Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoarrek nahi duten Europari buruzko txostena aurkeztuko du Aldundiak Bruselan

Gipuzkoarrek nahi duten Europari buruzko txostena aurkeztuko du Aldundiak Bruselan

200 pertsona baino gehiagok kontinente zaharraren etorkizunari buruzko gogoeta egin dute foru gobernuak sustatutako partaidetza prozesuan

Europaren Eguna dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetza prozesuaren azken saioa antolatu du, non  gazte eta adineko gipuzkoarrek kontinente zaharraren etorkizunari buruzko gogoeta egin duten. Eutokia izeneko ekimen hori Arrasate, Tolosa, Errenteria eta Beasainen burutu da azken astean, eta bertan 200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute; gaur, ekimenari bukaera emateko, batera jarri dira parte-hartzaile guztien gogoetak.  “Prozesua guztiz aberasgarria izan da, eta argi gelditu da Gipuzkoak Europa solidarioagoa eta gizatiarragoa eraiki nahi duela", esan du Markel Olano diputatu nagusiak.

Jakinarazi duenez, Eutopia proiektuak espazio zibikoak egokitu ditu belaunaldien arteko topaketen bitartez, non gazte eta adinekoek etorkizunean eraiki nahi duten Europari buruzko kontaketak trukatu dituzten. Hain zuzen ere, Europar Batasunak gazteengana eta adinekoengana hurbildu nahi du, adinekoen ezagutzak eta gazteen indarrak osatzen duten binomioa ezinbestekoa baita Europa integratzeko prozesuari bultzada sendoa emateko.

Eutokia proiektua bi fasetan burutu da. Lehenengo fasea azken egunetan gauzatu da Gipuzkoako lau udalerri hauetan: Arrasate, Beasain, Errenteria eta Tolosa. Lau udalerri horietan, lan publikoari lotutako dinamikak burutu dira, Europari buruz herritarrek duten pertzepzioak jasotzeko xedearekin.

Tokiko dinamika horien emaitzak abiapuntutzat hartu dira, gaur, “World Kafean”, egin den bigarren fasea garatzeko. Ideia gehienak bat datoz Aldundiaren helburu estrategikoarekin, hau da, Gipuzkoa izan dadila desberdintasun gutxiena duen Europako lurraldea.

Prozesuari bukaera emateko, Eutokia ekimenaren ondorioak txosten batean jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaritzan aurkezteko. Ondoren, Europako Batzordearen aurrean ere aurkeztuko du. Dokumentua baliozkotu ondoren, Europako proiektu bihurtu nahi da, Europako beste lurralde batzuetan partaidetza dinamikak abian jartzeko, herritarren jabekuntza bultzatzeko, eta Europa justuagoa, solidarioagoa eta ekitatiboagoa eraikitzeko ahaleginetan herritarren partaidetza bultzatzeko.

  

1222