Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hainbat eragilek, MITeko adituekin batera, Gipuzkoako mugikortasuna hobetzeko datuaren potentziala aztertu dute

Hainbat eragilek, MITeko adituekin batera, Gipuzkoako mugikortasuna hobetzeko datuaren potentziala aztertu dute

Jardunaldiak "City Science Lab Gipuzkoa" proiektua zehazteko balio izan du. Aldundiak sustatu du, MUBILekin, TECNUNekin eta Estatu Batuetako zentro ospetsuarekin batera.

MIT

Enpresen, teknologia-zentroen, klusterren, unibertsitateen eta mugikortasunaren arloarekin lotuta dauden eragileen 80 ordezkari inguruk parte hartu dute gaur "Re-imagining mobility, unlocking open data in Gipuzkoa" topaketan. Bertan, big dataren potentziala aztertu dute, ikuspegi kuantitatibotik zein kualitatibotik, lurraldean eremu horretan hobekuntza-proiektuak garatzeko. Arima hotelean egindako jardunaldia "City Science Lab Gipuzkoa" delakoaren hedapenaren, Foru Aldundiak, MUBIL Fundazioak, TECNUNek eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak gauzatzen duten lankidetza-proiektuaren barruan kokatzen da, Gipuzkoa mugikortasun-proiektuak garatzeko berrikuntza-laborategi bihurtzeko.

Hala, goizean zehar, MITeko zenbait adituk, MIT City Science Network Kent Larsoneko zuzendaria buru dutela, inspirazio-iturri gisa aurkeztu dituzte lantzen ari diren proiektuak: besteak beste, mugikortasuneko eta garraio publikoko politikak garatzeko tresna berriak, hiri-komunitate berriak, big data edo ibilgailu autonomo arinak. Ondoren, arratsaldean, lan-tailer bat egin da. Bertan, parte-hartzaileek Gipuzkoan aplika daitekeen aztertu dute, baita mugikortasuna hobetzeko beharrezkoak diren datuen mapa nola osatu ere, biztanleriaren zahartzea edo tokiko merkataritzaren sustapena bezalako alderdiak kontuan hartuta.

Jardunaldian izan dira: Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua; Andrés Rico, Naroa Coretti, Iñigo Azkarate, Leticia Izquierdo eta Luis Alonso MITeko ekosistemako ikertzaileak; Isidro Arrieta Ingartek-eko CEOa; Iñaki Erkizi aholkularia; Eluska Renedo Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako zuzendaria; Igor Villarreal MUBILeko zuzendaria; eta Adur Ugartemendia Beasaingo lehenengo alkateordea. Horiek guztiek egiten ari diren proiektuak azaldu dituzte. Gainera, astearte eta asteazkenetan, MIT taldeak Gipuzkoako mugikortasun-ekosistemako hainbat zentro eta enpresa ezagutuko ditu.

Martxotik, City Science Lab Gipuzkoaren eskutik, lurraldea MITek babestutako mundu osoko hirien lankidetza-sare esklusiboko kide da. Sare horretako kide dira Shanghabei, Helsinki, Toronto, Taipei, Hanburgo, Guadalajara (Mexiko), Andorra, Ho Chi Minh eta Concepción (Txile). Nazioarteko erakundeen eta ikertzaileen komunitate bat da, “komunitateak bizigarriagoak, ekitatiboagoak eta erresilienteagoak izan daitezen laguntzeko helburua partekatzen duena”. Sare horrek lan-metodologia bakarra planteatzen du, mundu osoko erreferentziazko hirien ikerketa-laborategietan oinarritua. Laborategi horiek MIT Media Lab-ekin batera lan egiten dute, benetako inguruneetan inplementatzen eta ebaluatzen diren kontzeptu eta teknologia giltzarriak garatzera bideratutako ikerketen garapenean, esperimentazioa ardatz hartuta.

Gipuzkoaren kasuan, ikerketa-lan eta proiektu berritzaile horiek mugikortasunaren eremuan oinarritzen ari dira, lurraldeko eskualde guztietako herritarren beharrei erantzungo dien eta haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen lagunduko duen eredu berri bateranzko trantsizioa bultzatzeko. Hori guztia hiru ardatz nagusirekin: garraioaren deskarbonizazioa, sektore horretako industria- eta teknologia-sarearen garapena eta lurralde-kohesioa.

"Gaurko jardunaldia oso baliagarria izan da Gipuzkoan garatuko ditugun proiektu pilotuen definizioan aurrera egiteko. Lurraldea hiri txiki askok osatutako hiri handi gisa ikusten dugu, nahiko irisgarriak eta ibiltzeko modukoak, baina horien artean mugikortasuna batez ere autoz egiten da. Hortxe dago gure erronka. MITen ezagutza-sarearekin batera, eta haren metodologia erabiliz, hiriarteko konexioak hobetu nahi ditugu, komunitate bizigarriak sustatuz. Herrialde aurreratuenetan ‘15 minutuko hiria’ kontzeptua lantzen ari dira, eta Gipuzkoan ‘20 minutuko lurraldea’ kontzeptua garatzea planteatzen dugu, hau da, behar eta zerbitzu gehienak, hala nola lantokia, erosketak, hezkuntza, osasun-zentroak edo aisia, ahal den neurrian oinez, bizikletan edo garraio publikoan joateko moduko distantzia batera egotea, edozein lekutik 20 minutu baino gutxiagora", azaldu du Ane Insaustik.

Ildo horretan, gaineratu duenez, "MIT aliatua duen datua ustiatzeak aukera emango digu erabaki hobeak hartzeko, proiektu eraldatzaileak abian jartzeko eta mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren aldeko gure apustuan sakontzeko". "City Science Lab Gipuzkoa" garatzeko MITekin egindako lankidetzak 1,2 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa du, eta hiru urteko indarraldia, amaitutakoan berritu daitekeena. Proiektuak zehazteaz gain, dagoeneko definitu da ekimena gidatuko duen lantaldea, TECNUNeko ikertzaileen inplikazioarekin. "Dagoeneko sarea osatzen duten hiriekin lankidetzan aritu eta beren esperientzietatik ikasi ahal izateak aukera-sorta handi bat irekitzen du. Ilusioz beteriko bideari ekin diogu ", amaitu du Insaustik.

  

1044