Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Andres Arizkorreta Garciak, lurraldeko "garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari" egindako ekarpenagatik

Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Andres Arizkorreta Garciak, lurraldeko "garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari" egindako ekarpenagatik

Lurraldeko aitortza gorena eskainiko zaio CAFeko egungo presidenteari; gipuzkoar gizartearen baliorik onenak eta enpresa-sareak ongizateari eta gizarte kohesioari egiten dion "ezinbesteko" ekarpena ordezkatzen ditu

Urrezko Domina

Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio Andrés Arizkorreta Garcíari (Donostia, 1956), CAFeko egungo presidentea eta gipuzkoar eta euskal enpresekin konprometitutako pertsona, gure lurraldearen "garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari egindako ekarpen pertsonalagatik" eta gure industriaren izen ona "nazioartean" zabaltzeagatik. Foru erakundeak, lurralde historikoaren bereizgarri nagusia ematearekin bat, Arizkorretaren ibilbide pertsonal eta profesionalari aitortza egingo dio, Gipuzkoaren baliorik onenak eta, aldi berean, enpresa-sareak "ongizateari eta gizarte-kohesioari" egiten dion "ezinbesteko" ekarpena ordezkatzen dituelako.

Eider Mendoza diputatu nagusiak, Urrezko Domina jasoko duen herritarraren izena ezagutzera emateko gaur egindako adierazpenetan, nabarmendu ditu Arizkorretaren "egiteko modua eta Gipuzkoarekin duen konpromisoa". "CAFen hazkundean eta hedapenean erakutsitako lidergoa” da horren lekuko, bere esanetan, erreferentziazko enpresa bilakatu baita nazioartean mugikortasun iraunkorraren arloan. Arizkorretak "enpresa elkarte eta foroetan” duen partaidetza eta lurraldeko garapen sozioekonomikoari egindako ekarpena azpimarratu du, baita ere, Mendozak. "Bere konpromisotik, umiltasunetik, lankidetzarako gaitasunetik, hurbiltasunetik, zintzotasunetik eta ondo egindako lanetik abiatuta, Gipuzkoako eta gipuzkoar gizartearen balioak eta egiteko moduak ordezkatzen ditu", baloratu du.

 

Urrezko Domina emateko ekitaldia datorren urtarrilaren 12an egingo da, diputatuen kontseiluak dagozkion izapideak abiarazi ostean. Mendozak gogorarazi duenez, Gipuzkoa lurralde kohesionatua da, babes sozialean punta-puntako eredua du, eta errealitate hori, neurri handi batean, "enpresa sare indartsu eta lehiakor bati esker ematen da, unean uneko erronkei erantzunez, gaurko eta etorkizuneko gizartea” eraikitzen laguntzen baitu. "Eta enpresez ari garenean, pertsonez ari gara. Beren eguneroko lanarekin Gipuzkoa lurralde lehiakor, aberastasun-sortzaile, kohesionatu eta pertsona guztien ongizatea bilatzen duen hori eragiten duten pertsonez ari gara, zeini ez zaien beti beren ezinbesteko ekarpena aitortzen", adierazi du, gizon eta emakume enpresariei erreferentzia eginez. Arizkorretak bezala, gure udalerri, eskualde eta hirien garapen sozial eta ekonomikoan "funtsezko" papera jokatu eta jokatzen duten pertsonez, azken finean.

 

Andrés Arizkorreta Garcia, 1956an Donostian jaioa, Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da eta, 1980an CAFen lanean hasi zenetik, bere ibilbide profesional osoa Beasainen egoitza duen enpresan gin du, non ardura handiko hainbat kargu bete dituen. 1992an, Administrazio Kontseiluko kide bilakatu zen eta konpainiako zuzendari nagusi

izendatu zuten. 2006an, berriz, CAF taldeko kontseilari delegatu izendatu zuten, eta, 2015etik 2021era, presidente exekutibo. Gaur egun, konpainiako presidente ez-exekutibo ardura du bere gain.

 

Urte hauetan zehar, modu aktiboan parte hartu du lurraldeko elkarte ekonomiko nagusietako zuzendaritza organoetako kide gisa. Besteak beste, Adegin eta Confebasken parte hartu du, batzorde exekutiboetako kide gisa, bai eta ezagutza-klusterraren lehendakaritzan ere, eta CEITeko Kontseilu Estrategikoko kide ere izan da. Gaur egun, Euskal Enpresarien Zirkuluko lehendakariordea da; Donostia International Physics Center-eko patronatuko kidea; Lehiakortasunaren Euskal Institutuko eta Deusto Business School-eko kontseilaria; eta Jakiundeko kidea, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoa, alegia.

 

Urrezko Domina Foru Aldundiak eskaintzen duen aitortza gorena da eta 1982an eman zen lehen aldiz. Hauek dira orain arte saritutako pertsonak eta kolektiboak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Manuel Lekuona (1983), Donostiako Orfeoia (1985), Eibarko Armeria Eskola (1987), Carlos Santamaria (1991), Euskaltzaindia (1994), Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak (1998), Iñaki Gabilondo, Juan Celaya eta Jose Maria Setien (2003), Menchu Gal, Xabier Arzalluz eta Arrasateko kooperatiba-mugimendua (2005), Pedro Luis Uriarte, Carlos Garaikoetxea eta Jaime Garcia Añoveros (2005), Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiazaran eta Andoni Egaña (2006), Mikel Laboa (2008), lehen ikastoletako andereñoak (2009), Angel Olaran (2010), Nestor Basterretxea, Egunkaria eta Egin (2013), Benito Lertxundi (2014), Gipuzkoako harrera-familiak eta Ordena Publikoko Auzitegiak kondenatutako emakume gipuzkoarrak (2014), XX. mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Espainiako Estatutik Gipuzkoara etorritako pertsonak (2015), Juan Antonio Urbeltz (2015), Ramon Saizarbitoria (2016), frankismoaren biktimak (2017), Jakin taldea (2018), Aspegi (2019), Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioa (2021) eta Elkar Taldea (2022).

  

2471