Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gizarteak bizi dituen erronkentzako erantzun bila aritu dira 500 nerabe, Zuk Zeuk lehiaketaren eskutik

Gizarteak bizi dituen erronkentzako erantzun bila aritu dira 500 nerabe, Zuk Zeuk lehiaketaren eskutik

Bihar egingo da Feel My Way Kooperatibak antolatzen duten eta gazteei zuzenduta dagoen Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruko lehiaketaren ospakizuna. 15 talde eta 245 nerabek hartuko dute parte bertan.

2022/03/24
Bihar, martxoak 25, ospatuko da Feel My Way Kooperatibako ekintzaile gazteek antolatzen duten Zuk Zeuk Lehiaketaren ospakizuna. Azken bi hilabetetan, Euskal Herriko 500 gazte aritu dira Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako gai ezberdinak lantzen, ekimen honek aurreikusten dituen ekintza eta erronken bitartez. Txapelketak proposatutako jardueretako batzuk bitxikeriei buruzkoak izan dira, beste batzuk akziora bideratutakoak, eta inspirazioko eta elkartasuneko jarduerak ere izan dituzte. Norgehiagoka honetan lehenengo sailkatu diren 15 taldeak bihar egingo den lehiaketaren ospakizunera sailkatu dira, formatu berritzailea izango duena: gazte talde bakoitza bere ikastetxean egongo da fisikoki, baina benetako ospakizun batek merezi duen guztia izango du (beste taldeekin konexioak, ondo pasatzeko probak, sari banaketaren emozioa…).
 
Ekimena gaur goizean aurkeztu da Gipuzkoako Foru Aldundian egin den prentsa agerraldi batean, eta bertan izan dira Eider Mendoza Gobernantza foru diputatua eta Eukene Gontan Arano Feel My Way Kooperatibako ordezkaria. Lehiaketa urtero antolatu ohi da eta, aurten ere, Euskal Herriko 6 eragile publiko zein pribaturen babesa jaso du: foru erakundea bera, Laboral Kutxa, Hazi, Ausolan Fundazioa eta Mugi. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete babesleei, dinamika eta finala bera ospatzea ahalbidetzeagatik. 
 
Zortzi izan dira lehiaketan parte hartu duten ikastetxeak: Andoaingo LaSalle Berrozpe Ikastetxea, Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxea, Bilboko San Adrian BHI, Donostiako Xabier Zubiri Manteo BHI, Elgoibarko Elgoibar Ikastola, Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastola, Santurtziko Calasanz Ikastetxea eta Sopuertako San Viator Ikastetxea. Gai hauetako hainbat lerro jorratu dira Zuk Zuek lehiaketa osoan zehar, bakoitza babesle den eragile hauetako batek proposatuta eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotura duena:
 
  • Balioekin jokatuz gaia, Laboral Kutxarekin batera: Elkartasunaren garrantzia azaleratu eta haien egunerokotasunean elkartasunez jokatzen jarraitzeko ekintzak egin dituzte.
  • Ekosistema Lehortarrak Hazirekin batera: Euskal Herriko naturguneek, espezie autoktonoek, biodibertsitateak eta altxor naturalek, gure gizartean duten garrantzia landu dute. Eta baita, haiek hasieran ideiarik izan ez arren, horietako bakoitzak zein funtzio betetzen duen ikusi ere.
  • Ekoizpen eta kontsumo arduratsua Ausolan Fundazioarekin batera: Kontsumo ohituren garrantziaz ohartu dira, eta haiek, herritar bezala, egunero elikagaien xahuketa gutxitzeko, CO2-aren igorketak murrizteko…  duten gaitasunaz jabetu eta lehenengo pausuak eman dituzte.
  • Mugikortasun iraunkorra Mugirekin batera: Mugikortasun iraunkorrerantz pausuak emateko, garraio publikoaren garrantziaz ohartu, datu harrigarriak ezagutu eta ekarpen berritzaileak sortu dituzte.
 
Garapen Jasangarria
Mendozak, bere aldetik, gogoratu du Nazio Batuek 2015ean onetsi zutela Garapen Jasangarrirakoari buruzko 2030 Agenda, zeina baita “abagune bat herrialdeek eta beren gizarteek bide berri bati ekin diezaioten, gizartearen bizimodua hobetzeko, inor atzean utzi gabe”. “Ziurgabetasunez betetako garaiak bizi ditugu, era guztietako krisiak bizitzen ari baikara. Honen aurrean, Garapen Jasangarrirako Helburuek aurrerabide bat eskaintzen digute, etorkizuna eraikitzeko bide egoki bat”, adierazi du. Agenda honetan ezarritako 17 helburuen artean daude, besteak beste, pobreziarekin amaitzea, klima aldaketaren aurkako borroka, hezkuntza, emakumearen berdintasuna, ingurumenaren defentsa, gure hirien diseinua, bakea eta bizikidetza, energia, edo ekoizpen nahiz kontsumo arduratsuak.
 
