Gipuzkoako zerga bilketa metatua %0,9 igo da irailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua %0,9 igo da irailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako Foru Ogasunak 2018an baino 29 milioi euro gehiago batu ditu
Zerga bilketa metatua %0,9 hazi da Gipuzkoan irailera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 3.081 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2018an baino 29 milioi euro gehiago batu dira. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) nabarmen hazi dira lan etekinen gaineko atxikipenak, lan merkatuaren egoera onaren adierazle, eta hazi egin da baita ere Sozietateen gaineko Zergaren bilketa. Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, igo dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) itzulketak, esportazioen hazkundea dela eta; eta baita PFEZko itzulketak ere, amatasun eta aitatasun prestazioen itzulketen eraginez.
Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 59,6 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,4). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 37,4 milioi gehiago batu dira eta (+%3,3). Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek erdibana egiten dira PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: gora egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 2,8 milioi (+%3,4) eta 1,2 milioi (+%3,4), eta behera ondare irabazien gaineko atxikipenek, 25,9 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%33,8).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 10 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 17,7 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 27,7 milioi eurotan murriztu dira. Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %4,4 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 36,9 milioi euro gutxiago: 8,5 milioitan hazi dira sarrerak (+%0,8), itzulketak 56,6 milioitan igo dira (+%12) eta lurralde arteko doikuntzak 11,3 milioi eurotan hazi dira (+%4,7).
Zerga berezien atalean, bere aldetik, Hidrokarburoen Zergaren bilketa 24,7 milioi eurotan hazi da (+%11,6) eta tabako laboreen gainekoa 2,9 milioi eurotan (+%3,1). Azkenik, Estatuarekiko doikuntzen zerga-bilketaren alorrean, 26 milioi euro gehiago bildudira BEZean eta 1,1 milioi hazi dira zerga berezienak.
Eranskinak:
2375