Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako zerga bilketa metatua %3,6 hazi da maiatzera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %3,6 hazi da maiatzera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017an baino 53 milioi euro gehiago batu ditu

2018/06/13

Zerga bilketa metatua %3,6 hazi da Gipuzkoan maiatzera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2017ean baino 53 milioi euro gehiago batu dira. Igoera azaltzen dute, sarreren atalean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Sozietateen gaineko Zergak eta Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) izandako bilakaera positiboak. Aitzitik, eragin negatiboa izan duten kontzeptuen artean, nabarmentzekoa da BEZaren Estatuarekiko doikuntzak jaitsi izana da. 
Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, datuen irakurketa positiboa egin du, eta zuzeneko zergen atalean izandako gorakada nabarmendu du (+%17,1). “Ekonomiak martxa onean jarraitzen du eta, bide horretatik, zerga bilketak ere hazkundeari eusten dio”, adierazi du. Aurreko hilabeteekin alderatuta hazkunde zifra murriztu izana, berriz, honela azaldu du: “Distortsioa pasa den urtean izan genuen ezohiko sarrera batek eragin du, 82,2 milioi euroko jaso baikenituen 2016. urtera arteko kupoaren desadostasunengatik”.
Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 38 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,9). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 10 milioi euro gehiago bildu baitira, eta kapital higikorren etekinen atalean, bere aldetik, 1,5 milioi gehiago. Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 62 milioi gehiago batu dira eta (+%12).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 22,2 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 5,5 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 27,7 milioi eurotan gutxitu dira. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %6,8 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 34 milioi euro gehiago: 31,2 milioitan hazi dira sarrerak (+%4,9), itzulketak 7,6 milioitan igo (+%3,3) eta lurraldeko arteko doikuntzak 10,5 milioitan hazi dira (+%10,4).

  

2045