Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako zerga bilketa metatua %6,6 hazi da irailera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %6,6 hazi da irailera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Foru erakundeak 2022an baino 224,3 milioi euro gehiago bildu ditu

2023/10/16
Gipuzkoako Foru Aldundia

Zerga bilketa metatua %6,6 hazi da Gipuzkoan irailera arte, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Guztira, 3.603 milioi euro bildu dira, hau da, 2022an baino 224,3 milioi gehiago. Sarrera gordinak %3,7 igo dira eta itzulketak %3,9 jaitsi. Zuzeneko zergen bilketa likidoa %10,7 igo da, zeharkako zergak %2,5 eta Estatuarekiko doiketak %0,4 handitu dira. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak azpimarratu duenez, zerga-bilketari buruzko datuak positiboak badira ere, “egungo testuinguru ekonomikoak zuhurtziaz jokatzera behartzen gaitu”.

Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan-etekinen atalean 119,8 milioi euro gehiago jaso ditu Ogasunak (+%9,0). PFEZa bere osotasunean hartuta %10,2 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 138,9 milioiko hazkundea izan da. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbia 53 milioi hazi da: sarrera gordinak 33,7 milioi igo dira, eta itzulketak 19,3 milioi eurotan gutxitu dira.

Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %3,4 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 29,8 milioi gehiago: diru-sarrerak 116,8 milioitan igo dira sarrerak (+%10,5), itzulketak 43,8 milioi eurotan txikitu dira (-%6,5) eta lurraldeen arteko doikuntzak 130,9 milioi eurotan txikitu dira (-%29,9). Zerga bereziei dagokienez, 3,5 milioi gehiago bildu dira tabako laboreen gaineko zergaren eskutik (%+3,7); Hidrokarburoen gaineko zergan 5,6 milioi gutxiago bildu dira (%-2,3); eta plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berriarekin 3,2 milioi jaso dira. Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzetan bilketa metatua, joan den urteko epe berarekin alderatuta, doikuntza horiek 29,6 milioi murriztu dira BEZean eta 26,1 milioi hobetu zerga berezietan.

  

1407