Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Goi mailako emakume ikerlariak erakarriko ditu DIPCk, Aldundiaren laguntzarekin

Foto Goi mailako emakume ikerlariak erakarriko ditu DIPCk, Aldundiaren laguntzarekin

Goi mailako emakume ikerlariak erakarriko ditu DIPCk, Aldundiaren laguntzarekin

Markel Olanok eta Pedro Miguel Etxenikek 2020rako lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Goi mailako emakume ikerlariak erakarriko ditu DIPCk, Aldundiaren laguntzarekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) 2020rako lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, eta horren bidez, foru erakundeak 500.000 eurorekin lagunduko du zentroaren jarduera. Aldundiak, fundazioko kide gisa egiten duen 330.000 euroko ekarpen arruntaz gain, 170.000 euro bideratuko ditu DIPCren 'Emakumea eta Zientzia' programa berrira, emakumeek zientzian presentzia izan dezaten bultzatzeko, nazioarte mailan ibilbide luzea duten bikaintasunezko emakume ikerlarien kontratazioa babestuz taldeko buru izan daitezen, eta sustatuz, baita ere, emakumeak buru dituzten ikerketa taldeek tresnak edukitzea garatu daitezen eta duten potentzial guztian haz daitezen.

Gaur sinatu dute akordioa Markel Olano diputatu nagusiak eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak. Aurretik, Olanok, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasak, eta Berrikuntzako zuzendari Jon Gurrutxagak zentroaren instalazioak bisitatu dituzte, eta fisikaren arloan egiten diren ikerketa zientifikoko proiektuen egungo egoera ezagutu dute lehen eskutik; zehazki, materia kondentsatuaren fisikarekin, materialen zientziarekin eta ildo bereko beste diziplina batzuekin lotutako lerroetan.

Aldundiak eta DIPCk, gaur hitzarmenean adostutako jarduera ildo berriaren eskutik, honako hauek sustatuko dituzte: zentroaren ikerketa lerroak edo zentrora nazioarteko garrantzia duten proiektuak erakartzeko gai diren goi-mailako ikertzaile emakumeak kontratatzea; emakumeak buru diren talde edo proiektuetan integratzen diren doktoratu ondoko edo aurreko ikertzaile emakumeak kontratatzea; emakumeek gidatutako laborategietarako edo ikerketa unitateetarako ekipamendua erostea; edo zientziaren eremuan emakumeak sustatzea xede duten beste ekintza batzuk finantzatzea. Horren guztiaren helburua da emakumeek zientzian duten presentzia sustatzea eta emakume ikertzaileak, gazteak eta goi-mailakoak, Gipuzkoara erakartzea, beren ahalmen zientifiko guztia garatu ahal izan dezaten eta orain dagoen genero desberdintasuna konpentsatu dezaten, batez ere fisikaren arloan.

Olanok adierazi duenez, "egoera honi buelta eman behar zaio; izan ere, genero estereotipoek eta esparru horietan erreferente femeninorik ez egoteak eragiten du neskak ez orientatzea, oro har, zientziara eta, bereziki, diziplina jakin batzuetara, eta horri gehitu behar zaizkio kristalezko sabaia eta emakumeek ikerkuntza karreran gora egiteko dituzten zailtasunak, gizonekin alderatuta". Gaineratu du Aldundiak zientzia eta ekintzailetza bultzatzeko egiten dituen deialdietan "modu sistematikoan" txertatzen dituela errealitate horri aurre egiteko irizpideak. "Adibidez, Gipuzkoan Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareari laguntzeko programan -aurten 4,3 milioiz hornitua-, proiektuen % 39 emakumeek gidatzen dituzte; hala ere, oraindik asko dago egiteko".

Hori dela eta, aurreratu du "legealdiko lehentasunetako bat" izango dela ikerketa teknikoak eta zientifikoak indartzea eta emakumeak horietan sartzea, eta eskertu egin du DIPCk erronka horrekiko duen "sentsibilitatea". "Zentroa aitzindaria izan zen Gipuzkoan, talentua erakartzen eta atxikitzen; izan ere, 2000. urtean Fellows programa jarri zen abian, Aldundiarekin batera. Orain, jarduera berri honekin, bateratu egiten ditugu zentroaren bikaintasuna eta Foru Aldundiaren helburua, eremu guztietan genero berdintasuna sustatzekoa, batez ere desberdintasun hori nabarmenagoa den eremuetan".

Bestalde, Pedro Miguel Etxenikek adierazi duenez, “jakitun gara, fisikaren esparruan batik bat, maila guztietan, emakumeen presentzia gutxi dagoela, eta horren ondorioz, talentua eta ekarpen handiak egiteko potzentziala duen jende asko galtzen ari garela. Zientziak ezin du egoera hori ontzat eman”. Gaineratu du “gure erantzukizuna dela egoera horri buelta ematea; izan ere, zientzia eta, horrekin batera, gizarte osoa izango dira onuradunak lortzen baldin badugu”.

“DIPCn, dagoeneko badauzkagu ikerketa taldeetan eta Europako finantziazioa duten proiektuan lidergoa duten emakumeak, eta Aldundiaren babesari eta hitzarmen honi esker, bide horretan sakontzen jarraituko dugu, zientzia kurrikulumik onenak dituzten emakume ikertzaileak erakarriz eta babestuz”.

Nazioarteko ikerketa zentroa da DIPC, Eusko Jaurlaritzak Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentro gisa kreditutakoa (BERC). Horrelako zentroak Euskal Autonomia Erkidegorako interes zientifikoko eremuetan ezagutza sortzeko egiturak dira, unibertsitate inguruneari lotuta dauden eta ikerkuntza bikaintasuna dutenak. Estatu mailan Severo Ochoa Bikaintasun Zentro gisa aitortua dago. Nazioarteko lehen mailako jarduera emankorra du DIPCk ikerketa arloan; hala erakusten dute 2019an egindako 395 argitalpen zientifikoak, edo H2020 Europar programa lehiakorraren barruan egun dituen 10 proiektuek. Baita dauzkan elkarlanek eta bisitariek ere, guztira, 35 herrialdetako 400 ikertzaile barne hartzen dituen komunitatea eratzen dutenak. Horrez gain, zentroak lan handia egiten du zientzia dibulgatzeko, Passion for Knowledge edo Zinema eta Zientziaren zikloa bezalako ekitaldien bidez, ikerketa lana gizartera hurbilduz.