Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako zerga-bilketa metatuak % 7,4 egin du gora azarora bitartean, aurreko urtekoarekin alderatuta

Gipuzkoako zerga-bilketa metatuak % 7,4 egin du gora azarora bitartean, aurreko urtekoarekin alderatuta

Foru erakundeak 2023an garai berean bildu zuena baino 363 milioi euro gehiago bildu ditu.

Zerga bilketa

Gipuzkoako zerga itunduen diru bilketa metatuak % 7,4 egin du gora, aurreko urtekoarekin alderatuta. Guztira, 5.267,9 milioi euro bildu dira, 2022an garai berean bildu zena baino 363,6 milioi gehiago. Diru-sarrera osoak % 3,7 igo dira eta itzulketak % 7,9 jaitsi. Zuzeneko zergen bilketa likidoa % 12,2 hazi da; zeharkako zergena % 4,0 igo da, eta Estatuarekiko doikuntzei dagokiena % 3,2 jaitsi da.

Azarora arte izandako bilakaera positiboa honako hauetan izandako diru-sarreren hazkundeari zor zaio: lan-etekinen gaineko atxikipenak, BEZa, PFEZaren kuota diferentziala, sozietateen kuota diferentziala eta kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak. Era berean, BEZaren itzulketak eta zerga bereziengatik Estatuarekin egiten diren doikuntzen ondoriozko ordainketak murrizteak ere lagundu du datu horiek lortzen. Aitzitik, BEZaren doikuntzetako sarrerak murrizteak (bai lurralde arteko doikuntzengatik, bai Estatuarekiko doikuntzengatik), PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketak handitzeak eta ondare-irabazien gaineko atxikipenetako sarrerak jaisteak eragin negatiboa izan dute bilketa metatuan.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagokionez, lan-etekinen atalean 161,8 milioi euro gehiago bildu dira aurreko urteko aldi berean baino (+% 9). Ildo horretan, balantzea positiboa da, 2022an baino 222,7 milioi euro gehiagoko zerga-bilketa likidoarekin (+% 11,3). Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren sarrerak –enpresa-mozkinak zergapetzen ditu– 71 milioi igo dira azarora arte, 2022ko aldi berarekin alderatuta. Izan ere, diru-sarrera gordinak 53,1 milioi gehiago izan dira eta itzulketak 17,8 milioi gutxiago.

Foru Aldundiak kudeatutako BEZari dagokionez, bilketa metatua % 5,1 igo da, hau da, aurreko urteko aldi berean baino 66,4 milioi euro gehiago. Puntu honetan adierazi behar da Gipuzkoako diru-sarrerak 137,9 milioi igo direla (+% 9,1), itzulketak 122,3 milioi jaitsi direla (-% 13,6) eta lurraldeen arteko doikuntzak 193,8 milioi jaitsi direla (-% 28,4).

Zerga berezien bilketa erlatiboa % 3,7 igo da tabakoaren kasuan, hau da, 2022an baino 4,2 milioi gehiago; hidrokarburoen gaineko zerga, berriz, % 4,1 jaitsi da, hau da, 15,3 milioi euro gutxiago. Plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezi berriari dagokionez, aurten 4,0 milioi euro bildu dira.

Azkenik, Estatuarekiko doikuntzei buruzko kapituluan, bilketa metatua, aurreko urteko aldi beraren aldean, 47 milioi murriztu da BEZean, eta 30,3 milioi igo zerga berezietan. Hemen nabarmentzekoa da inportazioen BEZagatiko doikuntza 54,9 milioi

murriztu dela eta hidrokarburoen doikuntza dela-eta aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 26,1 milioi gutxitu dela.

Egoera geopolitikoa eta nazioartean dauden zalantzak gorabehera, Ogasun eta Finantza Sailak azarora arteko bilketari dagokionez egiten duen balantzea positiboa da. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuaren arabera, «zifra horiek erakusten dute ehun ekonomikoaren indarra eta etengabe aldatzen ari den ingurunera egokitzeko gaitasuna. Egungo testuinguruak zuhur jokatzera gonbidatzen gaitu, baina, aldi berean, konfiantza osoa izan behar dugu gure gaitasunetan, etorkizunean ager daitezkeen erronkei aurre egiteko».

  

635