Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gurutze Gorriak egoitza berria zabaldu du Gipuzkoan desberdinkerien aurka borrokatzen jarraitzeko

Gurutze Gorriak egoitza berria zabaldu du Gipuzkoan desberdinkerien aurka borrokatzen jarraitzeko

Diputatu nagusiak eskertu du erakundeak burutzen duen lan sozial eta komunitario "handia".

Gipuzkoako Gurutze Gorriak Donostiako Zorroaga gainean duen egoitza berria ireki du. 1.800 m2 ditu, instalazio "modernoago eta irisgarriagoetan", formazio, laguntza eta esku-hartze jarduerekin jarraitzeko. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eraikin berria bisitatu dute gaur, Sonia Archeli Gipuzkoako Gurutze Gorriko presidentearekin batera.

          Gipuzkoako Gurutze Gorriak 150 urte baino gehiago daramatza lurraldean, oso jarduera bizia du, eta bere ibilbidea oso lotua dago zaurgarritasun egoerei erantzuna ematearekin. Diputatu nagusiak aitortu eta eskertu egin nahi izan du erakundeak Gipuzkoako lurraldean egiten duen "lan sozial eta komunitario handia, betiere hurbiltasunetik eta gizarte konpromiso handiarekin, gizarte desberdinkerien aurkako borrokan murgilduta".

Baita COVID-19aren pandemian ere, non, Markel Olanoren hitzetan, Gurutze Gorriak oso zeregin garrantzitsua izan baitu pertsona hauskor eta kalteberenen arretan eta babesean. Gogorarazi du Gurutze Gorria oso eragile aktiboa izan dela birusaren aurkako borrokan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lan egin duela kolektibo zaurgarrienak zaintzen eta artatzen, hala nola egoitzetan bizi diren adinekoak eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak.

Markel Olanok esan duenez, Gurutze Gorriaren lan egiteko moduak Gipuzkoako lurralde osoko balio komunitarioak eta sozialak "ezin hobeto" islatzen ditu: "Gizatasunaren eta unibertsaltasunaren printzipioei erantzunez, Gurutze Gorriak behar handienak dituzten pertsonei laguntzen die, balio kalkulaezina duten sare sozialak sortuz eta esku-hartze sozial integrala eskainiz. Hori guztia, gainera, ehunka boluntarioren lanari esker".

Bestalde, Sonia Archelik nabarmendu du entitate sozialen eta erakundeen artean indarrak batu beharra, osasun krisiak eragin duen larrialdi sozial eta humanitarioari erantzun integrala emateko, eta eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsi duen babes eta konpromisoagatik. Era berean, eskertu nahi izan du boluntarioek egindako lan ikaragarria, eta gogorarazi nahi izan du Gurutze Gorriak azken urtean egindako lanaren ondorioz, bere historiako 156 urteetan inoiz baino pertsona, baliabide eta gaitasun gehiago mobilizatu dituela.

  

1992