Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hernaniko egoitzako bi erabiltzailek positibo eman dute COVID-19an azken orduetan

Hernaniko egoitzako bi erabiltzailek positibo eman dute COVID-19an azken orduetan

Bederatzi dira COVID-19an positibo emanda dauden adineko pertsonak lurraldeko egoitzetan, eta 32 langile.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, azken 24 orduetan Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroko bi egoiliarrek positibo eman dute COVID-19an, eta, beraz, bederatzi dira gaur egun adinekoen egoitzetan positibo emanda dauden egoiliarrak: sei Donostiako Hermano Garate – San Ignacion eta hiru Hernaniko Santa Maria Magdalenan. Bestalde, Mendozak azaldu duenez, egun 32 dira COVID-19an positibo emanda dauden langileak, eta 11k jada gainditu dute gaixotasuna.

Asteartero bezala, bozeramaileak Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen sareak COVID-19ri dagokionez bizi duen egoera errepasatu du, Gizarte Politiken Sailak bildutako datuetan oinarrituta:

Egun bederatzi dira adineko pertsonen egoitza-zentroetan COVID-19an positibo emanda dauden egoiliarrak: horietako sei Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitza-gunean, sektore berekoak egoitza barruan, eta hiru Hernaniko Santa Maria Magdalenan, jantokiko kideak direnak. Bi dira ospitaleko arreta behar dutenak eta ospitaleratuta daude, eta gainerako zazpiak Eibarko Ospitaleko gizarte-etxera eraman dira, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentrora. Joan den abuztuaren 11n erabiltzaileen artean lehen COVID-19 kasu positiboa atzeman zenetik, bi lagun hil dira. Gipuzkoako sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu guztira.
Gaur egun, 32 dira diagnostiko positiboa duten egoitzetako langileak, eta 11k gainditu dute gaixotasuna.
Erabiltzaileen irteerak aldi baterako eta prebentzioz etenda daude honako egoitza hauetan: Mikel Deuna (Mutriku), San Martin (Azpeitia), Sanmarkosene (Errenteria), Hermano Garate – San Ignacio, Berminghan, Txara I, Txara II, Aldakonea, Alai-Etxe, Berio eta La Paz (Donostia), Atsobakar (Lasarte), Santa Maria Magdalena (Hernani), Caser Residencial Anaka eta Ama Xantalen (Irun), San Gabriel (Hondarribia), eta Argixao (Zumarraga). Irteerak ere etenda daude Arrasateko Benito Menni gizarte unitatean.
Egoitzetan bisitak kasu positiborik ez duten Gipuzkoako zentro guztietan egin daitezke, eta bisita bakoitzeko pertsona bat sartu ahal izango da, bisita bat egunean, eta ez da zertan pertsona bera izan beharko bisita guztietan, Osasun Sailaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduan xedatutakoaren arabera. Neurri horiek ez dira aplikatzen bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonen kasuan.
Eguneko zentroen egoerari dagokionez, aurreko astean bi kasu positibo eman ziren Elizaranen eta Aiton-Etxen, eta PCR probak egin ondoren, 9 gehiago antzeman dira Elizaranen, eta bat gehiago Aiton-Etxen. Joan den astetik itxita daude bi zentroak. Gainera, honako instalazio hauek ere itxita daude prebentzioz, komunitateko egoera dela eta, langileen artean positiboak daudelako, edo erabiltzaileen eta langileen artean kontaktu estuak atzeman direlako: Mutriku, Azpeitia, Azkoitia, Sanmarkosene eta Olibet (Errenteria), Argixao (Zumarraga), Caser Betharram (Hondarribia), La Paz, Rezola, eta Aldakoneako eguneko zentroko modulu bat (Donostia), eta Caser Anaka eguneko zentroko beste modulu bat. Eguneko zentroak irekiko dira, egin beharreko probek eta komunitatearen kutsadura-egoerak ahalbidetzen duten heinean.
Gipuzkoako gizarteratze-sarean sei kasu positibo daude. Aldundiak 54 baliabide ditu eremu horretan, 225 egoitza-plaza eta 192 plaza etxebizitzetan, guztira.
Adingabeentzako egoitza-zerbitzuetan ez dago kasu positiborik. Zerbitzu horiek 400 adingabe artatzen dituzte guztira.

Eider Mendozak gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabeko alerta, prebentzio eta zaintza sistema bat du martxan, Txoke Planaren eta Zaintza eta Alerta Sistemaren bidez, birusaren irismena denbora errealean prebenitzeko eta ezagutzeko helburuarekin, eta hartu beharreko neurriak ahalik eta lasterren hartzeko.

Tresna "eraginkorrenetako" bat, higiene eta segurtasun neurri guztiez gain, prebentziozko PCR probak egitea da, modu masiboan. Abuztuaren 28ra arte, bozeramaileak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, DYAko profesionalekin lankidetzan, 9.676 PCR proba egin ditu guztira, 1.866 joan den astean (756 erabiltzaileen artean eta 1.110 langileen artean): "Horrek ia denbora errealean ematen digu Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen sareko egoeraren argazkia, zeinak kolektibo ahulenei arreta ematen dien; eta azkar erantzuteko aukera ematen digu, birusari aurre egiteko gakoetako bat", nabarmendu du.

Bozeramaileak gaineratu du, 21 egoitzetan langileen artean kasu positiboak izan badira ere, bi zentrotan daudela erabiltzaileak positibo emanda. "Gure lehentasun nagusia da birusaren ondorioetarako ahulenak diren pertsonak babestea eta zaintzea; horregatik, etengabeko alertan jarraitzen dugu, baita prebentzioko, aurrea hartzeko eta erantzun azkarreko neurriak zorrozten ere lurraldeko gizarte-zerbitzuen sistema osoan".

  

1555