Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, “aisia eta dibertimenduaren bidez” euskararen alde egiten duen ekarpen berritzaileagati
Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, “aisia eta dibertimenduaren bidez” euskararen alde egiten duen ekarpen berritzaileagati
Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, “aisia eta dibertimenduaren bidez” euskararen alde egiten duen ekarpen berritzaileagati
Hizkuntzaren biziberritzean ekarpen nabarmena egiten duten herritar eta eragileak aitortzeko sariak 25. edizioa izango du aurtengoa; Foru Aldundiak hainbat ekintza antolatu ditu mugarri hori ospatzeko

Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, “aisia eta dibertimenduaren bidez” euskarari egin dion eta egiten dion ekarpen berritzaileagatik. “Euskararen normalizazioa, kulturaren deszentralizazioa, familia arteko aisialdia eta bertako talentuaren sustapena uztartzen ditu modu berritzaile eta atseginean”, nabarmendu du Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, eta modu horretan “euskal hizkuntzaz eta euskaraz sortutako kulturgintzaz gozatzeko parada eskaintzen die” haur, gazte zein helduei.
Iker Galartza eta Joseba Usabiagak gidatzen duten Gure Zirkuari Abadia Saria emateko garaian, “modu eredugarrian elkartasuna, sormena eta inklusioa” landu izana ere kontuan izan du Aldundiak. “Euskarazko zirku bakarra izanik, haurren garapena, komunitatearen kohesioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatu ohi ditu. Gainera, sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskaldunon komunitateari”, gehitu du Garbiñe Mendizabalek.
2017an sortu zuten Gure Zirkua, Euskal Herrian sorturiko zirku ibiltaria, bertako langile eta artistek egiten dutena eta euskalduna. Geroztik, pixkanaka pixkanaka eta herriz herri, ibilbide esanguratsua ari dira pilatzen euskararen herri osoan zehar, zirkuan parte hartzen duten artisten sormen lan ederrari esker.
Mendizabalek gogorazi duenez, Euskaraldian gauden honetan “azpimarra” jartzen ari gara “euskara erabili eta erabilera hori gozagarri” egitearen garrantziaz”. “Hain zuzen ere, Gure Zirkuak horretarako espazio berria sortu du. Zirkuaren tradizioan ohikoak diren disziplina artistikoak gure hizkuntzara eta kulturara ekarri, gune berean batu, eta herritar eta belaunaldi anitzek elkarrekin euskaraz bizi eta sentitzeko ikuskizun gogoangarria sortu du. Horrekin, euskarari leiho eta muga berriak eskaini dizkio”, laburbildu du.
Ruper Ordorikaren kontzertua
Aurtengo edizioarekin 25.a izango du Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Abadia Sariak, zeinak 1996an martxan jarri zenetik aitortu duen euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna. Mugarri horrekin bat, foru erakundeak errekonozimendu horren garrantzia instituzionala areagotzeko erabakia hartu du, saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta aitortzari oihartzun handiagoa eskainiz.
25. edizioa ospatzeko, gainera, programazio eta ekintza bereziak egingo ditu aurten Aldundiak, euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin dezagun. Hasteko, hilaren 31an, Hendaiako Abadia jauregian kontzertua eskainiko du Ruper Ordorikak, iaz Abadia Saria jaso ostean. Formatu txikiko kontzertu irekia izango da, baina beharrezkoa izango da aurretiaz gonbidapenak lortzea. Horretarako, bihartik aurrera izena eman ahalko da gipuzkoa.eus/abadiasaria atarian.
Ekainaren 3an, berriz, Anton Abadiaren bizitza ibilbidea eta ekarpena gertuagotik ezagutzeko parada eskainiko dute Harkaitz Canok eta Badalab Hizkuntza Laborategiko zuzendari Goiatz Oiartzabalek, Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean grabatuko duten bideo-podcast saioan.
Aldi berean, Abadiaren biografiaren berrargitalpena eta itzulpena aurkeztuko du Foru Aldundiak, Elkar argitaletxearekin eta Euskal Hiri Elkargoarekin lankidetzan. Iñigo Sagarzazuk 1997an Anton Abadiaren inguruan argitaratutako Abbadie biografia euskarara eta frantsesera ere ekarri dute, aurretik gaztelaniaz soilik aurkitu zitekeen eta.
Iparraldeko Plazara kolektiboak, berriz, Anton Abadiari buruzko Escape-room erronka sortuko du eta Abadia jauregian bertan martxan jarriko du egun batez, Anton Abadia ezagutzeko aukera entretenigarri bat sortuz.
Azkenik, Abadia Saria emateko ekitaldia ekainaren 19an egingo da Eibarren. Bertan jasoko dute Gure Zirkuko ordezkariek haien lanagatik eta ekarpen joriagatik merezitako errekonozimendua.
4349