Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 4,4 milioi Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasuna eta eraldaketa indartzeko

4,4 milioi Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasuna eta eraldaketa indartzeko

Eider Mendoza foru bozeramaileak dirulaguntzen programa aurkeztu du; zortzi laguntza-lerro espezifikoko ditu.

Gobernu Kontseiluak Gipuzkoako enpresa-sarearen aukerak, balio bereizgarria eta jasangarritasuna sustatzeko dirulaguntza-programaren berri eman du. 4,4 milioi euro bideratuko dira programa horretara, eta lurraldeko ETEak, enpresa-elkarteak eta klusterrak baliatu ahal izango dira hartaz, besteak beste. Programak zortzi lerro ditu, horietako bi berriak. Foru bozeramaileak nabarmendu duenez, Aldundiak lerro horiekin “sare ekonomikoaren eraldaketa, dibertsifikazioa eta, horrekin batera, lehiakortasuna sustatu nahi ditu. Susperraldi ekonomikoari eusten lagundu nahi dugu, lurralde gisa bereizten gaituzten ezaugarriak eta egiteko moduak indartuz, eta ekonomia aurreratu, erresiliente eta jasangarri bat finkatuz”.

Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko. Bertan gogoratu du Aldundiak Gipuzkoako ehun ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko Ekonomia Indartuz planaren parte den programa bat egonkortu duela aurten: “Gure ongizatea, gaurkoa eta biharkoa, ekonomia indartsu batean oinarritzen da. Gure enpresa-ereduak pertsona erdigunean jartzen du, lurraldearekiko konpromisoa eta etorkizunerako bokazioa ditu, eta aberastasuna modu jasangarri eta orekatuan sortzea bermatuko du. Helburutzat izango du, orobat, gure gizarte arretako eredua sostengatzea, eta Europako desberdintasunik txikienetakoa den lurraldeetako bat izaten jarraitzea. Horregatik, jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustera bideratutako neurri koiunturalak antolatzen ari gara, COVID-19aren inpaktuaren aurrean ahulenak diren sektore eta pertsonak beste ekintza batzuekin babestuz, etorkizunerako prest egon gaitezen”, azaldu du bozeramaileak.

Deialdiari buruzko informazio guztia Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren webgunean eskura daiteke: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia. Eskaerak helbide honetan aurkeztu beharko dira: http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa. Epea irekita dago, eta uztailaren 19an amaituko da.

Dirulaguntza-lerrorik handiena aukerak eta gaitasunak balio eremu bihurtzera bideratutako lerroa da, 1.425.000 euro bideratzen baitira horretara. Babestutako jardueren artean, honako hauekin lotutakoak daude: barne ekintzailetza, gaurko eta biharko ikuspegia (egungo gaitasunak ustiatzea, eta aldi berean, etorkizuneko garapenerako aukera berriak aztertzea), prospektiba eta aurrea hartzea negozio aukera berriak sortzeko, funtsezko gaitasunak, serbitizazioa, edo lurraldeko enpresek lehendik kanpoan egin dituten ekoizpen jarduerak Gipuzkoara itzultzea (reshoring).

Halaber, 400.000 euro bideratuko dira enpresa-jarduerak jarrai dezan bultzatzen duten proiektuak finantzatzeko, eta 260.000 euro enpresen arteko lankidetza bultzatzeko. Lehenengo ildoaren helburua da enpresaren ondorengotza eta/edo transmisioa planifikatzen laguntzea, enpresa-transmisioko prozesuak garatzea eta belaunaldi erreleboa bermatzea. «Ez dugu ahaztu behar enpresa bat sortu eta hazi ondoren, transmisioa haren bizi zikloaren hirugarren funtsezko fasea dela, eta ezinbestekoa dela sustraitzea bermatzeko», adierazi du Mendozak. Bigarren ildoaren arabera, honako hauek sustatuko dira: enpresa-lankidetzako ereduen diseinua eta aplikazioa, enpresa-dimentsio berrien artikulazioa edo lankidetzan diharduten enpresen lehiakortasun eta jasangarritasun handiagoa ekarriko duten lankidetza-proiektuen garapena. «Geroz eta konplexuagoak eta aldakorragoak diren agertokien aurrean, enpresen gaitasunak eta ezagutza batuz erantzun behar dugu, are gehiago batez ere ETEz osatua den gurearen moduko sare ekonomiko batean», gogorarazi du bozeramaileak.

