Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoarrek 18 proiekturen artean aukeratu beharko dute Aurrekontu Irekien bigarren fasean

Gipuzkoarrek 18 proiekturen artean aukeratu beharko dute Aurrekontu Irekien bigarren fasean

2.363 herritarrek hartu zuten parte ekimenaren lehenengo fasean, eta hortik atera diren 18 proiektuetatik 5 aukeratu beharko dituzte herritarrek.

Gipuzkoarrek 18 proiektutatik 5 aukeratu beharko dituzte, ekainaren 30aren eta uztailaren 25aren artean egingo den 2021eko Aurrekontu Irekien bigarrengo fasean. Otsailean eta martxoan egin zen ekimenaren lehenengo fasea eta, bertan, 2.371 proposamen aurkeztu zituzten 2.363 herritarrek hartu zuten parte. “Herritarrek aurkeztu zituzten ideia horiekin osatu dira orain berriro ere jendaurrera eramango diren aipatutako 18 proiektuak”, azaldu du Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak. “Aurrekontu Irekiekin, Gipuzkoako Foru Aldundian partaidetza eta entzute aktiboaren aldeko apustua egin dugu. Herritarren beharrak bertatik bertara ezagutzeko ariketa bat da, eta gure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko herritarrek bidali dizkiguten proposamenak lortzeko balio digu”, azaldu du.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Mikel Pagola Herritarren Partaidetzako foru zuzendariarekin batera, ekimenaren berri emateko. Foru diputatuak gogoratu duenez, otsailean eta martxoan egin zen Aurrekontu Irekien lehenengo fasea eta, orduan, 340.000 eskuorri bidali ziren Gipuzkoako etxe guztietara. “Orduan, lehenengo fase horretan, sake librean eskaini genien herritarrei beraien proposamenak egiteko aukera eta hor jasotako ekarpenekin osatu ditugu 18 proiektuak”, azaldu du Mendozak.

2021eko Aurrekontu Irekien bigarren fasean, ekainaren 30etik uztailaren 25era bozkatu ahal izango da, eta lau bide daude horretarako: etxez etxe banatuko dira berriro ere eskuorriak, eta gutun horretan bertan helmugan frankeatzeko posta bidalita; web orriaren bidez, gipuzkoa.eus/partaidetza atarian; Foru Aldundiaren erregistroan eta herrietako erregistro publikoan; edota Aldundian eta Gipuzkoako udaletan jarriko diren herritarren proposamenak biltzeko informazio-bulegoetan. Fase honetan bozkatuen suertatzen diren proiektuak izango dira Aurrekontu Irekien laguntza lerroaren bitartez finantzatuko direnak, milioi bat euro guztira.

18 proiektuak sei esparrutan banatzen dira: enplegua eta aktibazio ekonomikoa (lehen enplegua, lehen enpleguaren bila dabiltzan gazteei zuzendua; Gipuzkoako Basoen Kudeaketarako erakunde bat sortzea; eta klimarekin konprometitutako herritarrentzat erronkak), gizarte arloa (harrera familiak bilatzeko programa; gizartea eraldatzeko proiektua, zaintzari balioa emateko; eta Uler-saioak eta ulerrizketak, euskara ulertzen ez dutenei zuzenduta), gazteria (gazteentzako ikus-entzunezko eduki digitalak sustatzea; gazteen aisia lantzen Gipuzkoako udalerri txikietan; eta teen kanala, mugikorraren bidez kontsumitzen diren edukiak sortuko dituena), adinekoak (Alzheimerra dutenentzako psikoestimulazio mintegia Arrasaten; adinekoentzako bizikleta programa; eta belaunaldien arteko Gipuzkoako prototipoa), kultura-hezkuntza arloa (artista plastikoei obrak erostea Gordailuaren bilduma osatzeko; kultura eta arkitektura ondarea birgaitzeko eta kontserbatzeko lerro ekonomikoa zabaltzea; eta formatu txikiko kultura-ekitaldia programatzea Gipuzkoa osoan) eta mugikortasun jasangarria (Gipuzkoabizikletaz app-aren diseinua; bidegorrien genero inpaktuaren azterketa; eta landa udalerrietan mugikortasuna hobetzeko azterlana).

 

Etorkizuna Eraikiz

Aurrekontu Irekien ekimena Etorkizuna Eraikiz foru programaren aterkipean kokatzen da. “Eta Etorkizuna Eraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur gaurkoz bultzatzen duen proiekturik interesgarri eta mamitsuena izango da. Politika egiteko modutan aldaketa bat egin nahi dugu Etorkizuna Eraikizen bitartez, administrazioa eta herritarren artean azken urtetan sortu den arrakala gainditu edo, behintzat, murrizteko. Horretarako, gobernantza eredu berri baten alde egiten ari gara: elkarlanekoa eta irekia”, azaldu du Mendozak.

          Gaineratu duenez, deenon artean, gizarte antolatuari eta herritarrei hitza eman eta parte hartzeko bideak irekiz, Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzen eta eraikitzen ari da Aldundia, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez: hausnarketa partekatu baten bitartez, biharko erronka eta desafioak identifikatzen dira eta, gero, behin arazoa identifikatuta, gaurtik hasten da esperimentazioaren bidez egiten den biharko arazo horiei erantzunak emateko lana. “Beste modu batera esanda, Etorkizuna Eraikiz berrikuntza ariketa erraldoi bat da, gure etorkizuna bermatzeko, eta guztion artean egiten ari garena”, esan du Mendozak.

Gauzak honela, foru diputatuak esan du “funtsezko erreminta” direla Aurrekontu Irekiak, herritarrei zuzen-zuzenean irekitzen baitie parte hartzeko bidea. Bere iritziz, arlo honi Aldundiak ematen dion garrantziaren lekuko da 2021 urtean ere ekimen hau mantendu izana. “Herritarren partaidetza kudeaketa publikoan txertatzeak herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du. Izan ere, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da”, esan du, pasa den legealditik Aurrekontu Irekien arloan egin den lanean jarriz azpimarra.

  

1716