Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei elkarlanean aurre egiteko 28 proiektu berri babestuko ditu Aldundiak

Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei elkarlanean aurre egiteko 28 proiektu berri babestuko ditu Aldundiak

2016an Etorkizuna Eraikiz programako dirulaguntza deialdia abiarazi zenetik, lau ediziotan dagoeneko 86 proiektu berritzaile gauzatu dira, lurraldeko ehunka gizarte eta ekonomia eragileren partaidetzarekin

Gizarte eta ekonomia alorreko hainbat eragilek eta eskualdeetako garapen agentziek bultzatutako 28 proiektu berritzailek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko dute, Etorkizuna Eraikiz programaren dirulaguntza deialdiaren bitartez, lurraldearen etorkizuneko desafioei elkarlanean aurre egiteko helburuarekin. Aurtengo deialdira 84 proposamen aurkeztu dituzte eta, horien guztien artean, aukeratutako egitasmoak martxan jarri eta garatzera 700.000 euro bideratuko dira, Aldundiko Gobernu Kontseiluaren ondoren Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur jakitera eman duenez.

Kudeaketa Estrategiako zuzendari Sebas Zurutuzarekin batera eskainitako agerraldian Lasak adierazi duenez, batetik, deialdi honen helburu nagusia izan da “Gipuzkoak dituen etorkizuneko erronkei erantzuna” emango dioten ekimenak bultzatzea; “herritarren partaidetza, belaunaldi arteko bizikidetza, gazteek lan-munduan bizi duten errealitatea eta euskararen egoera”, kasu. Hor kokatzen dira diruz lagundutako proiektuetatik 18. “Aipamen berezia merezi dute migrazioaren desafioari ikuspegi komunitario batetik erantzun nahi dioten egitasmoek, inklusioa eta gizarte kohesioa bultzatzen duten dinamika berritzaileak sortuz”, gaineratu du. Bestetik, osatu duenez, garapen agentziek bultzatutako hamar proiektuk ere jasoko dute laguntza, zeinak helburu duten eskualdeetan “garapen kolaboratiborako egiturak eraikitzea”.

“Bakoitzak bere eremutik”, egitasmo horien guztien “izaera berritzailean” jarri du arreta foru bozeramaileak. Bere esanean, “eragile sozio-ekonomiko, gizarte antolatu eta erakundeen arteko gobernantza kolaboratiboaren bitartez”, lurraldearen etorkizuneko lehentasunak lantzeko aukera eskaintzen dute. Guztira, deialdiaren ebazpenarekin, 2016an Etorkizuna Eraikiz programaren lehen deialdia argitaratu zenetik, dagoeneko 86 egitasmo gauzatu dira, ehunka eragile, entitate eta erakunderen partaidetzarekin. Lasak goraipatu duenez,  proiektuok “dagoeneko Gipuzkoako gizartea eta ekonomia eraldatzen” ari dira, “elkarlana, partaidetza eta berrikuntza” oinarri hartuta.

Horrela, Sebas Zurutuzak xehetu duenez, 2019ko deialdiaren bitartez honako esparru hauek jorratuko dira: kudeaketa publikoaren gobernantza kooperatiboko eta berrikuntza sozialeko eredu berriak; lurraldeko komunitate garapeneko proiektuak eta inguru naturala eta landa ingurua ezagutzeko eta balioesteko helburua dutenak; eskolaumeen partaidetza sustatzea eta, oro har, gazteena, etorkizuneko hausnarketa eta eraikuntza kolektiboan; belaunaldien arteko lotura sustatzea ezagutza eta komunitate garapena eskualdatzeko, balioaren zahartzea eta adinaren zahartzea antolakuntzetan; euskararen sustapena bizitzaren arlo guztietan, bereziki eraldaketa globalarekin zerikusia duten planteamenduetan, eta migrazioaren desafioari ikuspegi komunitario batetik erantzutea.

Adinberri programako dirulaguntzak

Gobernu Kontseilu berean onartu dute, baita ere, Adinberri programako dirulaguntzen aurrekontua. Deialdi honen helburua da zahartzaro osasungarriaren esparruan eragina izan dezaketen I+G+B jarduerak babestea, sistema soziosanitarioaren bikaintasuna lortzea eta alor horretako industriaren lehiakortasuna sustatzea. Milioi bateko aurrekontua izango du deialdiak.

Adinberri estrategiaren helburua, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, honako hau da: Gipuzkoak duen potentzial berritzailea maximizatzea eta zahartze osasuntsuaren zerbitzura jartzea, sistema soziosanitario bikaina bultzatzea eta alor honetako industriaren lehiakortasuna indartzea. Eta xede horri begira, prestakuntza, ikerkuntza, berrikuntza, ekintzailetza eta inkubazio jarduerak egituratzea, Berrikuntzako Agenda Estrategikoaren arabera. Helburu horretara zuzendutako jardueren artean aurreikusita dago aipatutako diru-laguntza deialdia.

