Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako udalerri txikietako biztanle guztiek banda zabal ultraazkarrerako konektagarritasuna izango dute 2022rako

Gipuzkoako udalerri txikietako biztanle guztiek banda zabal ultraazkarrerako konektagarritasuna izango dute 2022rako

Aldundiak 2 milioiko laguntza deialdi bat jarri du abian, banda zabala 2.500 biztanletik beherako herrietara zabaltzeko.

Aldundiak 2022an amaituko du banda zabal ultraazkarra Gipuzkoako udalerri txikietako biztanleria osora hedatzeko prozesua. Horretarako, joan den asteartean, Diputatuen Kontseiluak 2 milioi euroko laguntza deialdia onartu zuen telekomunikazioetako operadoreentzat, hirigunearekin lotuta ez dauden eta 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan dauden higiezin unitate sakabanatu guztiei azpiegitura hori emateko. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita –aste honetan dago aurreikusita. Lanak burutzeko epea, berriz, 18 hilabetekoa izango da.

2018an, Aldundiak deialdi berezi bat jarri zuen abian, guztira 2.356.000 euroko inbertsioarekin. Horri esker, gaur egun, udalerri txikietako 2.000 baserrik konexio ultraazkarra dute. 2.500 biztanle baino gutxiagoko Gipuzkoako herrietan herriguneetatik 2 kilometro baino gutxiagora kokatutako baserri, etxebizitza eta nekazaritza instalazioetako pertsonak izan ziren onuradunak. Kasu honetan, jarduketa planteatzen den eremuak, udalerri horietan bertan, orduan hedatu ez zirenak, eta Estatuko Idazkaritzak zuritzat jo dituenak dira, kokapenari dagokionez inolako mugarik gabe. Horri esker, konexioa 1.000 higiezin unitate berritara zabaldu ahal izango da. Banda zabalaren zabalpena 199 eremu barreiatu hartuko ditu, 40 udalerritan banatuta.

Gaur Aldundian egindako aurkezpenean, Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariarekin batera Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañaga egon da, eta azken horrek adierazi du apustua egin dutela Gipuzkoak “eremu guztietan desberdintasunak murrizteko, baita landa eta hiri munduaren artean ere, herri eta hirietako zerbitzu eta ongizate mailak parekatuz. Programa honen bidez, Leintz-Gatzagako eremu isolatu batean bizi den norbaitek Donostiako Boulevarden bizi den pertsona baten pareko Internet konexioa izatea lortzen dugu. Era berean, gure landa eremuen bizi kalitatea, erakargarritasuna eta lehiakortasuna hobetzen dugu, eremuok funtsezko papera betetzen baitute jarduera ekonomikoa sortzeko, iraunkortasunerako eta Gipuzkoako biodibertsitateari, paisaiari, kulturari eta idiosinkrasiari eusteko”.

Larrañagak adierazi duenez, proiektua “guztiz bat dator” Europak “Covid osteko ekonomia eta gizartea berreraikitzeko” bultzatzen duen etorkizuneko agendarekin, eta pandemiak agerian utzi du beharrezkoa dela “ekonomia, gizarte eta lurralde kohesioa oinarritzat hartuta eraikitzea etorkizuna, lurraldeko 88 udalerriak Gipuzkoa digitalera gehituz, eta telelanerako edo ekintzailetzarako euskarri bat eskainiz”. Ildo berean, gogoratu du Aldundiak aurreko legegintzaldiaz geroztik banda zabala hedatzeko egindako lanari esker, “konfinamendu garaian Gipuzkoako landa eremuetan bizi diren milaka pertsonak aukera izan zutela beren etxeetatik lan egiteko, semealabek eskolak jarraitzeko, edo aisialdiko edukiez gozatzeko urteko lehen seihilekoan, eta hori biziki eskertu dute”.

Xabier Arrutik zehaztu duenez, deialdi honen helburua da landa eremuetan edo iristeko zailak diren eremuetan banda zabalaren hedatzea sustatzea; izan ere, merkataritzarako soilik diren interesak kontuan hartuko bagenitu, banda zabaletik kanpo geratuko lirateke eremu horiek. Europako araudiak xedatutakoaren arabera, laguntza publiko hori ‘NGA gune zuri’ gisa katalogatutako eremuetara mugatu behar da, hau da, NGA banda zabaleko azpiegiturarik ez dagoen eremuetara, eta azpiegitura hori hiru urteko epean merkataritza baldintzetan garatzeko probabilitaterik ez dagoen eremuetara; zirkunstantzia horiek guztiak kontsulta publiko ireki baten bidez egiaztatu behar dira, urtero errepikatzen dena.

