eta enpresak «esperientzia aurreratuekin eta nazioarteko ospe handiko eragileekin konektatzeko, sektorearen bilakaeraren eta etortzeke dagoenaren inguruko ezagutza sortuz eta partekatuz. Aldundiaren sustapen politikak bideratzeko aukera ere emango digu. Susperraldia iritsiko da, eta bitartean, estrategia argi batekin gogor aurre egiteko prestatu behar dugu».

  

1409