Hariberriak, sexu-indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzuak, behin betiko kokalekua ireki du Grosen
Hariberriak, sexu-indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzuak, behin betiko kokalekua ireki du Grosen
Hariberriak, sexu-indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzuak, behin betiko kokalekua ireki du Grosen
· Zentro berria Kale Berriaren 10. zenbakian dago, eta eguneko 24 orduetan egongo da martxan, urteko 365 egunetan. · Zentroak zerbitzu integrala eskaintzen du, eta emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzen ditu, bai eta laguntza psikologikoa eta soziala ere, emakumeen errekuperazio-prozesua errazteko. · Donostiakoaz gain, Gipuzkoak beste bi baliabide gehiago izango ditu, Arrasaten eta Goierrin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sexu-indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzua inauguratu du Gros auzoan, hala, behin betiko kokalekua ezarri du Donostiako erdigunean; egoitza honek udan Camino kaleko 1. zenbakian zabaldutako behin-behineko zentroa ordezkatu du. Espazio berria hiri erdigunean dago, eta guztiz irisgarria da. Berehalako arreta integrala eta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago, sexu-indarkeria motaren bat jasan edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei, haien familiei eta ingurune hurbilari, izan orain edo iraganean. Hariberria eguneko 24 orduetan egongo da martxan, urteko 365 egunetan, eta, izenak adierazten duen bezala, datozen hilabeteetan ateak irekiko dituzten beste bi zentroekin batera, hasiera berri bat sinbolizatuko du, "hari berrituekin ehundua". Egoitzaz gain, kontaktuan jarri, kontsultak egin edo informazioa eskatzeko beste aukera batzuk ere badira: hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa, 900 840 188 telefonoa eta 747 444 389 WhatsAppa zerbitzua.
Zentroak zerbitzu integral bat eskaintzen du, emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko informazioa eta orientazioarekin; laguntza psikologikoa eta soziala ere eskaintzen dira bertan, emakumeen errekuperazio-prozesua errazteko. Gainera, aholkularitza juridikoa ematen du emakume biktimei behar dituzten legezko izapideetan laguntzeko. Zerbitzu horiek ingurune seguru eta konfidentzial batean eskaintzen dira, hainbat beharretara egokitutako espazio batean, eta pertsona bakoitzaren erritmoak, erabakiak eta intimitatea errespetatuz. Zentroak hainbat hizkuntza eta funtzionalitatetara egokitzen du bere arreta, sarbide inklusiboa ziurtatzeko. 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, baita haien senideei eta gertuko inguruneari ere.
Zentro berriaren banaketari dagokionez, sartzean harrera-gune bat, lan-espazioak, arreta pertsonalizaturako eremuak, taldekako arreta emateko gela eta atseden-gela daude. Lokalaren aurrekontua, guztira, 950.000 euro ingurukoa izan da; horietatik 400.000 euro espazioa egokitzeko erabili dira, eta lokala erosteko, berriz, 550.000 euro.
Eider Mendoza diputatu nagusiak "berdintasunaren bidean aurrera egiteko premia" azpimarratu du, "kolektiboki, diskurtso ukatzaileei" aurre eginez, "indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko". "Zentro honek urrats sendoa ematen du norabide horretan, indarkeria matxistari arreta emateko sare osoa indartuz", adierazi du, eta nabarmendu du zerbitzuak ez duela soilik zentro horiek fisikoki irekitzea aurreikusten, baizik eta horren atzean "lan handia" egin dela arreta-eredua zehazteko. Adierazi duenez, 24 orduko arreta zentroa irekitzea, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen zerbitzu, programa, foro eta baliabideekin batera, "aukera" bat da erantzunak hobetzen jarraitzeko eta indarkeria mota horri aurre egiten diotenei arreta integralagoa eskaintzeko, "emakume bakoitzari erabat pertsonalizatutako erantzuna".
Bestalde, Marisol Garmendia Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak nabarmendu duenez, "Espainiako Gobernuak indarkeria matxistaren aurka duen konpromisoa irmoa da, euskal hiriburuetan ireki diren krisi-zentro horiek laguntzeko bideratu diren 4 milioi euro baino gehiagok erakusten duten bezala. Berdintasun Ministerioak milioi bat eurotik gora bideratu ditu Donostiako zentro honetarako, eta laster Arrasaten eta Goierrin irekiko direnetarako". Garmendiak, halaber, indarkeria matxistari aurre egiteko belaunaldi berrien heziketan eta ahaleginak bateratzearen garrantzia azpimarratu du: "Erakundeen arteko lankidetza eta kolaborazioa behar-beharrezkoa da gizarte-gaitz honi elkarrekin heltzeko, gaur erakusten ari garen bezala. Gure gazteak berdintasun eta errespetu balioetan hezi behar ditugu, eta matxismoari gure baliabide guztiekin egin behar diogu aurre. Indarkeria matxistak hil egiten duelako. Aurten dagoeneko 40 emakume hil dituzte, eta hau uka ezin daitekeen errealitatea da".
Donostiako alkate Eneko Goiak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskertu dio Donostian zerbitzu hau behin betiko kokatu izana, eta honakoa gaineratu du: "Udalak sexu-indarkeriaren eta indarkeria matxistaren biktimei eskaintzen dituen zerbitzuak indartuko ditu". Horiek horrela, Goiak azpimarratu du "Berdintasuna, Gizarte Ekintza eta Udaltzaingoa bezalako udal departamentuek sexu-indarkeria eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin egiten duten lana". Donostiako alkatearen iritziz, "gaur irekitzen den gune hau hirian ematen ditugun zerbitzuen gehigarri izango da, eta beharra duten emakume guztiei laguntzen jarraitzeko aukera emango digu, merezi duten arreta pertsonalizatuarekin eta sentsibilitatearekin"
Arrasate eta Goierri
Grosen ireki ondoren, Arrasateko baliabideak ateak urte amaierarako irekitzea espero da, eta Goierrikoak 2025eko lehen seihilekorako. Zentroen sare honekin, Aldundiak sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko konpromisoa indartu nahi du, gizarte-larrialdietako zerbitzua arreta espezializatu eta hurbilekoarekin osatuz.
Proiektu honek, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren borondatea islatzen du, baliabide hau eskuragarri egon dadin Gipuzkoan, eta hala, lurralde ekitatea bermatu. Hori horrela, hiru zentro izango dira Gipuzkoan, eta ez bakarra. Hiru zerbitzu horien finantzaketa 1,1 milioi eurotik gorakoa da, eta Berdintasun Ministeriotik dator, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) funts europarren bidez.
183 kontsulta behin-behineko zentroan
Uztailean ireki zenetik, Camino kaleko aldi baterako zentroak 183 kontsulta inguru jaso ditu; horietatik 92 profesionalek egin dituzte, 80 biktimek, 7 senideek eta 4 inguru hurbilekoek. Arreta hori aurrez aurre, telematikoki, linean edo telefonoz ematen da, eta teknikariak biktima dagoen lekura joateko prest daude, zerbitzuaren lurralde-estaldura bermatzeko. Eskainitako zerbitzuei dagokienez, laguntza psikologikoa eskatu da gehien, lege-aholkularitzaren ondoren, eta, azkenik, gizarte-langilearen laguntza.
3282