Honen ondotik, foru arduradunak nabarmendu du “garai zailak” bizi direla azkenaldian. “Mundua etengabe aldatzen ari da, eta agenda publikoa ere bai. Pandemia, egoera ekonomikoa, Ukrainako gerra eta honen ondorioak, tentsio geopolitikoak… Kezkaz eta ziurgabetasunez betetzen dizkigute oraina zein etorkizuna”, adierazi du. Honen aurrean, gogoratu du Aldundiak 2016an hartu zuela arazoei heldu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko erabakia. “Honela jaio zen Etorkizuna Eraikiz: lankidetzan, biharko Gipuzkoa eraikitzen hastea. Bide horretan, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen agenda berria guztiz lerrokatuta dago GJHek biltzen dutenarekin. Eta, testuinguru horretan, ezinbestekoak dira gazte eta nerabeen ahotsak”, esan du. 
 
“Mota honetako egitasmoak gazteekin, nerabeekin eta, azken finean, belaunaldi berriekin partekatzeak berebiziko garrantzia du”, gaineratu du foru diputatuak, azpimarratuz Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen biharko Gipuzkoa eraikitzeko prozesu partekatu horretan gazteek protagonista izan behar dutela, “beraiek baitira etorkizuna”, bai eta gaurko erronka eta arazoei irtenbidea emateko garaian ere. “Sarritan esan ohi dugu Aldundiaren helburu nagusia Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldeen artean kokatzea dela eta, horra heltzeko bidea, Garapen Jasangarrirakorako Helburuek aldezten dituzten lan lerroak dira. Horregatik jarraituko dugu hauen inguruan politika publikoak bultzatzen, eta gaur hemen gazte ekintzaile hauek babesten dituzten bezalako ekimenak babesten”, adierazi du.
 
Nerabeei ahotsa ematen
“4 urtez atzera begiratu eta… A zer nolako egoera ezegonkorrak bizi ditugun eta bizitzen ari garen! Pandemia, La Palmako sumendia, gerra ezberdinak… Eta gazteak non daude? Nola daude? Nola bizi dituzte urte hauek eta nola ari dira bizitzen?” esan du, bere aldetik, Eukene Gontan Arano Feel My Way-ko ordezkariak. Kontuan izanda, aldaketak ematen diren garaiak nahasketa sasoiak izateaz gain, aukera berriak irekitzen diren garaiak ere badirela, Feel My Way-k 4 urte ezegonkor hauetan argi izan du Zuk Zeuk Lehiaketa aurrera eramatea oso garrantzitsua zela. “Lehiaketaren helburua, gazteei, gure inguruan gertatzen ari denaz ohartaraztea izan da, eta ikuspegi kritikoa garatzea, egoera eta erronka hauetan guztietan uste baino paper handiagoa izan dezaketela jabetzeko”, azpimarratu du.
 
“Gazteei ahotsa eman diegu zuzenean, eta harrituta geratu gara izan duten inplikazio eta elkarrizketarako gogoarekin”, gehitu du Eukenek. Ligak iraun duenean taldeak ekintzak egiten egon dira, eta horietako aipagarrienak inspirazioko ekintzak izan dira. “Pandemiak digitalizazioruntz salto egin arazi zigunean aktibatu genituen ekintza mota hauek. Izan ere, bideo deiak izaten dira, astean behin egiten ditugunak. Bertara Euskal Herriko eragile ezberdinetako kideak, Feel My Wayko dinamizatzaileak eta parte hartzen ari diren ikastetxeetako gazteak konektatzen gara. Gai ezberdinen inguruan jarduten dugu eta elkarren iritziak plazaratu eta argudiatzen ditugu. Horregatik diogu, gazteei ahotsa ematen diegula zuzenean”.
 
Lehiaketak 4. urte honetan izan duen harrerarekin ere, antolatzaileak oso pozik agertu dira. Aipatu dute, formatuak urtez-urte izan duen garapenarekin ere asmatzen ari direla. Izan ere, urtero eman diren gertakarien ondorioz, 4 formatu ezberdin izan ditu lehiaketak. Moldaketa hauek, une bakoitzean, lehiaketa, gazteei eta baita gizartean izan ditugun baldintzei egokitzeko aukera eman diete. Zuk Zeuk Lehiaketarekin ez ezik, eskuartean dituzten beste proiektuekin ere hainbat moldaketa egin dituztela adierazi du Eukenek. Feel My Way Kooperatiban 14-18 urte bitarteko gazteentzat esperientzia ezberdinak sortzen dituzte eta. Hori horrela izanik, lehiaketa, orientazioko programa, udarako atzerriko hizkuntza eta abentura esperientzia eta baita ikas bidaietan ere aldaketak txertatu dituzte azken urteetan, egoera ezegonkorra oztopo bat izan beharrean, hau aprobetxatuz berrikuntzari ateak irekitzeko asmotan.
  

1845