Gipuzkoan dauden genero arrakalak murriztea du helburu Aldundiaren Berdintasunerako VI. foru Planak
Gipuzkoan dauden genero arrakalak murriztea du helburu Aldundiaren Berdintasunerako VI. foru Planak
Plan berriak helburu kuantifikagarriak finkatzen ditu 2027rako, hala nola Genero Berdintasunaren Indizean 75 puntu lortzea, berdintasunerako aurrekontua % 1,5-era handitzea eta foru langileen % 70 berdintasunean trebatzea

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Foru Plana, 2025-2027 aldiari dagokiona. Anbizio handiko ibilbide-orria da, Berdintasunerako Organoak sustatua, eta eremu guztietan genero-arrakala murriztea eta politika publikoetatik zuzenean eta eraginkortasunez eragitea du helburu. Horien nagusien artean dago Genero Berdintasunaren Indizean 75 puntu lortzea eta berdintasun politikek aurrekontu orokorrean duten pisua areagotzea, guztizkoaren % 1,5era iritsi arte. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Nerea Isasi, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak aurkeztu dute plana, eta nabarmendu dute “Gipuzkoarentzat urrats erabakigarria dela berdintasunarekin konprometitutako erakunde publikoen abangoardian kokatuko duena”.
Aurkezpenean azpimarratu duenez, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna da lurraldearen ongizatearen eta aurrerapenaren oinarria, eta azpimarratu du Gipuzkoa ezin dela eremu horretan gelditu”. Mendozaren arabera, “adierazleek gure lurraldea Europa osoarekin alderatuta posizio aurreratuetan kokatzen badute ere, oraindik badira aurrera egitea premiazkoa den eremuak, eta Gipuzkoak erabaki eta lidergo espazioetan emakumeen ordezkaritza handitzeko eta lan eta zaintza denborak modu bidezkoagoan birbanatzeko ahaleginak egin behar ditu, soldata eta okupazio arrakalen murrizketa alde batera utzi gabe. Berdintasunerako IV. Foru Plana, hain zuzen ere, erronka horiekin lerrokatzen da, eta horiei aurre egiteko konpromiso eta proiektu estrategikoak ezartzen ditu”.
Mendozak berretsi du Aldundiaren konpromisoa “erabatekoa eta irmoa” dela, eta gogorarazi du politika publikoen eta aurrekontuaren berrikuspen sakona egin dela ikuspegi feminista batetik. “Erakunde aurreratua eta berdintasunaren esparruan aitzindaria garela esateaz gain, ekintzekin erakusten dugu: berdintasuna gure ekintza publiko guztia bideratzen duen ardatza da”, adierazi du. Ildo horretan, azpimarratu du Aldundiak betebeharren zerrenda argia jarri duela, “adierazle guztiak hobetzeko eta, bere eguneroko jardueratik, aldaketa sakon bat gidatzeko, foru departamentu guztiei ere eragiten diena”.
Konpromisoa eta helburuak 2027rako
IV. Foru Planak bere eragina eta garapena ebaluatzeko aukera emango duten konpromiso neurgarriak ezartzen ditu. Helburu nagusien artean, Genero Berdintasunaren Europako Institutuaren Genero Berdintasunaren Indizean 75 puntu lortzea dago. Erreferentziazko tresna da, eta berdintasunaren maila neurtzen du hainbat dimentsiotan, hala nola lanean, diruan, denboran, boterean, osasunean eta ezagutzan. 2021ean, Gipuzkoak 74,5eko puntuazioa zuen, EAEko batez bestekoaren berdina (2021eko rankinga: Suedia 83,9, Danimarka 77,8, Herbehereak 75,9). Planak berdintasun politikek aurrekontu orokorrean duten pisua handitzea ere aurreikusten du, guztizkoaren % 1,5era iritsi arte. Gaur egun, Berdintasunerako Organoaren baliabideak, sailetako berdintasun-unitateak eta eragin-ekintza nagusiak batuta, zifra hori % 0,95ekoa da.
