Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Herritarrei energia alorreko arreta pertsonalizatua emango die Tolosaldeko bulego birtualak

Herritarrei energia alorreko arreta pertsonalizatua emango die Tolosaldeko bulego birtualak

Tolosaldean energiari buruzko informazioa eta doako online aholkularitza eskaintzen duen zerbitzua jarriko da martxan.

2021/12/15
Foto Herritarrei energia...

Tolosaldean kultura energetiko berri bat sortu asmoz, energiari buruzko informazioa eman, eraldaketarako sentsibilizatu eta formazioa sustatzeko lanean dabil Tolosaldea Garatzen, udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuarekin batera. Halaxe dago jasoa garapen agentziak koordinatzen eta dinamizatzen duen eskualdeko Energia Estrategian.

Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziak, eskualdeko energia-plana bultzatzeko sinatu duten urteko hitzarmenaren barruan kokatzen da ekimen hau, energia-pobreziari aurre egiteko eta Tolosaldean energia-eredu jasangarria sustatzeko. Horretarako, Foru Aldundiak 50.000 euro jartzen ditu eskualdean.

Bulego birtualaren sorrera beste urrats bat izango da norabide horretan, eta bi lan-ildo nagusi izango ditu: energia-pobreziaren murrizketa edota prebentzioa, batetik; eta energia kontsumoaren optimizazioa, bestalde.

Horretarako, energia alorreko informazio erabilgarria emango du webguneak, baina ez hori bakarrik: eskualdeko herritarren zalantzak argitzeko eta trantsizioa gauzatzen laguntzeko aholkularitza pertsonalizatua ere emango du, adituen laguntzarekin, gero eta garrantzia eta ardura handiagoa hartzen ari baitira energia gaiak gure egunerokoan.

Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Gipuzkoako foru diputatuak azpimarratu duenez, “koordinatutako eragile guztien ekimenek ahalbidetuko digute Gipuzkoan energia-eredu berri baterako bidea egitea eta unean-unean erabakirik egokienak hartzen laguntzeko prest dauden herritar jakintsu eta ahaldunduekin. Eta hori funtsezkoa da, herritar horiek izango baitute etxeetan eta ekoizpen-sektoreetan egin beharreko aldaketek eragiteko aukera, eta, azken batean, lurraldeko energia-trantsizioa ahalbidetuko dutenak”.

Nagusiki lau esparrutan banatuko da zerbitzua:

Energia fakturaren inguruko aholkularitza

Argindarraren fakturan eta fakturazioaren analisian sartutako kontzeptuak ulertzen laguntzea. Azterketa pertsonalizatua, gastu elektrikoa murriztera bideratua. Dauden tarifei buruzko informazioa ematea eta egokiena zein den aholkutzea.

Energia-izapideetan laguntzea

Energia-konpainiekin eta administrazioarekin laguntzak, isunak eta kudeaketak izapidetzen laguntza eta kudeaketa: bonu soziala, potentzia-aldaketak edo merkaturatzea, aparteko zerbitzuak kentzea, tarifa-aldaketak, hobariak eta zerga-salbuespenak, birgaitzerako laguntzak, etab.

Eskualdean energia berriztagarrien ekoizpena

Partikularrei eta bizilagunen komunitateei energia berriztagarriak instalatzeko proiektuei buruzko aholkularitza ematea: beharren azterketa, kostuak, zer laguntza dauden eta neurri fiskalei buruzko informazioa, etab. Ekimen energetiko kolektiboen inguruan informazioa eta aholkularitza ematea, esparru horretan diharduten eragileekin koordinazioan.

Jasangarritasun energetikorako aholkularitza

Energia-kontsumoaren ohiturak hobetzeko jarraibideak, energiaren erabilera arrazionalizatzeko eta etxebizitzen energia-gastuan aurrezteko. Etxebizitzen ikuskaritza sinpleak, eta etxebizitzen birgaitzerako prozesuetan laguntza. Formazio-ekintzak eta kontzientziazio-kanpainak martxan jartzeko ere aholkularitza pertsonalizatua emango da, herritarren jasangarritasun energetikoa bilatzeko.

Gisa honetako zalantzak argitzeko, tolosaldekoenergiabulegoa@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da, eta gaian aditua den teknikari batek erantzungo du.

Bulego birtuala herritarrei eta eskualdeko saltokiei zuzenduta dago. Hasiera batean, urtarrila amaierara arte izango da martxan, eta jasotako erantzunaren arabera, 2022. urtean jarraipena izatea baloratuko da.

  

282