Telekomunikazioetako eta Azpiegitura Digitaletako Estatu Idazkaritzak egindako kontsultaren arabera, egiaztatu da deialdi honen onuradun diren eremuek ez dutela belaunaldi berriko sarerako konexiorik, ezta datozen hiru urteetan ezein operadorek hedatzeko planik ere. “Beraz, merkatuaren gabeziak zuzendu egiten ditugu, eta Aldundiak erantzuna ematen die Gipuzkoako biztanleriaren zati baten beharrei, bestela ez bailuke azpiegitura hain garrantzitsu batera konektatzeko aukerarik izango”, azpimarratu du Arrutik. Eremu onuradunen orografia korapilatsua dela eta, laguntzen gehieneko zenbatekoa % 95 izango da, beste euskal erakunde batzuek (Eusko Jaurlaritzak edo Arabako Foru Aldundiak, esaterako) bultzatutako proiektuetan jasotakoa baino handiagoa. Azpiegiturak eta obra zibila, ekipamendua eta beste material batzuk eta teknikarien gastuak lagunduko dira, besteak beste.

Legealdiko helburua

Orain arte egindako lana hirugarren mugarri batekin osatuko da: landa inguruneko gainerako baserri eta etxeetara ere iristea. 4.000 inguru dira, txikiak ez diren udalerrietakoak. Horretarako, Aldundiak beste laguntza deialdi bat egitea aurreikusten du, Larrañagaren arabera Aldundiak ezarritako “asmo handiko helburua” osatzea ahalbidetuko lukeena: “Aukera ematea banda zabala Gipuzkoako landa inguruneko biztanle guztiei iristeko, non bizi diren kontuan izan gabe, eta, gainera, gainerakoen antzeko baldintzetan egitea, bai teknologiari dagokionez, bai prezioari dagokionez”.

 Deialdi hau gauzatzeko, Aldundia harremanetan dabil Gipuzkoako udalekin, elkarren arteko lankidetza sustatuz, konplexutasun tekniko, administratibo eta ekonomiko handiko proiektua baita. “Gipuzkoako banda zabal ultraazkarraren hedapena aitzindaria da Europan, eta Alemaniakoa, Frantziakoa, Erresuma Batukoa edo Italiakoa baino handiagoa proportzionalki. Prozesua osatzen badugu, munduko erreferente nagusien maila berean kokatuko gara, hala nola Korearen edo Japoniaren parean. Primerako aukera bat da eta aprobetxatu egin behar dugu”, adierazi du diputatuak.

Banda zabalaren abantailak

Azpiegitura horien instalazioari esker, zerbitzu hauek jartzen dira eskura: Interneteko konexio ultralasterra (gutxienez 300 mega simetriko segundoko), definizio handiko telebista eta bideozaintza zerbitzua. Azken horri esker, bakarrik bizi diren eta arreta berezia behar duten pertsonei arreta eman dakieke, hirugarren adineko pertsonen edo desgaitasuna duten pertsonen kasuan, adibidez. Bestalde, zerbitzu horrek aukera ematen du ganadua urrutitik zaintzeko, urrutitik lan egiteko edo baita nekazarien urruneko espazioak zaintzeko ere. Aurrerapen horiei esker, nabarmen murriztu da orain arte biztanle gehien dituzten eremuen eta landa ingurunearen artean dagoen arrakala digitala.

Gaur egun, datuak transmititzeko eta Internetera konektatzeko orduan komunikazio abiadura handiena ahalbidetzen duen baliabidea da hau; gainera, eboluzio eta hazkunde potentzial handiena duen teknologia da (4G edo 5G motako hari gabeko sareen gainetik), baita elkarreragingarritasunaren ikuspegitik ere. Horrez gain, konexioak aukera ematen du operadoreak etorkizunean eskaintzen dituen zerbitzu berrietara eboluzionatzeko, hala nola multimedia zerbitzu berrietara.

Urrats berri horrekin, Aldundiak berretsi egiten du lurralde orekaren aldeko apustua, landa ingurunean eta hiriguneetan bizi direnek bizitzeko eta lan egiteko baldintza berberak izan ditzaten. Gipuzkoako Foru Aldundia apustu politiko horren esparruan garatzen ari den ekintzak biltzen ditu LandaGipuzkoa programak, eta oinarrizko azpiegiturak (bideak, ur edangarri publikoa eta saneamendua) mantentzera eta hobetzera, arrakala digitala murriztera, jarduera erakartzera, gizarte zerbitzuak optimizatzera, despopulazioa saihestera eta abarretara bideratuta daude denak.

  

2689