Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako udalek 290.000 euro jaso dituzte herritarren partaidetzako proiektuak bultzatzeko

Gipuzkoako udalek 290.000 euro jaso dituzte herritarren partaidetzako proiektuak bultzatzeko

Aldundiak handitu egin du laguntza horien zenbatekoa, lurraldeko udalekin adostuta.

2018/07/11

Gipuzkoako Foru Aldundiak 289.879,61 euro bideratu ditu aurten lurraldeko udaletara, herritarren partaidetzako proiektuak susta ditzaten. Inbertsio hori 2017koa baino nabarmen handiagoa da, iaz 120.000 eurokoa izan baitzen, eta alor horretan udalekin lankidetza bultzatzearen aldeko apustuari erantzuten dio, "herritarrengandik gertuen dagoen maila instituzionala diren aldetik. Beraz, oso garrantzitsua da beraien lana harreman irekia finkatzeko herritarrekin, partaidetza eta komunikazioko bide berriak irekitzeko, eta, halaber etorkizuna elkarlanean eraikitzeko", adierazi du Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak.

Deialdi honen helburua da udal esparruan garatzen diren prozesu parte hartzaileak sustatzea, eta, horrela, bultzada bat ematea herritarrek berdintasunean arlo publikoa kudeatzeko eta hari buruzko erabakiak hartzeko eskubideari, eta, aldi berean, udalek partaidetza hori sustatzeko duten gaitasuna indartzea. Ardatz nagusietako bat da laguntza ematea udalerri txiki eta ertainei, prozesu mota horiek garatzeko beharrezko diren giza baliabide eta baliabide ekonomiko gutxi dutelako. Horrela, 83.129,06 euro bideratu dira 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietara, eta 80.608,62 euro, berriz, 2.000 eta 10.000 arteko biztanle kopurua duten udalerrietara. Bestalde, udalerri bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izan ditu, eta ez bakarra, orain arte bezala.

Guztira, 51 proiektu babestu dira diruz lurralde osoan zehar, aurreko urtean baino 15 gehiago. Horietako askok xede dute partaidetza modu integralean sustatzea, eta herritarrak barne hartzea herritarren parte hartzerako edo gobernu irekirako planak eta ordenantzak diseinatzerakoan, adibidez, Baliarrain, Zerain, Tolosa, Urretxu eta Zumarragan. Gero eta ohikoagoak dira ere udal aurrekontuetan herritarren partaidetza bermatzea bilatzen duten ekimenak, hala nola Abaltzisketa, Orendain, Irun, Hernani, Oñati Arrasate eta Urnietakoak. Ezkion eta Adunan, berriz, herriaren etorkizunaren inguruko gogoeta partekatua egingo dute.

Beste proiektu batzuk instalazio edo espazio publikoen erabileraren edo diseinuaren definizioarekin lotutakoak dira, adibidez Aizarnazabalen –plaza-, Araman –Apaiz Etxea-, Iruran –udaletxearen erreforma-, Bergaran –Osintxu auzoa-, edota Astigarragan –Ergobiko gune historikoa-. Aipatzekoak dira ere modu espezifikoan haur edo nerabeen partaidetza bultzatzen dituzten proiektuak –Pasaian, Zestoan eta Idiazabalen, esaterako-; berdintasun politikak garatzen dituztenak –Emakumeon Plaza Astigarragan eta indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloaren definizioa Anoetan-; edo teknologia berriak oinarri gisa dituztenak. Azken arlo horretan jardungo dute Orexan, Eibarren –gobernu irekiko ‘microsite’-a garatuko dute- eta Getarian, non Aiora izeneko aplikazioa ezarriko dute, herritarrekiko harremana errazteko eta hainbat tramite arintzeko.  

Lasak azpimarratu duenez,  Herritarren Partaidetzako Gipuzkoako Erakundearteko Guneak onartu ditu laguntza horiek; izan ere, 2017an sortutako erakunde horrek lurraldeko udalak, tokiko erakundeak, eta Aldundia elkartzen ditu.  Helburua da herritarren partaidetzako politikak toki mailan indartzea, baliabideak partekatzeko, jardunbide onak identifikatu eta partekatzeko, eta horien aplikazioa sustatzeko sarea osatzen duten erakundeen artean. “Kolore politiko guztietako udalek egindako proposamenak kontuan hartuz zehaztu ziren diru laguntza hauen oinarriak, eta aho batez onartu ziren. Aurrekaririk gabeko akordioa da, eta adostasunaren bidetik jarraitu behar dugu, partaidetzari lehentasuna emanaz”, esan du.

Diru laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzen artean, lehentasuna dute parte hartzeko aurrez aurreko espazioek eta teknologia berriek; desburokratizazioaren, eraginkortasunaren, irisgarritasunaren, gardentasunaren eta erabakiak hartzeko orduan herritarren inplikazioaren printzipioak sustatzen dituzten alderdiek;  prestakuntza, ekintzailetasuna eta udalaren ahalmena indartzen dutenek herritarren partaidetzari dagokionez; eta prozesuen kalitate demokratikoa ebaluatzeko irizpideak. Berrikuntza gisa, oinarrietan kontuan hartu dira aurten ezberdintasuna errespetatzeko eta inor ez diskriminatzeko printzipioak.

Lasak azpimarratu du prozesu horiek guztiek eragin oso positiboa dutela “herritarren bizitza kalitatean, eta interes publikoko ekimen zehatzak” hartzen direla ardatz bezala. “Halaber, baliagarriak dira partaidetza normalizatu eta zabaltzeko, eta herri politikak indartu eta legitimatzeko, eraginkorragoak izan daitezen. Eta harreman eta lotura kolektiboak sendotzen dituzte, etorkizunari elkarlanean aurre egiteko bidea indartuz”.  Diputatuak garrantzitsutzat jo du euskal erakundeak gobernantza eredu berri baten alde egiten ari diren apustua, eta nabarmendu egin du eredu horren barruan udalek duten garrantzia.
  

1505