Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Herritarren partaidetza bultzatzeko praktika onak partekatu dituzte Aldundiak eta lurraldeko udalek

Herritarren partaidetza bultzatzeko praktika onak partekatu dituzte Aldundiak eta lurraldeko udalek

Etorkizuna Eraikiz Gunean elkartu da gaur Herritarren Partaidetzarako Erakunde Arteko Espazioa, lan lerro berriak identifikatzeko

2019/10/11

Foru Aldundiko ordezkariak eta Gipuzkoako alkate, zinegotzi eta teknikariak Etorkizuna Eraikiz Gunean elkartu dira gaur, Herritarren Partaidetzarako Erakunde Arteko Espazioaren testuinguruan, herritarren partaidetzari bultzada berri bat eman ahal izateko esperientziak trukatu eta lan lerro berriak identifikatu asmoz. Erakunde arteko sare hau aitzindaria da Estatuan eta herri mailan partaidetza dinamikak sendotzea du helburu, horretarako eredu arrakastatsuak sustatuz.
Atzo eta gaur egindako topaketan partaidetzarako foru programa aurkeztu dute eta Gipuzkoako herrietan martxan jarritako hainbat esperientzia eman dituzte ezagutzera. Parte-hartzaileek, modu horretan, eraginkorrak izan diren hainbat praktikaren berri izan dute herri txikien, aisialdiaren eta etxebizitzaren alorretan, besteak beste. Gainera, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Administrazioa eta Zientzia Politikotako katedradun Quim Brugueren hitzaldia entzun ahal izan dute.
“Etengabeko ikasketa eta irizpide-baterakuntza" funtsezkoak dira gizartearen aldaketetara eta eskaeretara modu arrakastatsuan egokitzeko, eta prozesuak hobetzeko, Gobernantzako diputuaren iritziz. “Zer egiten den bezain garrantzitsua da nola egiten den. Partaidetzan, ezinbestekoa da konpromisoak eta joko-arauak behar bezala definitzea. Asmatzeko, oso garrantzitsua da berritzea eta besteek egiten dutenetik ikastea”, azaldu du.
“Ezinbestekoa da herritarren partaidetzako bitartekoetan sakontzea Euskadiko toki esparruan gobernu ona finkatzeko. Politika egiteko modu berri baten aurrean gaude, politikak eta legeak herri mailan sustatu, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzeko zereginetan herritarrek izan behar duten protagonismoan oinarrituta. Eta Aldundiak bere gain hartzen du udalerriei laguntza eta lankidetza emateko konpromisoa”, berretsi du foru bozeramaileak.
Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioa 2017an sortu zuten eta modu autonomo eta independiente gisa funtzionatzen du. Tokiko erakundeen diru-laguntzez arduratzen da, lehentasunezko ekintzak identifikatuz; herritarren partaidetzarako programak bultzatzen ditu; formakuntza programak, jardunaldiak, topaketak, foroak, mintegiak, eta tailerrak bultzatuko ditu.  
Zeregin nagusienetako bat zailtasun gehien dituzten udalei, bereziki 5.000 biztanle baino gutxiagokoei, “era guztietako laguntza, aholkularitza teknikoa eta baliabideak” eskaintzea izango da, entzute aktiboen eta herritarren partaidetzaren politikak modu eraginkorrean gauzatu ahal izateko. Laguntza hori ekintza hauetarako erabiliko da, besteak beste: herritarren partaidetzako erakundeen erregistroak egiteko; udal araudiak edo ordenantzak prestatzeko, elkarlaneko gardentasun programak garatzeko, eta datu irekiak eskaintzeko.
Espazio honen ezaugarri nagusietako bat da sarean lan egitea, ezagutza partekatzea eta esperientzia praktikoak.

  

1651