Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako zerga bilketa metatua %7,3 hazi da urrira arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %7,3 hazi da urrira arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017an baino 256 milioi euro gehiago batu ditu

2018/11/14

Zerga bilketa metatua %7,3 hazi da Gipuzkoan urrira arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira, 3.717 milioi euro batu dira, hau da, 2017an baino 256 milioi euro gehiago. Igoera azaltzen dute, sarreren atalean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Sozietateen gaineko Zergak eta Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) izandako bilakaera positiboak. Aitzitik, eragin negatiboa izan duten kontzeptuen artean, nabarmentzekoa da BEZaren Estatuarekiko doikuntzak jaitsi izana da. 
Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, datuen irakurketa positiboa egin du, eta zuzeneko zergen atalean izandako gorakada nabarmendu du: “Gure esku dagoen hori oso ondo doa”. Hala ere, gogoratu du azkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan Gipuzkoarentzako ezarritako hazkunde helburua %2,2koa dela. “Hilabete zehatz batzuetako gorakadek ez gaituzte despistatu behar, ezin dugu triunfalismo edota autokonplazentzietan erori: bi hilabete geratzen zaizkigu aurretik eta lan asko egin beharko dugu, urtea ondo itxi nahi badugu”, azaldu du. 
Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 65 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,5). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 6,4 milioi euro gehiago bildu baitira (+%44,2). Kapital higikorren eta higiezinen etekinen atalean, bere aldetik, 1,2 milioi euro (+%2,9) eta 0,7 milioi (+%3,3) gehiago batu dira, hurrenez hurren. Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 101,7 milioi gehiago batu dira eta (+%8,5).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 11,5 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 16,7 milioi euro gutxitu dira, baina itzulketak ere 28,1 milioi eurotan murriztu dira. Zerga berezien atalean, Hidrokarburoen gaineko Zergaren bilketa 17,8 milioi eurotan hazi da (+%5,8), eta Tabakoaren Laboreen gaineko Zergak 4,1 milioi eurotan egin du gora (+%4,5).
BEZari dagokionean, Aldundiak kudeatzen duen zatiaren zerga bilketa metatua %14,5 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 136,6 milioi euro gehiago: 52,5 milioitan hazi dira sarrerak (+%4,5), itzulketak 7,4 milioitan igo (+%1,4) eta lurraldeko arteko doikuntzak 91,5 milioitan hazi dira (+%30,1). Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzen atalean, zerga bilketa 51 milioitan murriztu zen BEZean eta 13,4 milioi eurotan zerga berezietan. 

Eranskinak:

  

1772