Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Harkaitz Millanek Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatu kargua hartu du

Harkaitz Millanek Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatu kargua hartu du

Diputatu berriak gaur goizean hartu du karguaren jabetza Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregiko harmailadian egindako ekitaldian, non lepoko bereizgarria jaso duen. Ondoren, bere lehen diputatu kontseiluan parte hartu du.

Harkaitz Millan: «Gipuzkoako kultur politikak begirada irekia behar du, gure pluraltasuna balioan jartzeko».

 

Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatu berriak kargua hartzean nabarmendu duenez, bere agintaldian hurbil egongo da gizarte eragile guztiengandik, beraiek baitira Gipuzkoako aniztasunaren adierazgarri  kultura, nazioarteko lankidetza, gazteria eta kirolaren esparruan. Ildo horretan, foru arduradunak hitz eman du ate irekien politika egingo duela, eta bere agintaldiaren lehen asteetan harremanetan jarriko dela kultur erakunde, gobernuz kanpoko erakunde eta kirol klub nagusiekin eta, oro har, bere departamentuaren eskumeneko eremuetan diharduten herritarren elkarteekin.

 

Era berean, Millanek azpimarratu du Gipuzkoako gizartearen aniztasunak isla izan behar duela lurraldeko kultur politiketan: «Gipuzkoa plurala da, eta beharrezkoa da bere aniztasuna kultur politiketan agertzea». «Garai hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa da sentsibilitate guztiak hartzen dituen begirada bat izatea, aurreiritzi eta estereotipoetatik urrun dagoena, gure aniztasuna balio aberasgarri gisa ikusten duena, elkar ezagutzen laguntzen diguna eta gure desberdintasun legitimoak errespetatzen dituena». Printzipio horiek funtsezkoak dira balioetan oinarritutako kultura sustatzeko, betiere gure gizartea hobetzeko eta gure bizikidetza demokratikoa sendotzeko baliagarri izango dena.

 

Harkaitz Millan, 40 urteko donostiarra, Historian lizentziatua da EHUn.  Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluko kidea da, eta Donostiako Udaleko Turismo, Bultzada Ekonomiko, Merkataritza eta Ostalaritzako zinegotziaren aholkulari izan zen 2015etik 2016ra bitartean. Bere ibilbide akademikoan, 2007 eta 2015 artean, historia, artearen historia eta geografia irakatsi zituen batxilergoan.  Gaur egun, Eusko Ikaskuntzako bazkidea da. Halaber, Gipuzkoako PSEko Kultura eta Euskara alorreko idazkaria da, eta Donostiako Enrique Casas talde sozialistako kidea.

 

Millanek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuaren kargua hartu du Basquetour agentziatik igaro ondoren;  bertan, Eusko Jaurlaritzako Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria izan da hiru urte baino gehiagoz.

 

  

2553