Beste funtsezko konpromisoetako bat da 2027rako foru plantillako 10 kidetik 7k berdintasuna gaietako trebakuntza jasotzea. Langileei eskaintzen zaien oinarrizko prestakuntza (gutxienez 20 ordukoa) indartuko da, langileen %9,22ra iritsi arte. Halaber, 300 ordu baino gehiagoko prestakuntza espezializatua berdintasun unitateen eta Organoko langileen %62,4ri eman nahi zaie. Zainketa-kooperatibetan sartuta dauden emakume zaintzaileen kopurua ere % 30 inguru handitzea aurreikusten da, eta eredu hori lurraldeko zaintza-estrategiaren barruan sustatu nahi da. Udal-eremuan, berdintasunean espezializatutako teknikariak dituzten udalen kopurua % 40 handitzea aurreikusten da, egungo 17tik 24ra, hain justu. Aldi berean, Emakumeen Etxe berriak abian jartzea eta daudenak indartzea sustatuko da, gaur egun 14 baitira lurralde osoan. Azkenik, planaren helburua da foru-zerbitzuen bidez arreta jasotzen duten indarkeria matxista gainditu duten emakumeen % 80k beren egoera hobetzea lortu nahi da esku-hartze prozesua amaitzean. 2023an 1.541 emakume artatu ziren baliabide horien bidez.
Aldundiaren azterketa osoa
Planaren abiapuntua egungo egoeraren diagnostiko zehatza da, eta zortzi departamenturi dagozkien 16 aurrekontu-programa landuko ditu sakonean, hau da, foru-aurrekontuaren % 25 baino gehiago. Nerea Isasi Berdintasun arduradunak azaldu duenez, “erradiografia horri esker, politika publikoen diseinuari, sarbideari eta emaitzei eragiten dieten genero arrakala esanguratsuak detektatu ahal izan dira. Hala, adibidez, identifikatu da emakumeak buru dituzten familiek pobrezia energetikoa jasateko % 64,5 arrisku handiagoa dutela; Zaintzarako Prestazio Ekonomikoa jasotzen duten familia inguruneko hamar zaintzailetik zazpi emakumeak direla; sektore maskulinizatuek ( % 98), bidezainek ( % 97,1) edo basozainek ( % 93,3) emakumeen ordezkaritza oso txikia dutela; sektore feminizatuetan, berriz, emakumeak gehiengoa dira ( % 100) edo administrazioa ( % 83), baina presentzia txikiagoa dute zuzendaritza postuetan (zerbitzuko buruzagitzen % 40). Kontziliazioaren esparruan, baimen eta lizentzien eskaeren % 91 emakumeek aurkezten dituzte, eta telelanean ari direnen artean ere gehiengoa dira ( % 76). Kulturan eta eskola-kirolean, emakumeek parte-hartze txikiagoa izan dute laguntza-programetan eta jardueretan, eta 20 punturainoko arrakala dago.
6 proiektu eraldatzaile
Diagnostiko horretan oinarrituta, IV. Foru Plana sei proiektu estrategikoren bidez hedatuko da. Proiektu horiek 1.348.000 euroko aurrekontu propioa dute, eta hainbat foru departamenturekin lankidetzan bultzatuko dira. Lehenengoa Berdintasunerako Behatokia da, 244.388 euroko zuzkidura duena. Horri esker, lurraldeko berdintasun-adierazleen etengabeko jarraipenerako eta informaziorako sistema adimenduna garatu ahal izango da. Bigarren proiektua foru plantillaren trebakuntzan eta kalitate estandarren hobekuntzan oinarritzen da, eta 134.734 euro izango ditu barne prestakuntza esparrua hobetzeko eta berdintasunerako foru antolaketa indartzeko. Hirugarren proiektuak, Berdintasunerako Foru Aurrekontua izenekoak, 234.120 euro ditu esleituta, eta genero ikuspegia garrantzi handieneko aurrekontu programetan txertatzen jarraitzea ahalbidetuko du: aurrekontua osatzen duten 95 programetatik 43 bereziki esanguratsutzat identifikatu dira inpaktuari dagokionez.
Laugarren proiektuak, Lurraldeari begirada, 120.125 euroko zuzkidura du, eta tokiko politikak indartuko ditu, berdintasunean profesionalizazioa eta Emakumeen Etxeen lurralde-hedapena sustatuz, lurralde osoan emakumeen ahalduntzean sakontzeko. Bosgarren proiektuak zaintza kooperatibak sortzea eta sendotzea bultzatuko du, 122.000 euroko aurrekontuarekin, prestakuntza eta laguntza ibilbideak diseinatzeko. Azkenik, seigarren proiektuak indarkeria matxistaren aurrean foru arretako prozesuetan emakumeen ahalduntzea landuko du, esku hartzeko baliabideak eta protokoloak berrikusteko, egokitzeko eta indartzeko 189.000 eurorekin.
Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, plana “ez da plangintza-dokumentu soil bat, ahalmen handiko tresna eraldatzaile bat baizik, erakunde gisa berdintasunerako bidean aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen duena, ekintzekin eta politika zehatzekin. Jauzi kualitatibo honek guztiontzat eraiki nahi dugun gizarte eredura hurbiltzen gaitu ”.
3550