 

Jasangarritasuna

Jasangarritasuna –bai ekonomikoa, bai soziala, bai ingurumenekoa– programaren beste printzipio nagusietako bat da; izan ere, komunitatearekin batera ekonomia- eta gizarte-balioa sortzen duen eta etorkizuneko erronkekin konprometituta dagoen eragiletzat hartzen da enpresa. Horrela, 725.000 euro bideratuko dira ekonomia zirkularra enpresa-jardueraren balio kate osoan integratzeko, 275.000 euro ekonomia sortzaileari balioa emateko eta horri lotutako proiektu berriak bultzatzeko, eta 270.000 euro Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) sustatzen dituzten proiektuak finantzatzeko.

Mendozak azpimarratu duenez, ekonomia zirkularrak «garapen aukerak sortzeko ahalmena du, hazkundea eta jasangarritasuna lotuz», eta garrantzitsua da «EBk lehentasunezko eremu gisa ezarri duen trantsizio ekologikoaren barruan». Hala, deialdi honen bidez laguntza eskainiko da Gipuzkoako enpresen ezaugarri, behar eta aukeretara egokitutako estrategiak diseinatzeko, enpresen eta beste eragile batzuen arteko lankidetza bultzatzeko, aukera-hobiak identifikatzeko, negozio ereduak ekonomia zirkularrerantz bideratzeko, bioekonomiaren enpresa-bideragarritasuna ahalbidetzeko, edo balio erantsiko negozioen eta jardunbide egokien modelizazioa lortzeko. Aipatutako hirugarren lerroari dagokionez, helburutzat hartzen da Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) jarduera ekonomikoan txertatzea, enpresek gizartearekin eta lurraldearekin duten erantzunkidetasuna sustatzea edo negozio eredu inklusiboak egituratzea.

 

Merkataritza babestea

Aurten, programak bi ekintza-lerro berri ditu. Lehenengoa, COVID-19ak eragindako krisialdiaren aurrean Gipuzkoako tokiko merkataritzari erresilientziaz eusteko da, eta 590.000 euro ditu. Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte sektorea mantentzeko eta berritzeko eta pandemiari eusteko hartutako neurriek sortutako inpaktuari aurre egiteko jarduerak egiten dituzten lurraldeko merkatari elkarteen multzoek edo federazioek. Zehazki, krisiaren ondorioak gainditzera bideratutako merkataritza-sektoreko estrategiak eta planak berriro definitzea bultzatuko da. Mendozak adierazi duenez, «krisi hau gure merkataritzak jada zituen erronkei gehitu zaie, hala nola digitalizazioari, lehia gero eta handiagoari, edo kontsumo ohiturak aldatzeari. Hori dela eta, testuinguru horri aurre egiteko elkarte ehuna egiten ari den ekintzak indartu nahi ditugu; izan ere, ehun hori nabarmena da gurean, haren jardueragatik eta dinamismoagatik».

          Azkenik, aurtengo bigarren lerro berriak, 500.000 euroko aurrekontuarekin, Gipuzkoako ekosistema sozioekonomikoan ezagutza sustatu, sortu, transferitu eta partekatzea du helburu. Testuinguru egokia sustatu nahi da trantsizio ekologiko, sozial eta ekonomikoek sortuko dituzten aukerak aprobetxatzeko ikerketaren, transferentziaren eta hedapenaren bidez, sare sozioekonomikoa balio erantsi eta/edo jasangarriko eremuetarantz eraldatuz, eta kalitatezko gaitasun eta enplegu berriak garatuz.

Kasu horretan, erakunde hartzaileak honako hauek izango dira: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikerketa-zentroak (Gipuzkoan kokatuak), enpresa-elkarteak eta/edo klusterrak, eta zerbitzu aurreratu espezializatuetako enpresak. Horrela, gaur aurkeztutako programaren ekintza-eremuei lotutako funtsezko ikerketako, industria-ikerketako edo garapen esperimentaleko proiektuak finantzatuko dira: balio erantsiaren aukera, jarduera ekonomikoaren jarraitutasuna, enpresen arteko lankidetza, ekonomia zirkularra, ekonomia sortzailea eta garapen jasangarria (GJH). Enplegu sorgune berriekin lotutako ikerketa-proiektuak ere aurkeztu ahal izango dira.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinekoen egoitzen erabiltzaileen ez dago kasu positiborik, eta langileen artean egun 3 pertsona daude diagnostiko positiboarekin 3 egoitza ezberdinetan. Gainerako baliabideetan ez da kasu positibo berririk atzeman azkeneko astean, ez eguneko zentroetan, ez desgaitasuna dutenei arreta ematekotan, ez gizarte inklusioan eta ezta ere adingabeei zerbitzua emateko zentroetan. 

  

1920