Goierriko Berrikuntza Poloan elkartu da Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseilua
Goierriko Berrikuntza Poloan elkartu da Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseilua
Eider Mendoza diputatu nagusiak bilerak egin ditu Goierriko Herrien Ekintza fundazioko, Goierri Eskolako, Lortek-eko eta Goiturreko ordezkariekin, eskualde mailako desafioak eta proiektuak partekatu asmoz

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Goierriko Berrikuntza Poloan elkartu da gaur, legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien esparruan. Saio horien helburua da Gipuzkoako udalerri eta eskualdeen beharrak, erronkak eta proiektuak hurbiletik ezagutzea, horiekiko lankidetza indartuz eta jarduera instituzionala herritarrengana hurbilduz. Gainontzeko diputatuekin Lortek zentro teknologikoak abian dituen proiektuak bertatik bertara ezagutzeaz gain, Eider Mendoza diputatu nagusiak hainbat lan bilera egin ditu Goierriko Herrien Ekintza elkarteko, Goierri Eskolako eta Goiturreko ordezkariekin.
Bailarako “elkarlan, berrikuntza eta garapen eredu aitzindaria eta erreferentea” aitortu nahi izan du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak. Nabarmendu duenez, eredu horrek bere sorreratik “gizarte eragileen, herritarren, herri erakundeen eta enpresen” bultzada eta lankidetza izan baitu oinarrian. “Goierri Lanbide Eskolaren inguruan hezurmamitutako elkarlan hori gabe, ezin da ulertu bailarak gaur egun ezaugarri duen industria lehiakorra, berrikuntza gaitasuna eta gizarte kohesioa, hamarkadaz hamarkada egokitzen, berritzen eta sendotzen asmatu duzuena. Lankidetza hori eredu da lurralde osorako”, goraipatu du.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eskualde mailako proiektuak eta estrategiak bertatik bertara ezagutzeko eta partekatzeko parada izan du Goierri Berrikuntza Poloan, tartean Goierri Eskolaren instalazioak, Lortek teknologia zentroaren ikerkuntza eta garapen proiektuak eta, baita ere, Goitur Turismo Agentziaren funtzionamendua eta egitasmoak, honen sorreraren 25. urteurrenean. "Etorkizunera begira ditugun desafio guztietan, dela gazteen formazioan, industriaren lehiakortasunean, eraldatze teknologikoan, trantsizio energetikoan, turismo jasangarrian, dela ekonomia inklusibo baten garapenean, lankidetza eta berrikuntza indartzea beharrezko izango dugu. Goierri indartsua eta orekatua izaten jarraitzea nahi dugu, Gipuzkoa indartsua eta orekatua nahi dugulako, pertsona guztien ongizatea zaintzen duen komunitate arduratsu gisa geroari konfiantzaz begiratzen diona", gehitu du.
Adur Ezenarrok, Goierriko Herrien Ekintza fundazioko eta GOIEKIKO presidenteak, adierazi du “eskualdean indar handia” duela Goierriko Berrikuntza Poloak, nahiz eta oraindik “askorentzat” ezkutuan dagoen. “Enpresak ezagutzen ditugu, baina sarritan ahazten zaigu beraien arrakastaren atzean, Goierriko gune honetan formatzen diren langile kualifikatu eta profesionalak daudela. Gure baliabiderik handiena dira ezagutza eta teknologia berrietan formakuntza, eta zentzu horretan, Goierriko Lanbide Eskolarekin hasi zen eremu hura, gaur egun berrikuntza polo batean bilakatu da, eta unibertsitatea, ikerketa zentroa, eta eskualdeko garapen agentzia gehitu zaizkio, etorkizunean ere, enpresekin elkarlanean oinarrituz Goierriko erronkei erantzuna emateko”, gaineratu du.
Carlos Ormazabalek, Goierriko Herrien Ekintza fundazioko zuzendariak, Goierriko garapen ereduak oinarri duen “sarea” izan du hizpide. Gogoratu duenez, 1980ko hamarkadan du jatorria, eskualdeko enpresa eta Udalek elkarlanean aipatutako fundazioa sortu zutenean. Gaur egun bere patronatuan 18 udal eta bailarako 43 enpresek hartzen dute parte eta, lankidetza publiko-pribatu horri esker, hainbat proiektu sendotu dira urte hauetan guztietan zehar: Goierri Eskola bera, Ikaslan praktika zentro berezia, Lortek, Goieki eta Goitur, besteak beste. “Garapen orekatu eta jasangarri baten alde egiten dugu apustu, eta gure erakundea gipuzkoar zein goierritarren ongizatean lagunduko duten proiektuak bultzatzeko erreminta izan dadin nahi dugu”, adierazi du.
Goierrikoa Foru Aldundiak egindako hamalaugarren kontseilu ibiltaria izan da, Gipuzkoako Plazatik Gipuzkoa osoko herrietako plazetara irteteko ekimenean. Dinamika hori indartzen jarraituko da datozen hilabeteetan, lankidetza bultzatzeko eta erakunde-maila desberdinen arteko sinergiak indartzeko.
2872