Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gizarte zerbitzuetan 2019ra bitarte 4.000 enplegu berri sortuko dira

Gizarte zerbitzuetan 2019ra bitarte 4.000 enplegu berri sortuko dira

Markel Olano: “Zenbat eta gehiago inbertitu gizarte zerbitzuetan, orduan eta ongizate gehiago, desberdintasun gutxiago eta enplegu gehiago”

Ekonomia Suspertzeko plana, Gizarte Politikak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzeko Planak, gizarte zerbitzuetarako urtean 8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duenak, 4.000 enplegu berri sortuko ditu alor horretan 2019. urtera arte. “Aldundiak egindako apustu horri esker, 2015ean eta 2016an 2.200 lanpostu sortu ziren; aurten, aldiz, 1.000 lanpostu sortuko dira; eta legealdi amaierara bitartean, batez beste, 1.000 enplegu urtean”, nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak, Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan (50 milioi urteko, 200 milioi agintaldi osoan zehar) Foru Aldundiak gizarte zerbitzuetan aurten egingo dituen inbertsioak aurkezteko ekitaldian. Olanok gaineratu du "zenbat eta gehiago inbertitu gizarte zerbitzuetan, orduan eta ongizate gehiago, desberdintasun gutxiago eta enplegu gehiago. Izan ere, inbertitutako milioi bakoitzeko zuzeneko eta zeharkako 25 lanpostu sortzen dira”.

“Plan horren bitartez –nabarmendu du diputatu nagusiak-, Foru Aldundiak modu aktiboan parte hartu nahi du lurraldearen ekonomia suspertzeko ahaleginean, gizarte babesa finkatu eta indartzeko, betiere, elkarlaneko gobernantzaren bidez. Ekimen honen xedea da lurraldea indartzea, krisitik ateratzen ari den lurralde lehiakor gisa hazteko, sozialki kohesionatuta dagoen lurralde gisa, ongizate eta elkartasun maila handiko lurralde gisa hazteko”.

“Era berean, badakigu adinekoen % 80ak bere etxean zaintzea nahi duela, eta hori lehentasunezko helburu bilakatu da Foru Aldundiarentzat. Xede horrekin, adinekoei etxean bertan kalitatezko arreta ematea ahalbidetzen duten zerbitzuak indartzen ari gara; eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa hartutako neurrietako bat da” diputatu nagusiak azaldu duenez, aurkezpenean Maite Peña Gizarte Politikako diputatua lagun izan duela.   

Hori dela eta, Planaren barruan gizarte zerbitzuetako programa garrantzitsuetako bat izan da laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa zabaltzea eta sustatzea. Hala, urteko inbertsioa 23 milioi eurokoa delarik, eta Planaren 5.134.102 euroko gehikuntzarekin, 1.000 pertsona kontratatu ahal izango dira 2017an. Maite Peñak azaldu duenez, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren bidez “mendeko gisa ebaluatutako pertsonek laguntzaile bat kontratatzen dute bere eguneroko oinarrizko zereginetan laguntzeko”.   Halaber, zerbitzuak “pertsonaren autonomia sustatzeko eta bere ohiko ingurunean mantentzeko balio du.   Diru laguntzaren zenbatekoa mendekotasun mailaren araberakoa da, eta bateragarria da etxeko laguntza edo eguneko zentroko zerbitzua erabiltzearekin” gaineratu du diputatu andreak.

 

Balantze modura, urtebetean -2016ko martxotik 2017ko otsailera- gizarte zerbitzuetan 1.266 enplegu sortzea ahalbidetu du, eta horietatik 966  zaintzaileen kontratazioetarako izan dira, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren bidez. Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen datuen arabera, 2016ko martxoan 21.390 afiliatu zeuden gizarte zerbitzuekin zerikusia zuten enpleguetan; aldiz, aurtengo otsailean kopuru hori handitu egin da eta 22.656 afiliatu daude (1.266 gehiago).

