Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Herritarren Batzarrak bere lehen deliberazio prozesua amaitu du, klima aldaketaren aurkako ekimen aitzindariak aktibatuta

Herritarren Batzarrak bere lehen deliberazio prozesua amaitu du, klima aldaketaren aurkako ekimen aitzindariak aktibatuta

Baserritar Misto Profesionala bezalako ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako prozesu honen emaitza dira. Herritarren Batzarrak klima aldaketaren erronkari erantzun nahi dio, lehen sektorea bultzatuz. Zozketa zibikoaren bidez aukeratutako 32 gipuzkoarrek proposamen batzuk egin dituzte ekimen honen baitann, eta 2027an osorik betetzea aurreikusten da.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazaritza jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko? Galdera horren inguruan, 32 gipuzkoarrek gogoeta egin dute 2022an Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Herritarren Batzarra abian jarri zenetik. Atzo iluntzean, zozketa zibiko bidez eta lurraldeko herritarren aniztasuna ziurtatzeko hainbat irizpideri jarraituz aukeratutako herritar hauek berriro bildu ziren, Foru Jauregian, egindako amaierako saioan, prozesuan parte hartu duten hainbat eragilerekin batera, bai eta bidelagun izan diren Arantzazulab eta Telesforo Monzón eLabeko kideekin ere. Itxiera saio honetan parte hartu zuten Eider Mendoza diputatu nagusiak, Irune Berasaluze Gobernantzako foru diputatuak eta Arantxa Ariztimuño Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendariak.

Aldundiak ekimen aitzindari hau jarri zuen martxan Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, gobernantza kolaboratiboan oinarritutako politika publikoak garatzeko helburuarekin. Prozesu honetan, herritarrek aktiboki parte hartzen dute ekimenak eta politikak lantzen eta eraikitzen. Orain arte egindako lanari esker, Herritarren Batzarra Europako erreferente bihurtu da, eta OECD bezalako erakundeek praktika on gisa aitortu dute.

Eider Mendoza, diputatu nagusiak amaierako saioan parte hartu zuen bere hitzetan, “Herritarren Batzarraren bidez, demokrazia deliberatiboan aurrerapauso bat ematen dugu, erakutsiz posible dela elkarlanean aurrera egitea herritarren proposamenak herritarren ongizate integrala bultzatzen laguntzen duten benetako ekimen bihurtuz”. Mendozak Herritarren Batzarraren jardun “berritzaile eta eredugarrian” jarri zuen azpimarra eta, gaineratu zuen, “horrelako prozesuek gero eta garrantzia handiagoa izango dute Gipuzkoaren gaur egungo eta etorkizuneko desafioei aurre egiteko garaian”.

“Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan abian jarriko egitasmo hau bidegilea da eta herri politiken eraikuntzan herritarren inplikazioa eta partaidetza areagotzeko bide egingarri eta berritzaile bat planteatzen du. Ildo horretan, Aldundi gisa dugun konpromisoa da horrelako ariketak sustatzen jarraitzea, non herritarrak herritarren politiken erdigune bihurtzen diren, ez soilik emaitzen ikuspegitik, baita haien sorreratik eta garapenetik ere”, adierazi zuen Mendozak.

Foru diputatuak eskerrak eman zizkien prozesuan parte hartu zuten kide guztiei, Aldundiarentzat eta, oro har, gizartearentzat funtsezkoa den eremu batean, hau da, lurralde oreka berdean, egindako ekarpen garrantzitsuagatik.

Lau asteburutan, 2022ko azarotik 2023ko urtarrilera bitartean, hautatutako pertsonek 40 orduko prozesu deliberatibo batean parte hartu zuten. Saio horietan, parte-hartzaileek informazioa jaso zuten lehen sektoreak klima aldaketa bezalako erronkei aurre egiteko funtsezko eragile gisa duen zereginari buruz. Ildo horretan, parte hartzaileek bederatzi gomendio eztabaidatu eta adostu zituzten- Horien artean nabarmentzekoa da Baserritar Misto Profesionalaren figura sortzea. 2025eko otsailean programaren lehen deialdia zabaldu zen, eta aste honetan ekimenak izandako harrera ona eta herritarrengan duen interesa aintzat hartuz, deialdi berri bat ireki du Aldundiak.

Foro honetan planteatutako beste gomendio batzuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea, baso kudeaketa sustatzea eta landa jabeei konpentsazio ekonomikoa ematea zerbitzu ekosistemikoei egiten dieten ekarpenagatik, bai eta balio horiek gizartean zabaltzea ere. Ildo horretan, gaur egindako saioak balio izan du planteatutako ekimenen gauzatze mailaren berri emateko, hauetako asko Baserritar Misto Profesionala bezala gaur errealitate bat baitira, eta beste ekimenen inguruan emandako aurrerapausoen berri emateko, izan ere 2027ari begira proposatutako ekimen guztiak errealitate bihurtzea espero da.

  

3857