Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea GK Green Fashion lurraldeari eta naturari lotutako nortasuna sendotzen duen manifestu batekin errotu da

GK Green Fashion lurraldeari eta naturari lotutako nortasuna sendotzen duen manifestu batekin errotu da

Manifestu honen bidez, Gipuzkoako moda-klusterrak gipuzkoarrei moda jasangarriaren eta kontsumo arduratsuaren aldeko deia egin nahi die.

2021/11/26

Mónica Pedreira: “Gure eginkizuna moda jasangarria ikusaraztea da, herritarrak baliabideen kontsumo jasangarriari buruz sentsibilizatzea eta gure tokiko diseinatzaileentzat bultzada eta hazkunde gisa balioko duen eredu ekonomiko berria sustatzea”.

Gaur goizean, ‘GK Green Fashion’ Moda Jasangarriaren Gipuzkoako klusterreko kideek manifestua sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundian, Mónica Pedreira Ingurumen zuzendriarekin batera, herritar guztiei dei bat egiteko. Manifestu honen bidez, Gipuzkoako moda-klusterrak gipuzkoarrei moda jasangarriaren eta kontsumo arduratsuaren aldeko deia egin nahi die.

Mónica Pedreira Ingurumen zuzendariak positiboki baloratu du klusterraren identitatea sendotu eta talde gisa finkatzen duen manifestu honen sinadura: “Bi kontzeptu oso garrantzitsu daude jasota sinatu dugun adierazpenean. Batetik, lurraldetasunari balioa ematea, tokiko produktutzat eta enplegutzat hartuta, hurbiltasun gisa, produktuaren trazabilitate gisa; eta, bestetik, ingurumenaren zaintzarekin eta  pertsonen eskubideak errespetatzen dituzten materialekin eta ekoizpen-lerroekin lan egiteko beharra”.

GK Green fashion klusterra Ingurumen Departamentuan sortu zen, eta hiru helburu ditu: ingurumenaren aldeko politikak bultzatzea, enplegua sustatzea eta industria-sektorea sustatzea. Honi buruz Pedreirak azpimarratu duenez, “gure zeregina da moda jasangarria ikusaraztea eta hari laguntzea, herritarrak baliabideen kontsumo iraunkorrari buruz sentsibilizatzea eta gure tokiko diseinatzaileentzat bultzada eta hazkuntza izango duen ekonomia- eta ekoizpen-eredu berri bat sustatzea”.

Manifestu hau sinatuz, GK Green Fashion-ek mezu bat helarazi nahi digu denoi gogoeta eginarazteko, modako edozein artikulu kontsumitu aurretik pentsatzeko gai izan gaitezen, gure erabakiak lurraldeko moda lokal eta jasangarriari lagunduko baitio. “Gure lana da herritarrei beharrezko tresnak eta ezagutza ematea moda jasangarriaren garrantzia indartzeko eta, hartara, Gipuzkoako ehungintza sektorea gure lurraldeko ekonomiaren eragile bihurtzeko”, adierazi du Pedreira zuzendariak.

Manifestu hau klusterreko hainbat kidek egindako lanaldiaren ondoren sortu da. Beraz, manifestu honi esker, ‘GK Green Fashion’ Moda Jasangarriko  klusterrak beste urrats bat eman eta sendotu egin da, bere nortasuna sortuz, lurraldeari eta naturari lotuta.

  

1324