Era berean, Peñak nabarmendu du “Estatu osoan laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren onuradun diren 5.900 lagunetatik, 4.800 Gipuzkoakoak direla, hau da, onuradun guztien % 81,3””. Baita azaldu ere prestazio horrek urtebetean izan duen hazkundea “neurri handi batean” izan dela prestazioa jasotzeko eskubidea zabaldu delako eta “1.1 mendekotasun gradua duten pertsonek ere jaso dezaketelako”. Peñak adierazi du laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoak lortu nahi duela “zaintza lanak profesionalizatzea”  familiako zaintza ereduaren aldean, “demanda gehien duena”. “Alabaina, prestazio hori oso gutxi erabiltzen da Euskadiko gainerako lurraldeetan, oraindik garatzeko baitago, Gizarte Zerbitzuen Legeak xedatutakoaren arabera”.

Gipuzkoan gaur egun indarrean dauden PEAPn %86,51ean mendeko pertsonak zuzenean kontratatzen du langilea, lan kontratu baten bidez (Etxeko Langilearen Sistema Berezian). Beste %13,49ko kasuetan enpresa batek ematen du zerbitzua. Zuzenean kontratatutako laguntzaile pertsonal horien artean, % 50,8 atzerritarra da; % 95,05 emakumezkoa da eta bakarrik % 4,95 gizonezkoa. Adinari dagokionez, 30 urtetik beherakoa % 9,04 da; 30 eta 45 urte bitartekoa, aldiz, % 38,82; 45 eta 55 urte bitartekoa, % 32,68; eta 55 urtetik gorakoa, berriz, % 19,46. Beraz, PEAPeko langileen batez besteko adina 45 urtekoa da.

 

242 enplegu berri bazterketa egoeran dauden pertsonentzat

Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan ere sartzen dira bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzat Gizarte Politikako Departamentuak dituen gizarteratzeko eta lanbideratzeko programak, 418.000 euroko inbertsioa dutenak, Erroak, Zabaltzen eta Sendotu bezalako entitateekin hitzarmenak sinatuz. Adibide modura, iaz, aipatu lanbideratzeko programetan parte hartu zuten 242 pertsonek (147 emakume eta 94 gizon) enplegua aurkitu zuten.

Peñak azaldu duenez, Foru Aldundiaren gizarteratze eta lanbideratze programetan parte hartzen duten pertsonak 18tik 64 urtera bitartekoak dira eta gizarte ahulezian daude; eta horien artean “topatzen ditugu era askotako profilak: adimen urritasuna dutenak, buruko gaixotasuna dutenak, gazteak, emakumeak, ijitoak; baina guztiak gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan daudenak dira”. Zentzu horretan esan du gizarteratzeko eta lanbideratzeko programetan egin diren esku hartzeek “oso markatua den” gizarte osagai bat dutela, lehenengo urratsa baita gizarte bazterketako egoeretara eramaten duten eta hainbat “desabantaila” sortzen dituzten egoerak edo faktore konbinaketak "birbideratzea”.

 

Inbertsio plana

Ekonomia suspertzeko planaz gain, foru gobernuak laster onartuko du gizarte zerbitzuak eraiki, berritu eta modernizatzeko urte anitzeko plana, legealdi osoan zehar 11 milioiko inbertsioa izango duena. Horren deialdia aurten bertan aterako da. Halaber, Aldundiak aurten 500.000 euroko diru laguntza emango du Katea Legaiaren beste enplegu zentro berezi bat irekitzeko Zarautzen.

Bukatzeko, diputatuak zera adierazi du, pentsatzekoa den susperraldi ekonomiko baten aurrean, ikus daitekeela Gipuzkoan azken hamarkada hauetan eraikitako gizarte babeseko eredurik gabe, krisiaren eragina askoz nabarmenagoa izango litzatekeela, estatuko eta Europako beste leku batzuetan bezala, eros-ahalmenaren galerari, lanaren behin-behinekotasunari, pobreziari eta desberdintasunari dagokionez. Diputatuak esan duenez, Gipuzkoako babes ereduaren oinarri da Gipuzkoak duen gizarte kapital “zabal eta dinamikoa”, gizarte zibil antolatuaren familia harremaneko eta elkartasuneko sareetan oinarritutakoa, bereziki hirugarren sektorean, eta pertsonen beharren aurrean konexioa eta laguntza eskaintzen duena kohesio, lankidetza, konpromiso, elkartasun, unibertsaltasun, duintasun eta erantzunkidetasuneko balioetatik abiatuta”.

  

7042