Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gure Lurra Kongresuak lehen sektorearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu aurten

Gure Lurra Kongresuak lehen sektorearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu aurten

Landagunea eta hirigunearen arteko elkargune den topaketa azaroaren 27an izango da Kursaalean. Elsa Punset idazle, filosofo eta dibulgatzailea izango da zortzigarren edizio honetan

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gure Lurra Sembrando Futuro kongresuak zortzigarren edizioa ospatuko du Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian datorren azaroaren 27an. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen hiri eta landa munduaren arteko elkargune den urteko topaketak bidaia emozional bat proposatzen du gure lurraren eta sustraien iraganaren eta etorkizunaren artean, eta lehen sektorearen testuinguruan ditugun balio komunitarioei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Kongresua jende guztiarentzat zabalik dago eta izen-emateak doan egin daitezke hemen: https://plaza.gipuzkoa.eus/gure-lurra-8

“Gure sustraiak: atzo, gaur eta bihar” lelopean, ekitaldiak, alde batetik, Ipuscua (1025) hitzaren lehen agerpenaren 1.000. urteurrena oroitu nahi du, “garai hartan Gipuzkoa izeneko komunitatea existitzen zenaren lehen idatzizko erreferentzia irudikatzen duen efemeridea da hau. Gure lurraren lanari lotutako komunitate bat da, eta, alde horretatik, uste dugu egokia dela lehen sektoreak Gipuzkoako historian izan duen zeregina aitortzea eta haren biziraupenari balioa ematea, elikadura jasangarria eta kalitatezkoa bermatzeko eta gure lurralde oreka berdea zaintzeko ”, azaldu du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak.

Eider Mendoza diputatu nagusiak Kongresuaren irekiera instituzionala egingo du goizeko 9: 00etan eta ondoren 14:30ak arte sektoreko protagonista ezberdinek hitz egingo dute. Aurten gonbidatu berezi gisa parte hartuko du Elsa Punset idazle, filosofo eta dibulgatzaileak, zeinak zubiak ezarriko baititu adimen emozionalaren, aldaketa positiborako eta herritarren ongizate integralerako tresna gisa, eta naturarekiko harremanaren artean.

Kongresua bi zatitan egituratuko da: lehenengoa, “iraganaren ezagutzan eta orainaren indarrean” oinarrituko da. Hemen, Gipuzkoaren historiari eta bilakaerari begirada zabala eskainiko zaio: paisaian, itsasoaren paperean, euskararen eta gure ohituren transmisioan, kontsumo ohituretan, kulturan eta identitate balioetan izandako aldaketak., besteak beste. Zati honetan hitz egingo dute, Eugenio Ibarzabal ekonomialari eta kazetaria, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Izeta eta Zapiain sagardotegi familien belaunaldi ezberdinak, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendaria, Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parke Naturalen Sareko zuzendaria eta Leire Arandia D 'Elikatuz zentroko arduraduna.

Bigarren blokea Elsa Punsetek irekiko du. Etorkizunari begira, Amaia eta Aitor Garmendia, egun batean Aizporra baserrian euren familia ondarearekin jarraitzea erabaki zuten bi anaia gaztek, euren egunerokotasuna partekatuko dute. Ondoren, Agirrezabal baserriko Joseba Andueza etorriko da, Baserritar Misto Profesionala ekimenari esker enpresan eta lehen sektorean egiten duen lana modu profesionalean nola uztartzen duen azaltzera. Testigantza horien ondoren, mahai inguru bat egingo da sektoreko belaunaldien arteko erreleboa irudikatzen duten gazteekin. Bertan izango dira Oier Ugartemendia, Gazpio familiaren baserriarekin jarraitu nahi duen Fraisoroko ikasle ohia; Eñaut Urkola, Trebatu proiektuaren bidez beste baserri baten lekukoa hartuko duena; Telmo Gartzia, Trebatu programaren funtzionamendua ikertuko duena; eta Eli Egiguren, Zelaiaran baserriko baserritarra.

Azkenik, Eugenio Ibarzabal kazetari eta idazleak aurtengo jardunaldiari amaiera emango dio landutako gaien azterketa sakon batekin, lurraldeaz eta sektoreaz duen bere ikuspegia eskainiz.

  

1450