Iaz, deialdiaren lehen edizioan, Adinberri estrategiaren hiru ardatzetan kokatutako hamabost proiektuk jaso zuten dirulaguntza: 1) 55 urte baino gehiagoko pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetzea, eta haien zaintza asistentziala ere bai; 2) sistema soziosanitarioaren bikaintasunari eta haren epe luzeko iraunkortasunari laguntzea; 3) garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzea zahartzearen eremuko industrian. Esperimentazioa eta izaera pilotua izan zituzten ardatz proiektu guztiek.

LABeren irekiera

Foru Bozeramaileak ezagutzera eman du, era berean, LABe gastronomiaren eraldaketa digitalerako laborategiko obrak martxa onean ari direla gauzatzen eta inaugurazioa hilaren 19an egingo dela. Erreferentziazko zentro hau Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren baitan garatu da eta 1.400 metro koadroko azalera izango du, eta Donostiako Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroaren Prisman egongo da. Basque Culinary Centerrek kudeatuko du eta Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren babesa du.

“LABeren irekierarekin, Gipuzkoak izango du espazio bat sorkuntza partekaturako, esploraziorako, esperimentaziorako eta kontzeptu, produktu, zerbitzu eta esperientzia berriak balioztatzeko”, azaldu du Lasak. “Berrikuntza irekirako living lab-a” izango da eta bere bi solairuetan instalatuko dira startupak eta industria uztartuko dituen co-workingeko espazio bat; garapen gastronomiko berriak, produktu berriak, zerbitzuak eta esperientziak prototipatzeko ikerketa-laborategi bat; mini-anfiteatro bat; bilera-gelak; sukaldeak; 360º-ko esperimentazio-areto bat, gastronomian murgiltzeko esperientziak eskaintzeko; eta publikoari irekitako jatetxe-espazio bat, startupek konponbide teknologikoak ingurune erreal batean probatu ahal izan ditzaten.

Azpiegitura hau Montegui Construcciones, Foraster arquitectos, Boslan eta DOT enpresek diseinatu dute eta haren xedea da, Lasak xehetu duenez, ekarpen aktiboa egitea sektorearen “trantsizio digitalaren sustapenean” eta lurraldeko “ekosistema gastronomiko bikaina” osatzen duten eragile guztien “gaitasunen indartzean”: enpresa espezializatuak, ostalaritzaren sektorea, elikagaien eraldaketan eta banaketan diharduten konpainia berritzaileak eta I+B+G-aren esparruko eragileak.

“Gastronomiaren digitalizazioa errealitatea dagoeneko, teknologia berriak bezeroaren eta establezimenduen kudeaketaren zerbitzura ipini dira. LABek sektoreko agenteekin aliantzak osatzearen eta esperimentazio aktiboko prozesuak abiaraztearen aldeko apustua egingo du, Etorkizuna Eraikizen bi ikur adierazgarriak baitira horiek. “Nazioarteko erreferentzia bilakatuko da, gastronomia digitaleko berrikuntza laborategi gisa, eta jarduera ekonomiko berriak sustatzeko ere balioko du”, adierazi du.

Basarteko biribilgunea, Azkoitia eta Azpeitia artean

Azkoitia eta Azpeitia artean kokatuta dagoen Munategi inguruan, GI-631 errepidean, Basarteko bidegurutzean biribilgune bat eraikitzea onartu du Gobernu Kontseiluak. Proiektuak jasotzen du biribilgune bat eraikitzea, 42 metroko diametrokoa, hiru adarrekin (Basarte poligonoa, Azkoitia, eta Azpeitia); baita ere, bi autobus geraleku eta oinezkoen nahiz ziklisten pasabide bat atontzea.

Bi herrietako udalek eta industriguneko enpresek egindako eskaerari erantzuna ematen dio proiektu honek eta, gainera, bidegurutzean sortzen diren egoera gatazkatsuak ekidin nahi ditu. Aipatzekoak dira, besteak beste, egoera hauek: alde batetik, istripuak, aipatutako industrialdera sartzeko eta handik irteteko maniobrak egiteko garaian; bestetik, oinezkoentzako arriskua, aipatutako errepidea gurutzatzerakoan, poligono aldeko espaloitik pasealekura joateko; eta azkenik, leku segururik ez egotea autobusak gelditzeko.

Bide Azpiegituretako departamentuak dagoeneko informazio publikoko fasean eduki du proiektua eta 2019an zehar proiektua lizitatzea aurreikusten du, 2020an obrak burutu ahal izateko. Aurrekontua 450.000 eurokoa da eta lau hilabeteko epea aurreikusten du proiektua gauzatzeko.  
  

1477